Otsailtxo laburrean, katarrak gau -lapurrean.

Libidoa euskaraz akuilatzeko


Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2021eko irailaren 09a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hosto txiki iletsuak ditu beheko aldean, eta 20-40 cm artean burua luzatzen du. Viagra bulgariarra esaten zaio, Sideritis scardica. Landare urdinxka da, ileek kolore urdinkara ematen diote eta. Mendi garaietako toki harkaiztsuetan bizi da eta horrelakoetan ibilia denak badaki eguzkiak zer-nolako erredura larriak sor ditzakeen goi horietan. Ileak hostoa eta zurtoina babesten ditu: itzala ematen die eta gehiegizko transpirazioaren ur galera hilgarria arindu. Zezen-hilketen zale espainiarren esaera da “ilea dagoen tokian poz-atsegina dago”, hil berriari moztutako belarria eskuan duen zezenketariaren bozkarioa adierazteko. Zezen plazatik plaza arruntetara egina du salto esaerak, eta sexu esanahi garbiarekin erabiltzen da. Zezenzale edo ez, viagra premia ere hedatua da.

Duela ez asko, lagun batek oparitu zidan landarea, eta pozez zoratzen nago; esker mila Fernando, Bedaioko Belanbro aldera. Ikaragarri dotorea da, eta, landare lagun berri bat ezagutzen dudanoro gertatzen zaidan gisan, bere nondik norakoak ezagutu arteko onik ez dut. Bulgarian hasten da istorioa, Rodope mendietan. Jatorri zabalagoa du, baina hortik dator gaurkoa. Metro erdia harrapatzen ez duen landare hori uda partean loratzen da, kolore horian eta eztiaren eta limoiaren arteko (edo bien) usainarekin. Mendi horietan bada bat Mursalitsa izena duena, landare xelebre hori aitzakia sonatua bihurtu dena.

Mursalitsako tea edo Mursalski tea esaten zaio Sideritis generoko landare honen urari. Bere osagaien artean, magnesioa, potasioa, selenioa, kobrea, burdina, zinka, kobaltoa, kaltzioa eta sodioa aipatzen dira. Min ugarirentzako erremedioa dela diote. Honela saltzen dute: “Antioxidatzailea da; hau da, gorputza arazten du. Tonifikazio efektuaz gain, anemiaren, mikrobioen eta hanturaren aurkakoa da. Odol-presioa baretzen duenez, bihotzekoa izateko arriskua murrizten du. Minbizi zelulak eta arterosklerosia garatzea eragozten du. Flabonoide ugari du, baita taninoak eta esentzia olioak ere bai. Medikuek arnas aparatua (eztula, bronkitisa) eta gernu aparatua tratatzeko gomendatzen dute. Bereziki eraginkorra da gernu-bideak eta prostatitisa, gibeleko gaixotasunak eta giltzurrunetakoak sendatzeko”. Itxura horretako aurkezpenarekin nork ez du nahi landare hori etxean?

Anatoli Alikovski urologoak (landare horren bertuteak urteetan aztertu dituenak) dioenez, "gizonezkoen sexu sistema zirikatzen eta adoretzen, libidoa akuilatzen eta ugaltzeko gaitasuna hobetzen ditu eta horregatik antzutasunaren aurkako erremedio naturala da". Ez dakiguna da berak egin dituen saioak edo beste lagun batzuekin moldatu ote den.

Euskal Herrian genero bereko sei espezie eta subespezie behintzat baditugu, eta horietako baten ura, Sideritis hyssopifolia, mendiko tea izenarekin ezagun xamarra da. Bulgariarraren antzeko eraginik ba ote du? Inork hartzen al du? Zakilixuti galdetu beharko diogu. Argigarria izan daitekeen aztarna bat: genero horretako inorentzako euskarazko izenik ez dut topatu...

Bioaniztasuna? Ez, biobakuntasuna
2026-03-09 | Jakoba Errekondo
Ikusgarria da paisaia. Garitzak berde daude. Laboreen lurraldeak bete-bete eginda eta aurtengo uraren emana eta noiz-nola izan den kontuan izanda, esan daiteke ondo bidean iazko... (+)
Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
gora