Haltzari ez eska fruituak.

Eskalatzaileen harrobian, harrobiek egindako zauriak osatzen

Atxarte, Untzillatx eta Astxiki kareharrizko mendi pikoen arteko haitzartea, Urkiolako parke naturalean, eskalatzaileen harrobi eta eskola ezaguna. Paraje ederrak dira, 
baina zauriak dauzka agerian, 1971tik 1995era bitartean ustiatu zituzten harrobietako jardueraren orbainak. Zartatutako pareta horiek, eta haien oinetan dauden hormigoizko horma eta azpiegitura herdoilduak, eskalatzaileek abiatutako borrokaren lekuko izan ziren 1990eko hamarkadan. Harrobiok ustiatzen zituzten enpresek leherketa gehiago egin ez zezaten, hamaka bat eskegi zuten lurretik 150 metrora, eta hasi ziren garaipen baten kronika idazten. Orain, 30 urte geroago, Atxarte lehengora ekarri eta birnaturalizatzeko helburuarekin, prozesu parte-hartzaileari heldu dio Abadiñoko Udalak (Bizkaia), EHUko Ekopol ikerketa taldea bidelagun hartuta.


2026ko abuztuaren 03a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

1990eko urriaren 26a zen, eskalatzaile talde batek hamaka bat eskegi zuenean Untzillatx mendiko Eguzkiarreko paretan, Atxarteko harrobien gainean. Haien asmoa zen bertan egunak eta gauak ematea, behar bezainbeste, txandaka, azpialdean ari ziren langileek eta makinek jarduera betiko eten arte. Urtebete lehenago izendatu zuten Urkiola parke natural, harrobiok babestutako eremuaren barruan zeuden, baina kareharria erauzteko lanak ez zituzten geratzen eta eskalatzaileek ingurua babesteko borroka abiatu zuten. Harrobiak Labargorriko horma suntsitzen ari ziren, Urkiolako parke naturala kaltetzen, eta horregatik eskegi zuten plataforma hura lurretik 150 metrora, inork ez zezan mendia dinamitarekin zartatzen jarraitu. Bolbora nola, halaxe hedatu zen Atxarte babesteko ekimena. Eskalatzaileei batu zitzaizkien mendizaleak, kolektibo ekologistak, kultur eragileak... Bolborak, baina, bolbora erakarri. Ertzaintza hainbatetan oldartu zitzaien eskalatzaileei, instituzioek ahalegina egiten zuten bitartean borroka hura desligitimatzeko.

Abadiño, Amorebieta-Etxano, Aramaio, Atxondo, Dima, Durango, Izurtza eta Mañariako lurrak hartzen ditu Urkiolako parke naturalak, 5.768 hektarea orotara Bizkaia hegoalde eta Araba iparraldean. Abadiñotik gora eginda daude Atxarteko harrobiak, herrigunetik lau bat kilometrora, Olondo jatetxea –Mendiola auzoan– igarota. 1971. urtean hasi ziren mendiok ustiatzen, suabe antzean lehenengo, makina indartsuagoen laguntzarekin azkarrago eta bortitzago gero. Bortitzegi, batzuen iduriko.

Horregatik erabaki zuten esku hartzea. Tokiko jarduerak babestu eta ingurumena defendatzea zuten helburu ekintzaileek, ondare natural, arkeologiko eta historikoa balioan jartzea, desobedientzia zibilaren bidez, indarkeriarik gabeko ekintza zuzena baliatuta. Hala kontatzen du Jabi Berasaluze Truebak, Urkiolaren Aldeko Batzordeko (UAB) kide izandakoak, 2015eko Astola Durangaldeko urtekarian, Atxarte 1990/91. Crónica de una lucha (“Atxarte 1990/91. Borroka baten kronika”) argazki-erreportaje ederrean.

"Egunak eman genituen inguruan zain, guardian, bagenekien-eta ertzainak edozein momentutan agertuko zirela", kontatu digu Txelu Angoitia argazkilari durangarrak,  Atera zituen argazkien artetik –Astola aldizkarian jasoak– honakoa hautatu du, esanahi berezia duelako. "Borroka polita izan zen", oroitzen du, "eta irabazi egin zen, gainera". / TXELU ANGOITIA

Esan dugu jada, eskalatzaileek piztu zuten txinparta, baina herritar eta eragile andana batu zitzaien UAB batzordean: mendizaleak, Gerediaga eta beste kultur elkarte batzuk, talde ekologistak (Petralanda, Elorrixa, Bizkaiko koordinakunde Ekologista...), inguruko herritarrak... “Ekimen kolektibo eta parte-hartzailea izan zen”, dio Berasaluzek. “Legez kontrakoak ziren jardueren aurka egin genuen, parke naturalen izaerarekin bat ez zetozen egoerak salatu; gehiengoaren interesen eta ingurumenaren aldeko mozorroa jantzita, irabazi pertsonala bilatzen zuten”.

Lau hilabete paretan zintzilik

UABko kideek 1990eko ekainean egin zuten lehenbiziko ekintza. San Antonio egunean, Urkiolako Santutegi inguruan esku-orriak banatu zituzten, eta autoei Pol Polerako pistan sartzea eragotzi. Gutxira, ekainaren 24an, Atxarte Bizirik kanpaina abiatu zuten, Untzillatx mendiko Eguzkiarreko paretan hamaka bat eskegita. Bi eskalatzailek gau eta egun ematen zuten han, 24-48 orduko txandetan, Atxarte SA eta Atxa Txiki SA enpresek leherketarik egin ez zezaten. Zenbait momentutan bigarren hamaka bat ere jarri zuten, ertzainek ez zietelako lehenbizikora gerturatzen uzten. Tarteka hormatik jaisten ziren, izan eguraldi txarragatik, ertzainek indarrez behartuta, edo pentsatzen zutelako administrazioak beteko zuela harrobiak ixteko hitza. Behin eta berriro igotzen ziren, baina. Orotara 226 egun eman zituzten eskalatzaileek paretan zintzilik, hainbat egun, aste edo hilabetez.

TXELU ANGOITIA

Ertzainek jarritako kontrolak saihestea ez zen, halere, sobera konplikatua, Iñaki Barcena EHUko Ekopol taldeko ikerlari eta Urkiola Bizirik-eko kide ohiak dioenez. “Mendizaleok eta eskalatzaileok haiek baino hobeto ezagutzen genuen inguru hori, eta arazo handirik gabe ibiltzen ginen gora eta behera”, kontatu dio Bittor Salterain Berria-ko kazetariari. Poliziaren presentzia nabarmena zen harrobi inguruetan, parke natural izendatu aurretik guardia zibilak egoten ziren han, leherketak izaten zirenean bidea mozteko; eta ondorengo urteetan ertzainak. Borrokak iraun bitartean polizia hainbatetan oldartu zitzaien manifestazio edota elkarretaratzeetan, baita pilotak jaurti ere, Barcenak oroitzen duenez. Ikustekoa izango zen, sugandila ipurterreen eta belatz handien arteko dema.

Untzillatxen badira bi pareta ezagun, Eguzkiarre –han jarri zuten eskalatzaileek hamaka– eta Labargorri. Labargorri moduan ezagutzen dira biak, eta borrokaren sasoian lehenbizikoa ere Labargorri bezala izendatzen zen ia beti. Horregatik idatzi dugu erreportajean bi eratara. Argazkian, eskalatzaile parea, hormaren magalean harrobia dutela. / PABLO GARITAONANDIA

