Urrian bota ongarri, araberan uzta berri

Landare: 34 urte elikadura ekologikoa arrakastaz ereiten

Iruñeko Arrotxapea auzoan eta Atarrabian (Nafarroa) ditu bere dendak Landarek, produktu ekologikoen kontsumitzaile elkarteak. 3.500 bat bazkide, helburu nagusi batekin: ekologikoan kontsumitzea, gertuko ekoizleekin, eta nekazari eta abeltzainekiko begirunezko elkarlanean. Euskal Herriko gisa horretako elkarterik handiena da –baita estatukoa ere– eta berriki hektarea eta erdiko baratze proiektuari ekin dio, lehenbizikoz hainbat barazkiren ekoizpena bere gain hartuta.

 


2026ko abuztuaren 03a
Bazkide batzuk haien erosketak egiten Arrotxapeko Landareko dendan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arrotxapeko denda bor-bor betean da 08:30etan, baina ez bezeroz, langilez baino. 10:00etan irekitzen dute saltokia eta dena behar bezala egon behar da bazkideak erostera sartu orduko. Bazterrak garbitu, freskoak atera, txukundu, ordenatu... dena Susana Armendarizen gidaritzapean, bera da dendako arduraduna. Umore ona sumatzen da. Sartu eta eskuinera hainbat ogi mota, egunero ekartzen dute egin berria den bat. Aurrerago “plaza”, produktu freskoen gunea, barazki eta fruta koloretsuz betea: “Ez duzu aurkituko Iruñerria osoan halako eskaintza zabalik ekologikoan”, diosku Goiatz Goñik, Landareko produktu freskoen arduradunak. Amu bikaina, zalantza barik, bezeroa erakarri eta gainerako produktuak ere saskira ditzan. Bost pertsona ari dira lanean barazkien sailean: “Lan handia da –jarraitzen du Goñik–. Denetariko jendea dator eta ekologia kontuetan modak ere asko egiten du. Produktuetan ere bai, orain ahabia oso modan dago, ez zahartzeko irabiakiak egiteko, adibidez”, dio irribarre ironikoarekin.

Ogien aurrean denetariko zerealak dira, eta bien erdian gailetaz betetako irla bat; “plaza”ren atzean arno eta bestelako edariak. Hozkailu ilara galanta ezker aldean, erdian garbiketa produktuen eskaintza zabala... Etxean behar den oinarrizko dena dago eskura. 

Gaur egun bi denda ditu Landarek, bata Iruñeko Arrotxapea auzoan eta bestea Atarrabian. Iruñerria osoko bazkide-bezeroak hurbiltzen dira haietara. 3.500 bat bazkide, 3.000 produktutik gora salgai, 33 langile... proiektu esanguratsua da Landare; Iruñerriko elikagaien erosketan badu bere kuota txikia, eta kuota handia produktu ekologikoei dagokienez, esaterako, 2023an Nafarroako produktu ekologikoen %14a zuen. 

Barazkia eta fruta dira Landareko produkturik garrantzitsuenetakoak (Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA)

Gizartean aski zabalduta dago produktu ekologikoak bestelakoak baino garestiagoak direla, eta ohikoan hala da, baina Landaren ez, ez behintzat barazki, fruta eta gertuko produktuetan. Horietan ez dute bitartekaririk, eta horrek produktu freskoak beste denda anitzetan baino merkeago eskaintzea ahalbidetzen dio. Funtsean, bazkideak etxeko saskia Landaren bertan betetzea dute helburu, ahal den neurrian gertuko hornitzaileekin, eta hori ezin denean, bitartekarien bidez. Denda hamar orduz irekita dute, eguerdian ere bai. Bazkideen erdiak gehiago erosten ditu eguneroko produktuak, eta beste erdiak erosketa orokorragoa egiten du. Goñik azpimarratzen duenez, galdera klabea zera da: “Zenbat gastatu nahi dugu ongi jaten?”.

Bazkide bakoitzak 50 euro ordaintzen ditu elkartera sartzeko, eta ondoren 40 euroko kuota urtero. Horrez gain, inongo arauditan idatzita ez badute ere, bazkide bakoitzak beste lau bat pertsonari eman diezaieke bertan erosteko baimena. Bazkide guztiek bi orduko lan boluntarioa eskaini behar diote elkarteari urtean: dendan lagundu, itzulpenak egin, baratzean aritu... lagungarria den zernahi. Lan boluntarioa egiten ez duenak hogei euro ordaindu behar ditu urtean, eta multzo hori gehiengoa da. Gaur egungo gizartean militantziak atzera egin du, eta Landare ez da salbuespena. Alabaina, esaten da ez dela gaitzik onik ez dakarrenik, eta kasu honetan bederen hala da: gehiengo handiari dagokio hogei euro ordaintzea eta, hortaz, Landarek diru hori ere baliatzen du urtero bere finantzak orekatzeko. 

