Baratzea beti da galera multzo baten artean garaipen gutxi batzuk, bizitza bera bezala.

Xilokopa: meatzari hegalaria

Tarteka bada ere, inoiz ikusiko zenuten hego beltzeko “erle erraldoi” eta potolo bat zuen inguruan hegan. Hala bada, ziur izan intsektuen artean ikusgarrienetako bat ikusi duzuela. Eta ziur izan, baita ere, ez duzuela inongo arriskurik, itxura itzeleko erlastar honek ez baitu inongo arriskurik gizakiontzat.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko uztailaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Xilokopa (Xylocopa violacea)

TALDEA: Ornogabea / Intsektua / Hymenoptera, Apidae Familia.
NEURRIA: 3-4 cm arrak, 4-5 cm emeak.
NON BIZI DA? Belardi eta basoetan.
ZER JATEN DU? Polena loreen zukua. 
BABES MAILA: Europar Zerrenda Gorrian azaltzen da.

Emeak, izan, badu eztena, baina ez da batere erasokorra, beti eta mehatxatuta sentiarazten ez badugu. Intsektuen artean sarritan gertatzen den moduan, emeak handiagoak dira arrak baino. Jakina, ondorengoak ekartzea, arrautzak jartzea, ez da txantxetako lana eta Naturak emeari “konpentsazio” bat eman nahi izan diola dirudi, nahiz eta erruteak dozena bat arrautza izan –eta hori intsektuen artean oso errute txikia da–. Arren hegoen zabalera 3-4 cm-koa izaten da, emeena, berriz, zentimetro bat gehiago. Gorputzak hiruzpalau zentimetro izaten du. Buruan baraila indartsuak ditu, eta berauei esker zuhaitz eta egur zaharretan zuloak irekitzen ditu, meategi bateko irteera bakarreko meazulo sistema baten antzeko egitura eginda.

Bere bizi zikloa oso interesgarria da. Emeak udaberrian jartzen ditu arrautzak egurrean irekitako zulo horietako batean; esan bezala, dozena bat edo. Hor bertan janaria uzten die gero arrautzetatik aterako diren larbek jan dezaten. Janari hori loreetatik ateratako polena eta zukua probestuta osatzen du. Uda bukatzear denean, erlastar heldu eta ikusgarri hauek hegan egiteko gai izango dira eta neguari aurre egiteko ere prest izango dira.

Gaur egun, eta zorionez, egur hila (zuhaitz eroriak eta) bertan uzteko jokabidea zabaldu da. Eta horrek mesede handia egin die egur hilari esker bizi diren intsektu eta gainontzeko animaliei. Intsektu xilofago asko eta asko (egurrez elikatzen direnak, alegia) edo egur hilean habiak, jantokiak eta bizilekuak dituztenak, egoera larrian daude. Arriskuan dauden espezieen Euskal Katalogoa aztertu besterik ez dago intsektuen zerrendarekin kezkatzeko –atal honetan bertan izan genuen hizpide Rosalia alpina dotorea–. Zoritxarrez, arriskuan dauden zomorro mordoskaren itxurak ez du beraien alde egiten, batzuk handiak baitira eta itxura beldurgarri samarra baitute –antena luzeak, kolorazio iluna, hegaldi indartsua–, baina nekeza da beraien artean gizakiontzat arriskurik txikiena ere dakarrena aurkitzea. Beraien mundua isila, baketsua eta bakartia da.

Polinizazioa askoren ahotan dagoen garai hauetan –polinizatzaileak jasaten ari diren arazoak gero eta larriagoak baitira–, ezin ahaztu xilokopa ederrak betetzen duen lan aparta: bere tamaina ere lagun du zeregin horretan, kamioi bat baita kotxeen artean!

Handiena arazo artean
Europan jatorria duen liztor espezierik handiena omen zen, duela gutxi arte… Orain badu eta horretan nork lehiatu. Eta horretan bakarrik izango balitz, gaitzerdi. Goazen lehenbizi... (+)
Semaforoa gorri, etsaien engainagarri
Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira... (+)
Engainuaren eredu
Leihatila honetan behin baino gehiagotan azaldu ditugu Ama Naturaren engainuak bere izakiak babestearren. Batzuetan, erle edo liztor itxura zuten euliak ekarri ditugu, beste batzuetan inongo... (+)
Itxura ahuleko ehiztari ahaltsua
Gaur egun Lur planetan bizi diren intsekturik handienek 30 cm inguruko tamaina izan dezakete, gizaki baten seiren bat, gutxi gorabehera. Horien artean daude tximeleta eta... (+)
Gonbidatu gabeko turista
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten.... (+)
gora