Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira. Kapitalismoaren kolapsoaren aurrean, bizitza erdigunean jartzen duten tresna kolektiboak dira. Lurra eta bizitza iraunarazteko elkarlana gorpuzten dute.
Beste borroka askotan bezala, lurraren defentsan ere sistemak kriminalizazioa erabiltzen du bere egitura sostengatzeko. Zutabeak dituen zisheteropatriarkatua, kapitalismoa, supremazismo zuria eta kolonialismoa kolokan jartzen direnean aktibatzen da kriminalizazio-makineria. Bizitza kapitalaren aurretik jartzen dugunean sistemarentzat mehatxu bihurtzen gara, neurri batean behintzat; horregatik, abisua argia da: horrelako posizionamendua hartzen duenarentzat kriminalizazioa izango da erantzuna. Helburua? Jendartea despolitizatzea eta desmobilizatzea. Izan ere, jakin badakite, lurraldeen defentsa ez dela “ingurumen” kontu huts bat, edo eskualde-komunitate batean dagoen borroka bat, baizik eta kontrolaezina edo kapitalizatuezina den erresistentzia dela. Donna Harawayk dioen moduan, kriminalizazioa ez da gertakari isolatua, baizik eta boterearen teknologia da, gorputz disidenteak eta komunitateak eta lurraldeak kontrolatzeko erabiltzen dena.
Sistema ustelak dena kutsatzen du: ingurumen-txostenak, balizko txosten sozialak eta proiektu baten zilegitasuna justifikatzeko beste hainbat tresna. Lurra xehatu nahi dutenek, legeak beren interesetara moldatzen dituzte, eta nahi dutenean urratzen ere bai, inpunitate osoz. Noizbehinka helegite edo epaiketa bat “irabazten” badugu ere –sistema demokratikoaren itxura emateko–, itxurakeria hutsa da. Eta auzi ekonomikoren bat galtzen badute, legeak beraiek moldatzen dituzte kaltea konpontzeko. Horren adibide dira Garoñako zentral nuklearra edo AHT eta Zadorrako Ubidearen eraikuntza; orain Nafarroako eta Arabako zenbait zentral eolikoren tramitazioa bezala. Herritarrak babesik gabe gaude, lurraldea bereganatu nahi duten multinazionalen aurrean.
Kriminalizazioa gauzatzeko, askotan botere instituzionalek –legegilea eta judiziala barne– bat egiten dute. Aroztegia eta Erdizko kasuek argi erakutsi dute: enpresek lehenik Nafarroako Gobernuari aurkeztu zizkioten proiektuak; nahiz eta tokiko udalek azken hitza izan beharko luketen, Iruñean babesa bermatu nahi izan zuten lehenik. Behin babesa lortuta, lege-hausteak ez dira oztopo bihurtzen, eta proiektuek aurrera egiten dute. Baztango kasuan, tokiko erakundeak alde egoteak lagundu du babes soziala lortzen, baina azkenean tokiko erakundeen gainetik pasatu da makina. Legeak aldez aurretik moldatzen dira herri-mugimenduaren desobedientzia kriminalizatzeko. Aroztegiak argi uzten du: indarkeria definitzeko eskubidea Estatuak beretzat gordetzen du, eta herriari autodefentsa eskubidea urratu edo ukatu egiten zaigu.
Kriminalizazioak bizipen pertsonalean eta kolektiboan arrastoa uzten du. Bizipen-prozesua, sarritan, intentsitatean handituz doa. Prozesu horietan gakoa da bidea nola egiten den; mobilizazioak, elkarrizketak eta aliantzak ezinbestekoak dira babes-sarea sortzeko. Horregatik, jende artean aliantzak sortzeko ezinbesteko da lurrarekin eta lurraldearekin dugun harremana elikatzea. Lurraren defentsan ari garen herritarrok gure etxetzat ditugu ingurua eta lurra, horrek batzen gaitu. Baina lurrarekin dugun harremana galtzen den heinean, atxikimendu hori lausotzen doa. Atxikimenduak auzokideen arteko konfiantzazko harremanak sendotzen ditu eta elkarrekin borrokatzeko kohesioa errazten du. Amankomunean duguna zer den konturatzea oinarrizkoa da.
Baina zer dugu sistemak indarrez elikatzen dituen desmobilizazio eta despolitizazio estrategien aurrean? Lurraldea eta komunitateen defentsako prozesuetan sistemak baztertzen dituen kolektiboak daude nagusiki. Sistemari kolektibo horiek botere gutxirekin edukitzea interesatzen zaio, bizitza sostengatzeko lanak –zaintza, elikagaien ekoizpena…– egiten dituztelako, askotan musu-truk. Horregatik dira lurraren eta bizitzaren kontrako erasoak hurbilen bizitzen dituztenak, eta horregatik altxatzen dira sistemaren kontra. Sistemaren parametroetan eroso bizi denak ez dio sistemari aurre eginen; zeozer aldatzekotan, jendartean dugun posizioa interpelatzea nahitaezkoa dugu.
Euskal Herriko mugimendu feministak bide luzea egina du, eta ahalmen handia du eraldaketa sozialerako. Lurraren defentsaren borrokan, ezinbestekoak dira mugimendu feminista eta agroekofeministaren ekarpenak. Eta ez dugu nahikoa kanpoko egiturak aldatzea; beharrezkoa da desirak, harremanak eta imajinarioak eraldatzea, lurrezko subjektu kolektibo kontziente, kritiko eta kooperatiboak sortzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545