Eskalatzaileak hamakan zeudenean, harrobietako langileak nerbioak airean ibiltzen ziren batzuetan, beldur zirelako lanpostua galduko ote zuten, Berasaluzek Astola urtekarian dioenez. Urkiolaren Aldeko Batzordeko kideek gogoan dute udalak kontratatu zituen aholkulariak harrobietako langileen protestak hauspotzen aritu zirela. 1990eko azaroan, enpresak jarritako salaketa medio, ertzainek agindua jaso zuten hamakara zioazenak atxilotzeko –desobedientzia larria leporatuta–. Bi lagun atxilotu zituzten, eta Durangoko polizia-etxera eraman, ostean aske uzteko. Horren aurrean, beste hamalau eskalatzaile komisaldegira bertaratu ziren,  eta deklaratu zuten, debekuaren berri izan arren eurak ere igo zirela hamakara, eta berriro saiatuko zirela igotzen, harrobiek eragindako kalte ekologikoa geratzea zutelako helburu. 400 lagunek baino gehiagok egin zuten bat autoinkulpazio kanpainarekin. Barcenak dio Abadiñoko Udala zela “kritika puntu nagusia”, udalbatzak legez kanpoko baimenak eman zituelako harrobia ustiatzen jarraitzeko.

Eskalatzaileek indarkeriarik gabeko desobedientzia-ekintzen bidetik jo zuten arren, protestak ETArekin lotu zituzten publikoki instituzioek, eta hedabideetan ere borroka desitxuratzeko asmoa zegoen 

Bien bitartean, protestak ETArekin lotu zituzten publikoki instituzioek, eta parkearen barruan kirola egitea (eskalada, parapentea, mendia) debekatu, Berasaluzek kontatzen duenez. Hedabide batzuek borroka desitxuratzeko asmoa zuten, gainera, Barcenaren hitzetan: “Esaten zuten gure jarrera biolentoa zela, baina gu beti ibili ginen aurpegia ematen, desobedientzia zibilaren bitartez. Gauzak oztopatzeko bidea gure gorputza ipintzea zen, ez bide biolentoak erabiltzea”. Eskalatzaileen alde posizionatu ziren agerkarien artean Pyrenaica zegoen; 160. zenbakitik 185.era bitarteko aleetan –Interneten daude guztiak– gaiaren bueltako informazio ugari topa daiteke. 

“Ekintza ez biolento gehiago egin genuen”, gogoan du Berasaluzek, “manifestazioak, pankartak han-hemen zintzilikatu, harrobietarako sarreretan eta makinetara kateatu, baita erakusketak, mahai-inguruak edota proiekzioak antolatu ere”. Dirua lortzeko kamisetak saltzen zituzten, txapak, laguntza-bonoak... Denbora horretan guztian babes geroz eta handiagoa lortu zuten, inguruko mendi elkarteena, Bizkaiko eta Euskal federazioena, Euskal Herriko zein atzerriko mendizaleena...

TXELU ANGOITIA

1991ko azaroaren 25ean Jaurlaritzak esan zuen Atxarteko harrobiak itxi egingo zirela, eta lau urtez ia erabat geldirik egon eta gero, 1995ean zarratu zituzten betiko. Urte hartan Abadiñoko alkatea eta sei zinegotzi prebarikazio delituagatik zigortu zituzten –sei urterako inhabilitazioa–, baina errekurtsoa jarri eta Espainiako Auzitegi Gorenak epaia baliogabetu zuen. Inputaturik zeuden Urkiolaren Aldeko Batzordeko kide guztiak, bestalde, absolbitu egin zituzten. Ero kuadrilla hark irabaztea lortu zuen.

Eskalada eskola ezaguna

Atxarten, lehenbiziko kirol eskalada 1936an egin zuten A. Sopeñak eta J. Apraizek, Untzillatx mendiko Urrestei dorrea igota. Gerra ostean orduko eskalatzaile apurren topaleku bihurtu ziren hango paretak, eta 1946an Euskal Herrian haitzean egindako lehenengo eskalada ikastaroa egin zuten bertan. 1950-60ko hamarkadetan gaur klasikoak diran eskalada bide asko zabaldu zituzten, bai Untzillatxen bai Astxikin. Denborarekin, Durangaldeko mendiak oso erakargarri bihurtu ziren bide berriak zabaldu nahi zituztenentzat, eta gaur, Euskal Herriko eskalada eskolarik garrantzitsuenetakoa da Atxartekoa.