Ilargi betearen itzalean sortutakoa
Txema Lakuntza Landareko kudeatzailea da azken hiru urteetan eta hark azaldu dizkigu elkartearen printzipio nagusiak: “Lehena ekoizleak babestea da, bereziki gertukoak. Bigarrena, langileek baldintza onak izatea: 35 orduko lan-astea dute, 32 eguneko oporrak eta REASen diren soldatak. Hirugarrenik, irabazi asmorik gabeko elkartea gara, baina gutxieneko irabaziak behar ditugu proiektuaren jasangarritasunerako eta kontsumitzaileari ahalik eta prezio egokiena jartzeko”.

1992an abiatu zen proiektua Iruñeko Donibane auzoan. Landareren 30. urteurrenean egindako bideoan, sortzaile taldetxo batek zehaztasun handiz azaltzen ditu une haiek. Hasierako 30 bazkide haietakoa da Andoni Romeo eta kontatzen duenez, La Tortuga Perezosa (Dortoka nagia) taldean aritzen ziren batzuek abiarazi zuten ekimena: “Ilargi beteko gauetan bizikletaz abiatzen ginen taldean Iruñerriko hainbat gunetara, eta horietako afari batean atera zen produktu ekologikoak kontsumitzeko proiektua, Landare”. Fundatzaileek zehazten dutenez, baziren produktu ekologikoak saltzen zituzten toki gutxi batzuk Iruñean, baina toki bakar baten beharra ikusten zuten, non nekazariekin zuzenean arituko ziren eta, ahal zen neurrian, bitartekaririk gabe, produktuak ahalik eta merkeen erosteko.

3.500 bat bazkide, 3.000 produktutik gora salgai, 33 langile... proiektu oso esanguratsua da Landare Euskal Herriko elikadura ekologikoaren munduan. (Argazkia: Xabier Letona / ARGIA CC BY-SA)

Esan eta egin, baina hastapen haietan bapo kostata. Iruñeko Donibane auzoan hasi zen lehen saltokia, langile bakar batekin, Susana Armendariz, oraindik ere Landaren lanean jarraitzen duena, erreportajearen hasieran ikusi dugun moduan. Gero Arrotxapera jo zuen Landarek, Bernardino Tirapu kalera, eta hamarraldiaren erdialdera Joaquin Beunza kalera. 2000ko hamarraldian izan zuen hazkunde handia. Zoramen txikia izan zela gogoratzen dute hainbat bazkidek, produktu falta, pertsonal falta... baina arrakastaz atera zen aurrera. Behi eroen urteak izan ziren, eta beste hainbat faktorerekin batera, horrek ere herritarren artean ongi elikatu beharraz kontzientzia piztu zuen. 2010aren bueltan ireki zuten Atarrabiko saltokia.

Romeok elkarteko bigarren bazkide zenbakia du, sortzaileetakoa da eta hastapenetatik dabil proiektuan. 1990eko hamarkadaren hasieran nekez pentsa zezakeen proiektuak halako ibilbidea egingo zuenik. Oso pozik dago egindako ibilbidearekin: “Jakina, ni urrutiago joango nintzateke, baina denborarekin ideologia gutxiago duen jendea ere sartzen da, prezio merkeagoa nahi duena. Nik, adibidez, gehiago egingo nuke hondakinen esparruan: produktu soltean nahiko ongi ari gara, baina ontziekin okerrago gabiltza, oraindik Jauregiako esnekien ontziak bakarrik dira joan-etorrikoak”. Etorkizunaz ere galdetu diogu: “Ez dakit nolakoa, baino etorkizun argia ikusten diot Landareri. Antzematen dudan arazorik handiena bazkideen inplikazioa da, Zuzendaritza Batzordean aritzeko jendea izatea. Baina tira, hori elkarte gehienetan gertatzen ari da”. 

