Uztaileko borronbonbon, ez beti goxo baina on

Kantauriko herensugearen sugarra, bioaniztasunaren ikur

Kantauri itsasoko herensugearen sugarra, ez da hain ohikoa, baina bai garrantzi handikoa. Mediterraneoan sortzen dituzten baso ikusgarrien aldean, gurean balio handiko su txikiak bailiran agertuko dira, neguko olatu bortitzek ere itzaliko ez dituztenak; izan ere, animaliok tinko eutsiko diete korronteei, ongi oxigenatutako harkaitz pareta bertikaletako substratuei, baita ur hotzeko gune ospelei ere. Parez pare, korronteei begietara so daude.

Nagore Zaldua
Nagore Zaldua

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko urtarrilaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Gorgonia gorria (Paramuricae clavata)

TALDEA: Knidarioa / Oktokorallia.
NEURRIA: Europako Gorgoniarik handienetarikoa 1 m luze eta 1 m zabal izatera heldu daiteke.
NON BIZI DA? Itsas hondoko harkaitzetan eta pareta eta arrakaletan, baita gune koralinoetan ere.
ZER JATEN DU? Gorgoniaren adarkaduretan dauden polipoetan harrapaturiko zooplanktona (batez ere ornogabe txikiak) eta esekiduran dagoen materia organikoa.
BITXIKERIA: Gorgonia asko 15-20 urte izatera heltzen dira. Gorgonia gorria, ordea, 100 urtera ere heldu daiteke. Gure “urpeko zuhaitzik zaharrenak” dira.
BABES MAILA: Zerrenda gorrian “kaltebera” izendatua.

Lehen kolpean landarea badirudi ere, Kantauriko herensugearen sugarra ehundaka polipo txikiz osatutako animalia kolonia gogorra da, plano bakarrean hazten den gorgonia gorria. Haren izena, duen koloreari eta gorgonina izeneko proteinari zor zaizkio, eta azken honek ematen dio koloniari bere malgutasuna: koral gogorrek ez bezala, Kantauri itsasoko enbatari dantza goxoaz erantzungo dio, adar hautsiz beteriko zuhaitz bilakatzetik urrun.

Herensugearen sugarra Donostiako Haizearen Orrazia urperatuko bagenu bezala irudikatu behar dugu. Zorriak hortz estuko orrazietan geratzen diren moduan, ur-korrontea haren orrazi gorrietan zehar igaro ahala, zooplanktona 6-10 mm-ko polipoen zortzi beso nimiñoetan korapilatuko da. Hala elikatuz eta urteak aurrera egin ahala, estruktura handitzen joango da, astiro, koral gogor gehienen kasuan bezala. Gorgonia gorria metro karratu baterainoko azaleradun urpeko abaniko zapal bilakatu daiteke; halako neurria lortzeko, ordea, mende osoa beharko du. Horra hor, gorgoniak baloratzeko beste ezaugarri bat.

Animaliok, Bizkaiko Golkoko hondoko harkaitz paisaiari hiru dimentsiotako estruktura ematen diote: gorgonien artean gorria ekosistemetako ingeniari nagusia da. Sendoa, eta aldi berean, zirrikituz betea, hainbat espezierentzako bizileku apropos bilakatzen direnak. Hala, biodibertsitate handi batentzat, bereziki ornogabeentzat –krustazeo txikiak, briozooak, aszidiak, eta abar–, babesgune ere badira. Koral eta gorgonia askok sentsibilitate handia dute uraren tenperatura aldaketen aurrean, baina gorgonia gorria tolerantzia termiko handia erakusten duen espeziea da. Tamalez, hauek ere hilda, pareta eta apalen apaingarri modura handitzen dute haien balioa. Era berean, gorgonia gorria bioaniztasunaren ikur bilakatu da. Bada, aprobetxa dezagun, bizirik duten balioaz jabetzeko eta, nola ez, kontzientziatzeko. Ur  azpiko sugar hauek ez daitezela sekula itzali. 

Arte psikodelikoa akuarioan
2025-12-08 | Nagore Zaldua
Beti gustatu izan zaizkit akuarioak, haurra nintzela Jacques Cousteauren artilezko txapela gorria jantzi eta Bartzelona nahiz Donostiako akuarioetako txoko liluragarrietan murgiltzen nintzenetik. Gaur egun ere,... (+)
Aste Santuko kapiroteak Kantauri Itsasoko zaindari
2025-10-27 | Nagore Zaldua
Kantauri Itsasoko iturri azpian iragazki bat jarriko bagenu, begi-bistara ikusezin bezain ezezagun zaigun ornogabe txiki mordoa atzemango genuke. Krustazeo-zopa horretan ugarienak kopepodoak izanik ere, sare... (+)
Izarren hautsa
2025-09-08 | Nagore Zaldua
Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan... (+)
Itsaso bat zahagi gardenetan
2025-06-30 | Nagore Zaldua
Aszidiak tunikadun modura ere ezagutzen diren itsas ornogabeak dira. Munduko ozeano guztietan dauden animalia iragazle sesilak dira: bizitzaren zatirik handiena azalera solidoetara –arroka, maskor edo... (+)
Zizareak olatupeko hondarretan
2025-05-19 | Nagore Zaldua
Haurtzaroan, lursailen batean, parkeren batean edo baserri giroko lurretan sarritan izaten genituen “txitxareak” eskuartean… Jolas guneak gero eta artifizialagoak diren garai hauetan ordea, zaila da... (+)
gora