Txakurzulo

Erreportajean aipatu ditugu Atxarte, Untzillatx, Astxiki, Artola, Alluitz... Aipatu genitzake Urkiolako beste hamaika tontor eta paraje eder, askori ezagunagoak zaizkigun Urkiolamendi, Pol Pol, Kurutzeta, Anboto inguruetatik apur bat aldenduta. Txakurzulo-Atxarte-Txakurzulo 7,5 kilometroko ibilbide lau xamarrak, esaterako, haitzartea deskubritzeko aukera ederra eskaintzen du. 

Untzillatx –haren magalean dago harrobia–, Astxiki eta Alluitz, elurtuta. / TXO - WIKIPEDIA CC BY-SA 0.3
Hormigoia, herdoila... eta saguzarrak

Atxarteko harrobien kontrako borrokak jende desberdina bildu zuen moduan, Abadiñoko Udala eta EHUko Ekopol ikerketa taldea eskalatzaileek, mendizaleek, ekologistek, geologoek, bertako ikastetxeetako ikasleek eta herritarrek egindako ekarpenetatik abiatuta ari dira osatzen Atxarte ingurua lehengora ekarri eta birnaturalizatzeko prozesua. Hainbat elkarrizketa egin dituzte, tailer parte hartzaileak, mahai-inguruak, jarduerak eskoletan, mendi ibilaldia... eta inkesta bat ere zabaldu dute. Ekainaren erdialderako 325 lagunek bete zuten galdetegia, Ekopol taldeko ikerlari Zuriñe Amondarainek esan digunez.

Inkestak betetzeko epea amaituta, ondorioak atera eta txosten batean bilduko dituzte, udazken partean udalari aurkezteko. Ostean prozesuak zein bide egingo duen ez dago jakiterik, aukera desberdinak aztertu beharko dira, epeak zehaztu, finantzazioa lotu... “Abiapuntua izango da garestiena”, azaldu digu Amondarainek, “lurzoruko kutsadura garbitu, segurtasuna bermatu eta irisgarritasuna hobetzea”.

30 urtean ez da jarduerarik izan Atxarteko harrobietan. Azpiegituraren parte batek han jarraitzen du, eta horiekin zer egin pentsatu beharko dute ingurua lehengoratzeko prozesuan ari direnek. / EKOPOL

Hortik aurrera, Atxarteren birgaitze planak bide desberdinetatik egin dezake. Irizpideak dira plan ekologikoa, sozialki onargarria eta ekonomikoki bideragarria osatzea. Horiek aintzat hartuta, hiru txoko edo lanketa-esparru bereiztu dituzte, esku-hartze, inpaktu eta aurrekontuaren araberakoak. Birnaturalizazioa da lehenbizikoa, naturari bere bidea egiten uztea, gizakiaren esku-hartzerik gabe; halaber, Atxarte korridore ekologiko bihurtzea ere aztertuko da. Kirola eta aisialdia deitua da bigarrena, eskalada, mendi edota bizikleta-bideak egokitzea zein aisialdi-jarduera zehatzak antolatzeko espazioak sortzea. Parke naturalaren barruan dagoenez, Atxarten ezingo litzateke, esaterako, anfiteatroa eraiki eta kontzertu handi samarrik egin, Karrantzako (Bizkaia) Polazalaguako kobazuloen pareko harrobietan bezala.

Parke naturalaren barruan dagoenez, Atxarten ezingo litzateke, adibidez, anfiteatroa eraiki eta kontzertu handi samarrik egin

Hirugarren adarra Tokiko garapena-ren bueltakoa da, Abadiñoko eta inguruko jarduera ekonomiko eta sozialak sustatzeko proiektuak garatzea, eta ekoturismoa edo turismo aktiboa sustatzea; baita aterpetxe bat eraikitzea ere, informazio-gune eta lotarako gelekin, besteak beste. Kirola eta aisialdia sustatzeak, edo ekoturismoa lehenesteak, indargune ugari du, inguruaren balio ekologikoa nabarmendu, kirol eta kultur eragileekin harremanak sendotu eta hirugarren sektorea hauspotzea, besteren artean. Baina, baditu ere ahulgune eta mehatxuak, fauna eta flora kaltetzea, esaterako, edo jende eta auto gehiago bertaratzea. Masifikatzea, alegia, Euskal Herriko hamaika parajetan gertatu den moduan, pandemiaz geroztik bereziki. Gaur gaurkoz auto gutxi sartzen da Atxarten egokitutako aparkalekuan, eta ohiko eskalatzaile eta mendizaleak ikusten ari dira jada, asteburuetan-eta ohiko arazoak sortzen direla han ere bai. Plana garatzean, ingurua “basati” antzean mantentzearen eta jende gehiagorentzako irisgarri bilakatzearen arteko oreka zaintzea funtsezkoa izango da.

Horretarako, planaren sustatzaileek ezinbestekoa ikusten dute proiektu kolektibo eta integrala izatea, Atxartek merezi duelako eragile eta herritar guztien ahalegina, “hura zaindu eta sendatzea”, prozesuan parte hartu duen Oihana Azkorbebeitia mendi korrilakari abadiñoarrak dioen moduan, “Atxarte izatea denok preziatuko dugun naturagunea, ez soilik pertsonek, baita animaliek ere, animalia asko bizi delako han”. Baita harrobi abandonatuen barruan ere.

EKOPOL

Hormigoizko egitura eta zementu biltegien barruan saguzar kolonia asko daude, eta horien babesa ere kontuan hartu beharko du Atxarte lehengoratzeko prozesuak. “Bizitza berriro hasi da han”, esan digu Ekopoleko Amondarainek, “eta kontuz ibili beharra dago gauzak txikitu edo kentzerakoan”. Bai berak, bai Abadiñoko alkate Mikel Urrutiak eta Naiara Bildosola zinegotziak, Atxarteko harrobietan tentuz ibili beharra dagoela esan digute, izan direla istripuak, azpiegiturak zaharkiturik daudelako eta arrokak eror daitezkeelako. 2016an, esaterako, petrolio-isuri bat Atxarte errekaraino iritsi zen. “Biltegi horietan zer zegoen ere ez nekien”, diosku gaur egungo alkateak, “azpiegituraren parte bat lurrazpian dago eta...”. 

Nafarroako Erresumaren defendatzailea

Atxarte, haitzartea, alde batean Untzillatx (941 m) mendia eta bestean Astxiki (785 m). Irudikatzea kosta egiten da, baina Astxikiko tontorrean gaztelu bat egon zen, Nafarroako Erresuma defendatu zutenetako bat, Iñaki Sagredo Garde arkeologo irundarraren lan-taldeak ondorioztatu duenez. Ebidentziak hain daude hondatuta, ezen kosta egiten baita han goian gaztelu bat egon zela pentsatzea. Higadurak asko eragin du, haitza kareharrizkoa da eta urak nabarmen eragin dio. Gainera, mendia mendebaldera begira dago, Kantauri aldetik datozen fronteen pare-parean. “Astxiki igotzean ere igartzen duzu higadura hori, igo ahala harriak maldan behera jausten dira; horrek guztiak aztarnetan eragin du”, zioen Gardek, Oihane Buruaga kazetariak 2024ko maiatzean Anboto-n egindako elkarrizketan.

Ziurrenik XI. mendean eraiki zuten, eta XIII. mendeko erdialdera arte erabili zuten gutxi gorabehera. Urkiolako bidea zaintzen zuen, Arabako Lautada eta Durango lotzen zituen pasabide naturala. Astxikikoa moduko harkaitz-gazteluak txikiak ziren, hamar bat soldadu egongo ziren bertan, gutxiago agian, eta euren egitekoa zen inguruak zelatatzea, erasoren baten berri eman beharko balitz. Badirudi, bestalde, Artolako lepoaren bestaldean, Alluitz mendiko tontorrean (1.034 m), Astxikiko gazteluari laguntzen zion egituraren bat zegoela.