Biltegi-saltoki beharra

Landareko dendak Iruñerriko iparraldean –Arrotxapean– eta ekialdean dira –Atarrabian–, eta egia erran, Iruñerria osoko bazkideak ditu. Alta, bada hutsunerik eskualdearen mendebaldean, eta han jende franko bizi da. Edo, askorentzat, hutsunea da Iruñea barreneraino sartzea. Orduan? Aspaldiko hausnarketa da Landaren: zer egin, Landare handitu ala Landare gisako beste proiektu batzuk sor daitezela han-hemenka? Orain arte, Landare handitu egin da, baina horrek ere bere mugak ditu, oraingo dendak ez baitira egokiak askoz jende gehiago hartzeko.

Horregatik, oraingo irtenbidea biltegi-salmenta gune bat izan liteke. Biltegiarekin buru-belarri ari dira, oraingoa txiki geratu zaie eta: “Ez dugu tokirik –diosku Fernando Ustarroz elkarteko lehendakariak– eta horrek esan nahi du gutxiago erosi behar dugula eta, beraz, garestiago. Horrez gain, Nafarroako jende asko kexu da hiriraino sartu behar delako, eta izango bagenu biltegi-salmenta gune hori poligonoren batean-edo, non ez legokeen aparkatzeko arazorik, hori zerbitzu handia litzateke bazkidearentzat. Hori da gaur egungo gure lehentasuna”.

Fernando Ustarroz, Landareko Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria, Arrotxapeko dendan (Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA)

Fernando Ustarrozek zortzi urte daramatza Landareko bazkideen Zuzendaritza Batzordeko lehendakari, boluntario gisa. Batzordeko denak dira boluntarioak. Lan boluntarioa elkartearen ardatzetakoa da, baina bistan da dena ez dela boluntarioa halako elkarte batean. “Frantzian gurea moduko proiektu ugari boluntarioen lanaren gainean oinarritzen da. Baionako Otsokop da horren erakusle, han bi langile besterik ez dira eta gainerakoak boluntarioak, eta proiektua arrakastaz ari da. Guk, aldiz, hasieratik argi izan dugu Landarek hazi egin behar zuela, eta beraz, horretarako langile profesionalak behar zirela”.

Oraindik hobetzeko eremu ugari antzematen dituzte, besteak beste, Landare gisako beste proiektu batzuekin elkarlanean aritzea erosketaren eremuan. Gasteizen BioAlai dago, 1.300 bat bazkiderekin, Baionan Otsokop, Labore Oarsok ere 1.300 bat bazkide ditu... baina beti ez dira aurrera ateratzen gisa honetako proiektuak, Bilboko Laborek 2022ko ekainean ateak itxi zituen; eta estatuko zaharrenak –Kataluniako Reuseko Brot– 140 bazkiderekin eusten dio. Ustarrozen ustez, instituzio publikoen inplikazioa ezinbestekoa da gisa honetako proiektuek aurrera egin dezaten, lokalak edo lurrak utzita, esate batera: “Azkenean, gu azoka modernoak gara”.

Juanma Intxaurrandieta mintzo zaigu beste proiektu horiei buruz. Sei urtez batzordekide izan zen, 2002ra arte, baina gaur egun ere laguntza ematen die batzordean lanean ari direnei. Besteak beste, antzerako proiektu horiek bisitatzen ari da Ustarroz lehendakariarekin batera. Elkarlanean aritzeko eremuen bila dihardute. Izan dira horiekin batera erosteko saioak, baina orain arte ez dira aurrera atera. Landareko produktu freskoen arduraduna den Goñik dioskunez, platano ekologikoa heltzeko gune bateratu bat izan daiteke elkarlan horietako bat: “Platano ekologikoa penintsulara urtean 2-3 aldiz bakarrik sartzen da, heldu gabea, eta gero bertako biltegietan heltzen da. Izan ahalko genuke platanoak heltzeko tokiren bat elkarrekin”. Ez da txantxa platanoaren kontsumoa gure gizartean, eta Landaren ere ez: denda osoan gehien kontsumitzen den produktua da, astero 1.200 bat kilo. 

Ekoizle txikiak, altxorra

Orain arteko lerroak jarraitu dituenak aski argi izango du ekoizle txiki-ertaina dela Landareren altxorra. Edonola, hiru printzipio nagusi ditu erosteko: produktuak ekologikoa behar du, gertukoa eta merkataritza justuari lotua. Erosten den bertako elikagaiaren marjina %10-%30 artean dago: ogia eta esneak %10 bakarrik dute, eta barazkiek %20. Marjina horiekin irabazten du Landarek.

