Zertarako zure alaba-semeei mirari bat esplikatzen saiatu, baratze bat landatzen jar ditzakezu eta

Gipuzkoako baserritarrok ere ezetz esaten diogu

Zilindrada handiko traktoreak ikusi ditugu egunotan autopistak ixten, baita mugak eta portuak ere; horietan ikusitako ultraeskuineko sasi-sindikatuek harrotutako bandera gorri-horiak eta hitzaldi sutsuak ere bai. Horiek guztiak urrun senti ditzakegu gertuko nekazaritza eta abeltzaintza herrikoi sistemetan lan egiten dugunok; edo pentsarazi diezaguke EB-Mercosur merkataritza askeko itunak ez duela gugan aldaketarik izango, urruneko kontua dela eta, askoz jota, balioko duela lehen sektorea egunkarietako lerroburuetan azaltzeko; edo gure ekoizpen sistema alternatibo txikiari ez diola eragingo. Berdin gerta dakioke kontzientzia duen kontsumitzaileari, larrialdi klimatikoaz edo justizia sozialaz kezkatuta dagoen herritarrari. Alegia, mobilizazioak ez ulertzea edo ondoko nekazarien arazoak lehen sektoreari baino ez dagozkiola pentsatzea.


2026ko urtarrilaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Logikoa da mobilizazio horiekiko kidetasuna sentitzea nekeza izatea. Eta ulergarria da, izan ere, berau lideratzen dutenen eguneroko nekazal jarduera erabat menpekoa baita ustez borrokatzen duten ereduarekiko: pentsuen inportazio masiboa; mendekotasun energetiko handia; fitosanitarioen, pestiziden eta ongarri kutsatzaileen erabilera intentsiboa; eta ingurumen-muga ororen aurkako arbuio esplizitua. Eredu horrek ez du elikadura burujabetzarik eraikitzen, agroindustriaren negozioaren jarraipena baizik ez du bermatzen, zeina nekazaritza sektorearen beraren, lurraldearen eta elikadura sistema seguru eta iraunkor baten suntsipenera daraman kale itsua baita.

Etor litekeen behin betiko onarpenarekin, edo Europako Justizia Auzitegiak hartaz erabaki aurretik hitzarmena praktikan ezarriko balitz, ekoizpen eredu agroindustrialaren kontsolidazio legalaren aurrean egoteaz gain, Europako eta Hego Amerikako ustiategi txiki eta ertainen ehuneko handi baten behin betiko ordezkatzearen aurrean geundeke.

"Lehen sektorea azkar desagertzen ari da –EAEn bakarrik, azken bost urteotan, baserrien %20 galdu da–, eta baserritarrok bizi dugun krisia areagotu nahi da, agroesportatzaileen produktuei ateak erabat irekita"

Buruzagi politikoek aintzat hartzen ez duten testuinguruan, non lehen sektorea azkar desagertzen ari den –EAEn bakarrik, azken bost urteotan, baserrien %20 galdu da–, baserritarrok bizi dugun krisia areagotu nahi da, sektore agroesportatzaileen paradigmaren lurraldetik etorritako nekazari produktuei ateak erabat irekita, mugarik gabe.

Baina elkarbizitza ez da posible. Edo eredu agroindustrialaren alde egiten da, berezkoak dituen elementuak indartuta – lanaren prekarizazioa, kutsadura, tokiko elikadura sistemen desartikulazioa eta horrek dakarren landa-eremuaren hustuketa– esportatzaile jakin batzuen mesedetan; edo gertuko nekazaritzaren alde egiten dugu, anitza, elikagaiak hondakin gutxi sortuz ekoizten dituena, naturaren mugen baitan, tokiko komunitate aktiboak sustatzen dituena eta kalitatezko elikagaiak ziurtatzen dituena bere kideentzat.

Europar Batasuna karta-jokoan ari da gure ekonomiarekin, Alemaniako automobilgintzaren sektorea salbatzeko eta zenbait oligopolio kimiko, energetiko eta finantzarioen onurarako. Dena Europako nekazarien sektore tokikoena eta jasangarriena sakrifikatuta, elikadura segurtasunaren eta lan-baldintzen kaltetan, eta geure buruari elikagaiak modu jasangarrian ekoizteko ezarritako gutxieneko mugen kaltetan.

