Astelehenero 8:00etan zure epostan
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at sentitzen ditugun beste gure osagai batzuk ere elikatzen ditu. Elikadurak elikadura izateko elikadura intelektuala ere izan behar du, elikadura emozionala ere izan behar du, kontzientzia ere janaritu behar du eta baita inutuz estetika ere.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Buruntza inperiala (Fritillaria imperialis) orain landatzen da eta neguan loratzen.
Negua ez da urtaro hila baratzearentzat, axaleko begiratuan hala iruditu arren. Jakitik faltarik izango ez dugun itxaropenarekin, estetika janzteko, jar ditzagun, urrutira gabe, neguan bista behintzat alaitu eta txerbelduko diguten loreetatik. Deigarrienak eta errazenak lore ikusgarriak emango dizkiguten erraboilak dira. Lur azpian, erraboil askok hotza aprobetxatzen dute beren zikloa abiarazi eta bizkortzeko eta ia lorerik ez denean bere liliak eskaintzeko. Hori da haien alde egiteko onura: neguko paisaiaren terrenteria hausteko eta aurrea hartzeko eratuta daude.
Orain udazkenean landatzeak loreez gozatzeko aukera ematen dute hilabeterik grisenetako egun motzetan, zuhaitz eta zuhaixka gehienak azal gorritan daudenean. Baratzeetan, lorategietan eta loreontzietan, kolorea, formen egitura eta etengabeko alaitasun berdearen sentipena eransten dituzte erraboil horiek, eta hori bereziki ongi etorria da urtarriletik otsailera bitartean. Neguan, zart, zirrara bizia dakarte. Gainera, gogorrak dira eta ez dute premia edo lan berezirik behar, ezta etengabeko zaintzarik edo hotzetik aterpetzeko babesik ere. Izaera horrek guztiak aukera apropos bihurtzen ditu neguan ere arazorik gabe loraldi biziak nahi dituenarentzat.
Aukera izugarria da, bai landareetan, bai horien koloreetan: buruntza inperiala (Fritillaria imperialis), azafrai zangarraren senideak (Crocus spp.), hiazintoa (Hyacinthus spp.), neguko ezkilalorea (Galanthus nivalis), lilipa aratuste-lorea edo nartzisoa (Narcissus spp.), lirio nanoa (Iris reticulata), idi-bihotza (Tulipa spp.), baratxuri apaingarriak (Allium spp.), Nafarroan “ubikas de pastor” esaten diotenak (Muscari spp.), neguko otseria (Eranthis hyemale).
Aukeratu zure gustuko forma eta kolorea duten loreak eta lehenbailehen eskuratu erraboilak. Orain handiak eta gogorrak hautatu ditzakezu, gero kaskarrenak besterik ez dira izango.
Azkar landatu. Oraindik lurra beroa dago eta erraz errotuko dira, gero hostaje sarriagoa eta loraldi bikaina emateko. Landatzerako ongarri heldua edo oso zaharra eman lurrari, berririk ez, erraboilak usteldu egingo lituzke eta.
Azkar, orain landatzekoak dira buruntza inperiala, azafrai zangarraren senideak, neguko ezkilalorea, “ubikas de pastor”, neguko otseria, lilipa, lirio nanoa eta idi-bihotz berexiak. Geroxeago ere landatu daitezke, urte amaiera arte hiazintoa, baratxuri apaingarriak eta lore handiko idi-bihotzak.
Negu hotz bat jaioko den esperantzetan, antola ezazu lore kolore festa etengabe bat inguruan. Neguan eguna luzatzen hasten da, eta argitze horren musika ere adituko duzu loreetan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545