Funtsean, gertuko nekazariek eta abeltzainek markatzen dituzte haien salneurriak Landaren, eta horregatik antzeko produktuek prezio desberdinak izan ditzakete. Hornitzaile mota aski desberdinak ditu Landarek. Esnearekin, adibidez, 25 bat behi dituen Aniz-eko (Nafarroa) Jauregia izan daiteke horietako bat, eta 300 behi inguru dituen Etxauriko (Nafarroa) Sarbil hornitzailea beste bat. Doi-doi ibili beharra dute prezioetan, eta zorrotzago jokatzekotan, banatzaile eta hornitzaile handiagoekin egin behar. Elikagaien salmentaren munduan marjinekin asmatzen ez duena gorriak bizitzera kondenatuta dago, eta asko dira horregatik negozioa ere itxi behar izan dutenak. Merkatua errukigabea da marjina kontuetan.

Zeren aurrean gauden irakurlea hobeto kokatzeko, hona hemen Landareri buruzko datu ekonomiko batzuk: 2025eko esplotazio kontuan salmentak bost milioi euro pasatxo izan ziren. Pertsonal gastua  milioi bat euroren bueltan da. 2025ean, 16.665 euroko galerak izan zituen, baina 2024an 48.000 eta 2023an 49.000 euro irabazi zituzten, hurrenez hurren.

Orain ekoizle ere bai: Eko Arantzadi 
Iruñerrian ondo finkatutako proiektua da Landare, baina mehatxuak ere antzematen dituzte etorkizun hurbilera begira. Horietako bat da nekazari munduan dagoen errelebo falta. Kezka horrek bultzatuta eta Iruñeko Arantzadiko Argaren meandroak eskaini dien aukera bat baliatuta, Eko Arantzadi baratze proiektua abian jarri dute. Iruñeko Udalak bazuen  sei urtez landu gabeko lursaila, Landarek begiz jo zuen eta udalarekin hitz eginda, horrek 25 urterako emakida egin dio lurrok nekazaritza ekologikoan lantzeko. Intiarekin eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin Europar Batasunetik jasotako 160.000 euroko inbertsioa egin dute bertan, Landa Garapenerako Plana medio.

Landarek Oscar Ibañez eta Alex Martínez baratzezainak kontratatu ditu, eta horiek iazko irailean hasi ziren lurra udaberrirako prestatzen. Sei urte landu gabe egon ondoren, ekologikoan landatzeko trantsizioa ezinbestekoa zen: lehen urrats batean ardi simaurra banatu zuten bi kolpetan, ondoren tarteko produktuak jarri zituzten lurra aberasteko –zekalea, besteak beste–, eta, azkenik, landatzeari ekin zioten, udaberrian eta bereziki udan, jasotzen hasteko. Ibañezen esanetan, alabaina, bi urtean “basamortuko zeharkaldia” egin beharko dute, “ohikoa da halako trantsizioetan".

Oscar Ibañez baratzezainaArantzadiko baratzean. (Argazkia: X. Letona / ARGIA CC BY-SA)

1,4 hektarea dituzte, hektarea bat aire libreko baratza izango da, eta gainerakoa negutegietakoa. Azken horietan harrapatu ditugu lanean Ibañez eta Martínez. Helburua bertako barazkiak ekoiztea da, mimoz, kantitateari baino kalitateari begira. Horretarako, dagoeneko elkarlanean ari dira Nafarroako Hazi Sarearekin, Eko Arantzadin haien haziak erabiliko dituzte eta sareak txoko bat izango du Arantzadiko lursailean bere hazitegia lantzeko. “Mundu honetan denok gero eta gauza berdinagoak jaten ditugunean, bertako haziak izatea luxua da, dio erabateko konbentzimenduz Ibañezek. Azken finean, gure identitatearekin ari gara lanean”. Piperra, tomatea, kalabaziña, luzokerra, patata, tipula... eta sasoiko beste hainbat produktu dituzte baratzean. Urtarrilean jaso zuten lehen uzta eta gogotik ospatu zuten saltokian lehen brokolia salduta. Erreportajea egiteko unean, ekainaren hasieran, laugarren uzta jasotzen ari ziren.

Proiektua, dena den, harago doa eta azken asteetan baratzezaintza ekologikoa ikasten ari diren zortzi gazte izan dituzte praktikak egiten. Ekoizpena eta heziketa izango dira espazioaren ardatz, eta horretan garrantzitsua izango da Etxezuria proiektua. Obretan ari den aldameneko eraikuntza da hori eta Arantzadira ikastera doazenen barnetegia izango da, Nafarroako sektore ekologikoaren unibertsitatea. Sustatzaileek argi eta garbi adierazten dutenez, bertako ekoizpenarekin ez dituzte kaltetuko gaur egun dituzten baratze ekoizleak.