"Inportatzaile horien lehiakortasuna oinarritzen da eskala handiko ekoizpenean, deforestaziorik gordinenean, langileen esplotazioan, pestiziden erabileran"

Izan ere, akordio honek bide ematen dio, Europako lehen sektorearentzat ezinezkoak diren prezioetan, produktu masiboen inportazioari –bereziki, txahal- eta hegazti-okelak, zerealak, elikagai proteaginosoak, azukrea edota eztia, besteak beste–. Zergatik dira, ordea, Europako nekazarientzat ezinezkoak preziook? Inportatzaile horien lehiakortasuna oinarritzen delako eskala handiko ekoizpenean, lurraren metaketan, deforestaziorik gordinenean, langileen esplotazioan eta pestiziden, ongarri kimikoen eta transgenikoen neurrigabeko erabileran, eta animalien ongizatea bermatuko ez duten lan-moldeetan.

Agintari politikoen zurikeria ariketa lotsagarria da hitz egitea ispilu klausulei buruz edo mugetan neurriak hartzeaz –baita maila lokalean ere–, jakinda hori ezinezkoa dela egiaztatu dugulako aurreko esperientzietan –Kanada eta Japoniarekin egindako hitzarmenetan, kasu–. Are gutxiago, gainera, neurriok lotesleak ez badira. Beraz, argi ikusten dugu ispilu klausulak desmobilizaziorako eta engainurako tresnak baino ez direla. Nabarmenak izan dira horrelako hitzarmenek ekarri dituzten ondorio suntsigarriak, lehen sektorearentzat, ingurumenarentzat eta bertako ekonomientzat.

"EB azkar ari da atzean uzten bere betiko diskurtso berdea"

Egia da EB azkar ari dela atzean uzten bere betiko diskurtso berdea. Ultraeskuinaren presioa eta diskurtso militarista direla eta, hasi da bere benetako aurpegia erakusten, eta agroekologiaren bidean eta herritik lanean ari den baserritar multzoaren desagerpena elikatzen ari da, orain, Mercosurrekin sinatutako hitzarmenarekin, maskararik gabe.

Ondorioak larriak izango dira han –Amazonasen edo Gran Chacoren deforestazioa, monolaborantzaren indartzea eta indigenek laborantza lurrak galtzea, kutsadura...– eta hemen –baserrien eta landa-eremuko herrietako sareen desagerpena, errelebo falta, elikadura katearen kontrola ezeztatzea...–.

Orain dela hilabete batzuk, Gipuzkoako baserritarrok hasi ginen geure burua antolatzen sindikalgintza eredu berri bat ardatz hartuta, zeinak baserritar eta ekoizle txikien ahotsa lehenetsiko baitu.

"Berdintasunean oinarritutako jendarte batean ezin dira uztartu eliteentzako kalitatezko elikagaiak sustatzea eta bitartean herri xehearen aukera bakarra koste sozial handiko eta kutsatuta dauden elikagaiak jatea izatea"

Ahots sindikal berri honekin, jarraitu nahi dugu elikadura sistema alternatiboak eraikitzen ari garenongan eragin negatiboa duten politiken kontra borrokatzen. Horregatik, bertako eta Europako administrazioei jakinarazi nahi diegu ez dela koherentea hemen baserritarrak desagertzen ari garela-eta negar egitea eta aldi berean lehia desleiala eta agroindustria babestea. Ezin dutela trantsizio berdearen erretolika zabaldu eta, bitartean, baliabide naturalen eta fosilen eredu harrapariak bultzatu. Alferrik amestuko dutela landa-eremu biziarekin, nekazaritza herrikoirik eta bide laburreko merkataritzarik izan ezean. Aldi berean, agintari politikoek jakin badakite berdintasunean oinarritutako jendarte batean ezin direla uztartu eliteentzako kalitatezko elikagaiak sustatzea eta bitartean herri xehearen aukera bakarra koste sozial handiko eta kutsatuta dauden elikagaiak jatea izatea. Landa-eremuaren eta lehen sektorearen krisiak ez dira prozesu ausazkoak eta saihestezinak, baizik eta erabaki politiko zehatzen ondorioak, eta horren adibide garbia da Mercosurrekin merkataritza itun libre baten sinadura babestea.

Hori dela eta, Baserritar Bilguneak egiten die, baserritar eta ekoizle txikiez gain, elikadura burujabetza eta herriak bizirik nahi dituzten herritarrei EB-Mercosur hitzarmenaren kontra mobilizatzera.

 

Kelo Arribas, Baserritar Bilgune-ko kidea

Laborarien borroka Palestinan
2025-02-02 | Kelo Arribas
Gaur egun, Gazan su-etena dago, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen; bitartean, sarraskiak, anexioek, kolonizazioak eta era guztietako giza eskubideen urraketek bere horretan diraute... (+)
gora