Asteroko buletina
Maiatzean euri, uzta jori.

Zuhaitz bakartuena eta zorigaiztokoena

Sahara basarmortuaren hegoaldean, Ténéréko eskualdean, akazia batek iraun zuen urte luzez, 400 kilometroko inguruan beste zuhaitzik ez zuela. Zein zen sekretua? Akuifero bat eta inguruko nomadentzat tabua izatea, horra erantzuna. Harik eta kamioi batek bete-betean jo zuen arte.

Nagore  Irazustabarrena Uranga
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena

Donostian 1973an jaioa. 1997tik 2005era ARGIAko erredakzioko kidea izan zen, eta egun Denboraren Makina atala egiten du astero.


2020ko irailaren 16a
Ezkerrean, Ténéreko zuhaitza 1939an. Erdian, zuhaitz bera –edo geratzen zitzaion zatia– 1970ean. Eskuinean, gaur egun zuhaitza ordezkatzen duen metalezko egitura.

Ténéré eskualdea (egungo Niger), XVII. mendea. Sahara basamortuaren hegoaldeko zati hori gaur egun baino hezeagoa zen orduan eta, landaredia urria izan arren, han eta hemen zuhaitz batzuk hazten ziren. Basamortua idortu ahala, zuhaitz guztiak hil ziren, bat ezik. Hamarkada luzez, akazia batek bizirik iraun zuen eta munduko zuhaitz bakartuena izendatu zuten, 400 kilometroko itzulinguruan ez baitzegoen beste zuhaitzik.

Michel Lesourd, Saharako Aferen Frantziako Zerbitzu Zentraleko kide eta aliatuen misio militar bateko komandanteak 1939ko maiatzaren 21ean ikusi zuen Ténéréko zuhaitza: “Zuhaitza ikusi behar da existitzen dela sinesteko. Zein da bere sekretua? Nola egon daiteke bizirik, inguruan hainbeste gamelu izanda? (…) Gatzaren ibilbidea egiten duten tuaregek zergatik ez dizkiote adarrak mozten sua piztu eta tea prestatzeko? Erantzun bakarra da tabua dela haientzat. Superstizio moduko bat dago, tribuko agindu bat, beti errespetatzen dena. Akazia itsasargi bizia bihurtu da; Agadezetik Bilmara joan-etorrian dabiltzanentzat lehen eta azken mugarria”.

Beraz, azaletik gora tuaregak arduratzen ziren zuhaitza zaintzeaz. Lurpean aldiz, akazia bera arduratzen zen, inguru ankerrari egokitzeko gaitasun ikaragarria erakutsiz. 1939an bertan putzu bat zulatu zuten haren ondoan akuifero baten bila. Akuiferoa topatu zuten, baita zuhaitzaren sustraiak ere, 33-36 metroko sakoneran.

Henri Lhote frantziar etnologo eta esploratzaileak bitan ikusi zuen zuhaitza: 1934an eta 1959an. L’épopée du Ténéré liburuan, deskribatu zuen bigarren bisitan topatutakoa: “Lehen, zuhaitza berde eta loretan zegoen; orain, sasi koloregabe biluzia da. Ez dut ezagutu; lehen, bi enbor oso nabarmen zituen. Orain bakarra geratzen da, bestearen motzondoa albo batean duela. Zer gertatu zaio zorigaiztoko zuhaitzari? Besterik gabe, kamioi batek jo du, hura saihesteko nahi beste toki izan arren. Zuhaitz tabu sakratua, nomadek sekula minik egin ez ziotena, mekanikaren biktima izan da”. Edo zuzenago, zuhaitza jo zuen ibilgailu militarra gidatzen ari zen gizakiaren biktima.

Kalte handiak eragin arren, kolpeak ez zuen akazia hil. Harik eta 1973an beste kamioi batek bete-betean jo zuen arte. Zuhaitz hilari geratzen zitzaion enborra Niameira eraman zuten, Nigerreko Museo Nazionalera, eta haren ordez metalezko egitura bat jarri zuten basamortuan.

Duela 80 urte, Michel Lesourdek bere buruari galdetzen zion nola zen posible zuhaitza bizirik egotea. Orain, askok bere buruari galdetzen diote nola den posible 400 kilometrotan oztopo bakarra izan eta, behin ez, bitan jotzea. Duela 80 urte, bazirudien Ténéréko akaziaren egokitzeko gaitasunak ez zuela mugarik. Gaur egun, garbi dago gizakion kirtenkeria dela mugarik ez duena.

Ikusten banauzu, egin negar
Elba ibaiaren arroa, 1417. Lehorteak eraginda ibaiaren mailak nabarmen egin zuen behera, eta norbaitek ur maila markatu zuen harri batean, idazkun bat zizelkatuta: “Harri hau... (+)
Islandiak izoztu zuen Konstantinopla
Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere... (+)
Mikroplastikoak ondare arkeologikoan
York (Ingalaterra), K.o. II. mendea. Eboracum erromatar hirian hainbat egitura eta etxe eraiki zituzten. Besteak beste, egungo Wellington Rowen harrizko eraikin bat egin zuten eta... (+)
Erromatar ardoa ez zein hain txarra
Antzinako erromatarrek edaten zuten ardoa gaizki egina, gorputzik gabea eta zapore desatseginekoa zela uste izan da. Baina Gante eta Varsoviako unibertsitateetako ikerlariek Antiquity-n argitaratu duten... (+)
Nabigazioaren historiaren argazkia
2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora