Asteroko buletina
Martxo gezurti, gaur euri, bihar eguzki.

Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian

Sumendi gune okupatua. Gasteiz. 2023ko ekainaren 29an. 9:00ak dira eta lehenengo partaideak ailegatzen hasiak dira. UEUko kideak, antolatzaileak, eta gertuko laguntzaileak dagoeneko espazioa txukuntzen gabiltza. Berehala egiten dugu espazioa gure, edo espazioak gu bere; erraza egiten zaigu bertan mimetizatzea, eta berriketaren epelean berotzen goaz.

Ekologia bada "etxearen tratatua" edo "bizi den espazioaren logika", eta etxea "lurra-lurralde-etxea" hirukotera zabaltzen badugu, ekofeminismoa etxe zabal honetan gertatzen diren (botere)harremanez mintzo zaigu, baita harreman horietan bizitzak eta biziak duten tokiaz ere; horrela eman digu Isabel Dominga Hernándezek ekofeminismoaren definizio zuzen, erraz, ulergarri eta lurtarra.

Eta nola gauzatzen da eta gauzatu da gurean, Euskal Herrian? Marta Luxánek Itoitzen kontrako borrokara eraman gaitu eta proiektu handi horren kontrako ekintza ez-mistoen berri eman digu. Hasiak gara ekofeminismoek Euskal Herrian izan dituzten ibilbideak marrazten eta genealogia posibleak irudikatzen.

Lehenengo bi hitz-hartze horietatik aurrera, bideak eta gaiak biderkatzen doaz, nahiz zenbait elementu errepikakorki agertzen zaizkigun. Nagusienetako bat, landa-eremuaren zentralitatea etorkizun ekofeminista baterako; landa eremua ustiatzeko gunea izan ordez bizitzaren erdigune bilakatzeko. Mugak, Euskal Herriko iparralde eta hegoaldearen arteko (ez)harremanak, feminismoak zer irakatsi dakiokeen ekologismoari, eta ekologismoak feminismoari, eta Hegoalde Global eta Iparralde Globalaren arteko mugak eta botere-harremanak. Eta hizkuntza? "Euskarak hizkuntza nazionala behar du" diosku Isabelek. Energia, aurreko guztiari buruz mintzo zaiguna: "Baliabide fosilen agortzeak kezkatzen gaituen bezainbeste kezkatu bagintu energia-merkatuaren atzean dauden pertsona- eta lurralde-ustiapenak", interpelatzen gaitu Estitxu Villamorrek. Eta hiria? Miren Vivesek etorkizunean nahi dugun hiria irudikatzeko ariketa egitera gonbidatu gaitu, gaur irudikatzera ze gertaera emango liratekeen hiri horretan, nola mugitzen garen, norekin mintzatzen gara kalera jaisterakoan, etxepean....

Osagaiak lehenagotik identifikatuta genituela ohartzen gara. Edonola, ekofeminismoa ez dago sendoki egituratuta gurean. Gutako gutxi sentitzen da horren parte, are gutxiago zilegi horretaz hitz egiteko. Baina denok badugu horrekiko kezka eta grina, eta gure hitz guztiek badute asko aritzetik, harilkatzetik, hausnarketatik, konpromisotik, eraldaketa gogotik. Aukera anitzeko puzzlea konposatzen hasi gara, kolektiboki. Eta osagaiak konfiantzaren eta grinaren berotasunean konpostatzen hasi gara dagoeneko.

Balorazioei eta nahiei eskaini diegun tartean, airean "espazio" hitza nabarmendu da. Espazio fisikoa. Edo denboran tarte bat. Edo espazio kolektibo bat. Talde bat. Topaketa bat. Airetik lurrera, uztailaren amaieran Iraultza Txikien Akanpadan berriz elkartzeko eta konpos(t)atzen jarraitzeko espazio-aukera dugu. Osagaiei berriz buelta eman, aireztatu, nahastu, eta eraldatzen jarraitzeko.

Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz
2024-03-25 | Marta Barba Gassó
Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek. (+)
Zaintza Sistema eta Continuum-a
Gaur egun, zaintza sistemen etenari buruz hitz egin dezakegu; izan ere, kontuan hartzen al dugu gaur egungo zaintza sistemako fluxu guztien Continuuma? Hau da, kontuan... (+)
Hazien piratak eta lapurrak
2023-09-11 | Marta Barba Gassó
Udaran jasotzen da hazi mordoa baratzean, izan udako fruituak biltzearekin batera jasotzen ditugunak (tomate, piper, kalabazin, edo luzokerren haziak kasu), izan neguko barazkiak loratzen edo... (+)
Munstroaren umetokia ekofeminismotik eraldatzen
Ekologismoak eta feminismoak. Modernitatean eraikitako pentsamolde, praktika eta mugimendu sozial askotarikoak, planetan zehar dabiltzan hainbat herriren antzinako esperientziekin etengabe berrelikatuta. Inguratzen eta zeharkatzen gaituen munstroaz... (+)
Altxorrak eta altxorrak ulertzeko moduak
2023-05-08 | Marta Barba Gassó
Haziak altxorrak direla entzun dut maiz. Hazi hibridoak ekoizten dituen enpresa bateko langileak hala adierazi zidan: “Hazi-enpresen altxor handiena hazi hibridoen parentalak dira”. Hazi hibridoak... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora