Astelehenero 8:00etan zure epostan
EHKOlektiboa abenduan eta urtarrilean gauzatzen ari den etxalde bisitei jarraiki iritsi gara Agerrea baserrira, esne behiak dituen Arbonako etxaldera. Kolektiboak definitutako irizpide agroekologikoak zein maneratan betetzen diren ezagutzeko bisitak direnez, aukera interesgarria da laborarien egunerokoa gertutik ulertzeko. Bide batez, bertan jasotakoak EHKOren Onarpen Komisioak aztertzen ditu, identifikatzailearen erabilera egokia bermatzeko.
Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.
Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.
Donibane Lohizuneko zubia blokatu zuten Hego Lapurdiko 50 traktorek abenduaren 14an, behien DNK eritasunari loturiko arauen «desmasia» eta «sarraskia» salatzeko.
Jakin bagenekien abeltzainak kezkaz beteriko uneak bizitzen ari direla behiengan eragina duen dermatosi nodular kutsakorra (DNK) dela-eta instituzioetatik hartzen ari diren erabakien ondorioz. Zer esanik ez, horri Mercosurreko akordioak izan ditzakeen eraginak erantsiz gero.
Iparraldean bereziki, hainbat mobilizazio izan dira, behin kasu positibo bat agertuz gero ezartzen den protokoloaren aurka: lehenik, eri den behia eta bere tropa guztia hiltzen dituzte, tokian bertan. Bigarrenik, 50 kilometroko perimetroan, beste abereak mugitzea eta garraiatzea debekatzen dute. Eta azkenik, eremuko behi guztiak txertatzen dituzte. Europako araudiaren arabera, gaixotasun honen prebentziozko txertaketa debekatuta badago ere, Frantziako Gobernua abenduan hasi zen eritasunaren aurkako txertoak ezartzen, eta Gipuzkoan eta Nafarroan ere kabalak txertatzea derrigorrezkoa da. Txertaketa kanpaina masiboetan gertatzen den moduan, informazio faltak eta erabakiak bulegoetan hartzeak, mesfidantzaz betetzen ditu abeltzainak.
Agerrea etxaldean urteak daramatzate antzeko gaixotasunak prebenitzeko abeltzaintza eredua zaintzen. Etxaldean 25 behi dituzte, eta ekologikoan dihardutenez, hektarea bat dute behiko. Egunean jetzialdi bakarra egiten dute, eta esnea eraldatuta eta zuzeneko merkaturatze bideak erabilita, elikagaiei behar duten balio erantsia ematea lortzen dute. Abereen elikadura etxeko bazkan oinarritzen da, jaten dutenaren %3a soilik erosten da. Besteen artean, txahalak jaiotzean, etxean atxikitzeko izanen direnak amarekin uzten dira, amaren esnea hartu dezaten, eta sistema immunologikoa indartu dezaten. Modu horretan, ez da inongo tratamendu edo artatze antiparasitariorik aplikatu beharrik izaten. Beraz, etekin ekonomikoaren maximizazioaren gainetik dauden troparen tamaina egokiak eta gaixotasunak prebenitzeko praktika aproposek, abereen osasuna eta ongizatea bermatzen dituzte.
Zer pentsatua ematen digu Gaskoniako landa eskualde zingiratsuan ematen zen artzaintza eredu estentsiboak, artzainak zur-zangoetan ibiltzeagatik ezagunak egiten zaizkigunak. Lurraldearen zatirik handiena paduraz eta zingiraz osatuta zegoenez, laborantzako lur pobreak ziren eta artzaintzak bazuen eskualdean bere garrantzia. Herri-lurrak izanik, komunitate bakoitzeko bizilagunek libreki erabiltzen zituzten, kolektiboki adostutako araudi batzuen baitan. Hala ere, artzaintzatik ateratzen zen baliabiderik baliotsuena ez zen ez esnea, haragia edota artilea, gehien baloratzen zen baliabidea simaurra zen, ezinbestekoa padura haien emankortasuna hobetzeko, zerealen eta barazkien ekoizpena, eta ondorioz, elikadura sistema ahalbidetzeko.
Honekin, lurralde bakoitzeko laborantza ereduak tokian tokiko baldintzetara guztiz egokitu behar duela esan asmo dugu. Etxaldeen tamainak eta praktikek kokatzen diren ingurunean ematen diren dinamika ekologikoen baitakoak izan behar dute, eta maneiu hori izango da abereen gaixotasunak prebenitu eta ongizatea bermatzeko bidea.
Haatik, maneiu intentsiboan tematuta dauden abeltzainek sortzen dituzten baldintzek, abereei lotutako gaixotasun kutsakorrak libreki zabaltzea errazten dute, eta prebentzio lanak egiten dituzten abeltzainei ere zuzenean eragiten diete. Beraz, ez da konprenigarria suertatzen makroetxaldeen eta eredu agroekologikoan dihardutenen arteko elkarbizitzarik; talka behin eta berriz azaleratzen da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545