Pozarren da Ibañez proiektuarekin. Nekazari familia izan du beti eta bera ere nekazaritzan ari da gaztetxo zenetik, gaur egun irakaskuntzan ere bai. Urte batzuetako geldialdiaren ondoren, Arantzadiko meandroa berriz nekazaritzarako berreskuratzen ari direla sentitzen du, elkarrizketaren pasarte batzuetan hunkitzeraino. Arantzadiko meandroa edertasunaren espazio kuttuna izan da beti hirian, baina garai batean Iruñeko familia aberats batzuek –Arraizatarrak, Irujotarrak...– gozatu dute hartaz, edo, besteak beste, Bilbo Handitik uda pasatzera etortzen ziren Ibarratarrek.

Baratzeko lehenengo brokoliak, iragan neguan. (Arg.: Landare)

2000ko hamarkadan Arantzadiko Parkea eraiki zen, ez ika-mikarik gabe. Parkeak ahalbidetuko zuen Iruñeko herritarrek eremua gozatzeko azpiegitura izatea, baina bestetik, hormigoiak espazio ugari kendu zien baratzeei. Edozein kasutan, Ibañez pozik ageri da Eko Arantzadik eta Iruñeko Udalak egin duten hitzarmenak meandroaren baratze identitatea indartzen duelako. Horregatik, Ibañezek dioenez, lurra zaindu, erein eta uzta jasotzeaz gain, berak dio “Arantzadiko meandroari duintasuna itzultzen” egiten duela lan. 


Biltegia, baratzea, bazkideak dinamizatzea... ez dira lan makalak Landare moduko elkarte batentzat.... Etorkizunari begira distopia bere lekua egiten ari den sasoi honetan, utopiak irudikatzen laguntzen dute Landare moduko proiektuek, non eta elikaduran, bizitzeko ezinbestekoena den alorrean. “Garai batean elikagai ekologikoen kontsumoa izan zen Landareren akuilu eta sortze arrazoia –amaitzen du Intxaurrandietak–, beste dendetan ez zegoen horrelakorik. Gaur egun ikuspegia zabalagoa da. Badira hiru alor funtsezkoak burujabetzaren ikuspegitik: elikadura, energia eta etxebizitza, eta gero eta menpekotasun handiagoa dugu. Horietan merkatuak engainatuko gaitu, eta estatuak ez digu ezer konponduko, beraz, goazen elikatzera bizilagunen elkarteak. Etorkizunean ez da nekazaritzarik izango ez bada ekologikoa”.

 

Danoneren eta Nestléren umeentzako jaki ontziak milaka mikropastikoz kutsatuta daude, Greenpeacek egindako ikerketaren arabera
Greenpeacek aste honetan eman du bere ikerketaren berri, eta bertan zehazten denez, plastikotan bildutako haurtxoentzako elikagai horiek polimero sintetikoen sarbide handia dira. Horietako errazio elikagai... (+)
Kuba "erregai erreserbarik gabe" geratu da
Iragan urtarrilaz geroztik AEBek inoizko blokeo zorrotzena daramate irlaren aurka, eta ondorioak gero eta larriagoak dira herritarrentzat: Vicente de la O Levy Energia eta Mehatze... (+)
“Hiru ipuinetan pertsonaiek askapen prozesuak bizi dituzte eta zerbait traditu behar dute beren buruarekin leialagoak izateko”
Jone Bordatok (Hazparne, 1984) urrian eman zuen argitara Erroen Izerdia (Elkar) ipuin liburua eta ostegun honetan aurkeztuko du Azkaineko Bil Tokin, 19:00etan, Azokaroa kari. Ekainaren... (+)
Biometanizazioaren olatuak azpian har dezake Nafarroa
Lehenago fotovoltaikoaren eta eolikoaren eztandak izan ziren moduan, orain biometanizazio planten txanda da Nafarroan, gehienak ekimen pribatutik bideratuak. Berez, berriztagarria da biogasa sortzeko prozesua, baina... (+)
Nafarroako Gobernuak behin-behinekoz atzera bota ditu Arroitz eta Sesmako biometanizazio proiektuak
Asteazken honetan Arroizko Udalak herrian biometanizazio-planta bat geldiarazteko eskaera onartu du foru gobernuak, eta ostegunean Sesman eraiki nahi den beste bati eman dio ezetza behin-behinekoz. (+)
gora