Untzillatxeko gaztelua birtualki berregin du Iñaki Sagredo arkeologoaren lan-taldeak.
“Merezi izan zuen”

“Zauritutako parajea da Atxarte, baina gaur egun harriak arnasa hartzen du berriro”, dio off ahotsak, Yolanda Reclusak zuzendutako Atxarte osatzen dokumentala hastearekin bat. “Natura, poliki-poliki, bere lekua berreskuratzen joan da, zauriak ixten. Orain, herritarren parte-hartzearen bidez, prozesu kolektibo bat abiatu dugu inguru hau behin betiko senda dadin”. Hainbat lagun agertzen da hizketan, duela 25 urtekoak bere larruan bizi izan zituen Juanjo San Sebastian eskalatzailea eta Oihana Azkorbebeitia bera tartean.

“Toki magikoa da Atxarte, eta oso ederra, inguruan dagoen paisaiarik politena da niretzat; gainera, Bizkaiko eskaladaren sorlekua izan zen”, mintzo da San Sebastian, harrobien inguruko borrokari buruz hitz egiten hasi baino lehen: “Eskalatzaileok lotura oso estua genuen elkarren artean, eta paraje hau maite genuen beste gauza ia guztien gainetik. Harrobiek hasieran ez zuten trabarik egiten, urte askoan ez zen inolako gatazkarik sortu, baina industriaren eta bitartekoen garapenarekin hau guztia munstro bat bilakatzen hasi zen... Egin behar genuena egin genuen, eta hori bizi izanak soilik merezi izan zuen”.

Off ahotsa mintzo da berriro: “Guk orbainak sendatzearen aldeko apustua egin dugu, Atxarte eredu izan daiteke Euskal Herri osorako, natura eta memoria industriala elkarrekin nola bizi daitezkeen erakusten duen adibide bat. Mendiak arnas egiten du, harriak ez du ahazten, baina barkatzen du. Zarata egon zen tokian, gaur isiltasuna dago. Zauriak egon ziren tokian, gaur bizitza berriro hasten da”.

 

 

Aire girotuak berotu du klima larrialdiaren eztabaida
2026-07-16 | Jon Torner Zabala
Aire girotuaren inguruko eztabaida bizi-bizi dago Frantziako Estatuan. Bero sapak are gehiago hauspotu du afera: ezkerrak dio, besteak beste, aparailuek energia asko xahutzen dutela eta... (+)
Babestutako eremua izanik ere, Urederran bainatzen jarraitzen du jendeak
2026-07-16 | Jon Torner Zabala
"Hango uren urdin turkesak Kariben zaudela pentsaraziko dizu; erreka hau, ordea, Nafarroan jaiotzen da eta aurrez lekua gordeta soilik bisita daiteke". Hamaika webgune eta sare... (+)
"Bainatzea debekatuta": Pirinioak ez daitezen bihurtu jolas-parke
2026-07-12 | Jon Torner Zabala
Orain gutxi arte, aragoiar edo kataluniar Pirinioetako lakuen ederrak mendizale jendea erakartzen zuen batez ere. Edertasun hori, baina, maldizio ere bada, maldizio izan daitekeenez argazki... (+)
2003ko beroaldiaren ondorio tragikoak errepikatuko ote diren beldur da Frantzia
2026-06-25 | Jon Torner Zabala
2003an 15.000 lagun hil ziren Frantziako Estatuan beroaren eraginez. Gobernua beldur da aurten ez ote diren gehiago izango. Asteazkenean bero saparen "zeharkako ondorioak" aipatu ditu... (+)
Gurutzeak mendietan: ondarea eta zama?
2026-05-17 | Jon Torner Zabala
Aneto mendiko gurutzea errotik moztu eta maldan behera amildu du norbaitek. Tartean behin gertatzen dira horrelakoak, Udalatx eta Buruntzako ekintzak lekuko. Batzuek diote tradizioari eutsi... (+)
gora