Asteroko buletina
Urrats, Urteberri, zoroak ere igarri.

Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


2024ko martxoaren 25a

Mendebaldeko pentsamolde modernoaren oinarrian dauden zenbait kontzeptu, bereizketa eta dikotomia kolokan jartzen dituzte haziek. Izan ere, hazia era berean da uzta edo elikagai, eta hurrengo uztarako lehengai. Beste era batez esanda, haziak izan daitezke, alde batetik, jango ditugun babarrun, arto, edo pipak; eta, bestetik, aparte gorde eta hurrengo urtean ereingo ditugunak, horiei esker hurrengo uzta bat izateko. Izaera bikoitza dute, haziek, nolabait.

Baina pentsamendu moderno, kapitalista eta heteropatrialak ugalketa edo erreprodukzioa eta ekoizpena bereizi nahi izan ditu, ekoizpenaren logika (kapitalista) bizitzarenaren kontra jarririk. Ikuspegi horretatik, ekoizpena da etxetik kanpo eta soldata baten truke egiten den lana. Erreprodukzioa, aldiz, lan-merkatuak behar duen eskulana sortzeko eta mantentzeko egiten dena, trukean soldatarik, eskubiderik eta "lanaren" aitortzarik jaso gabe. Badirudi, berez, bi lan mota direla.

Bada, haziei begira jartzean, galdera suertatu zait behin baino gehiagotan. Hazi bat "sortzen" duzunean edo "ekoizten" duzunean, zer ari zara egiten, hazia edo barietatea erreproduzitzen, edota hazia ekoizten? Beste modu batez esanda, haziak gordetzeko lana zer da, lan produktiboa, ala erreproduktiboa? Beharbada, jateko babarrunak edo artoa landatzen ditugunean, nolabait, jango dugun produktu bat ekoizten ari garela esan dezakegu. Baina hazi bat ugaltzen dugunean hortik berriz ere haziak ateratzeko asmotan, zer egiten dugu zehazki? Ekoiztu? Ugaldu? Biak batera?

1988an Jack Ralph Kloppenburgek hazien hobekuntza eta pribatizazioari buruz idatzitako First the seed liburuan baieztapen argigarria egin zuen. Haziek, berez, dimentsio bikoitza dute, baina hazi hibridoek eta hazien patenteek hazien izaera bikoitz hori bereizi zuten; izan ere, mekanismo horiek galarazten dute edozeinek barietate horietako haziak ugaltzea, eta, hortaz, ezberdinak dira ereiteko saltzen diren "haziak" edo jateko saltzen diren "elikagaiak". Horrenbestez, mekanismo horien bidez heldu zen haziengana, alde batetik, ekoizpena, eta bestetik, ugalketa eta bizitza bereizten dituen begirada moderno kapitalista. Baina, zer gertatzen da oraindik bereizketa horretan sartzen ez diren elikagai eta haziekin? Alegia, zer gertatzen da urterik urte norberak bere etxean ugaldu, gorde, erein, jan eta landatu ditzakeen hazi eta elikagaiekin? Zer gertatzen da era berean elikagai eta hazi diren haziekin?

Esan bezala, haziekin ibili naizen hainbatetan galdera hau izan dut bueltaka buruan. Konturatu gabe galdera egitea bera, nolabait, pentsamendu moderno dikotomiko horren tranpan erortzea dela. Ez al da interesgarriagoa galderari buelta eman eta pentsatzea zer esaten diguten haziek bizitzaz, ugalketaz eta ekoizpenaz? Etxean ugaldu eta gorde ditzakegun hazietan dimentsio horiek bereizezinak dira. Hala, kapitalismoaren eta patriarkatuaren kolonizazioa hazienganaino heldu den honetan, momentuz, oraindik badaude logika horretatik eskapatzen diren hazi asko eta asko, eta bizitza, ugalketa eta ekoizpena, hirurak ala hirurak, prozesu beraren ezinbesteko parte direla erakusten digute, horien arteko bereizketa kolokan jarririk. Beste era batez esanda, ekonomia feministak hainbatetan kolokan jarri duen ekoizpen-erreprodukzio dikotomia faltsua dela erakusten digute haziok ere.

Ekonomia feministarentzat, ikusi bezala, inspiraziorako gai izan daitezke haziak. Ugalketari buruz ere asko esaten digute. Hazietatik tiraka ugalketaz sakonki hausnartzeko, baina, transfeminismoaren beharretan gaudela iruditzen zait... Baina horrek hazien bide berri batera garamatza eta, oraingoz, beste baterako utziko dugu.

Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak
2024-12-02 | Marta Barba Gassó
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko. (+)
Ekofeminismoaz, motozerra eskutan
2024-06-17 | Marta Barba Gassó
Duela hilabete inguru, unibertsitateko kide gizonezko baten liburu aurkezpenean ginela, egoera bitxi samarra gertatu zitzaigun. Ekologiari buruzko liburua zen eta erreferentzien artean hainbat pentsalari ekofeminista... (+)
(Hazien) Ugalketa prozesuak kolektiboak dira
2024-06-03 | Marta Barba Gassó
Azken asteotan hazitegian ibili gara udarako barazkien haziak ereiten eta landaretxoak sortzen. Zenbait landare dagoeneko baratzean daude. Lozorroan zeuden haziei baldintza egokiak eskaini dizkiegu esnatu... (+)
Zaintza Sistema eta Continuum-a
Gaur egun, zaintza sistemen etenari buruz hitz egin dezakegu; izan ere, kontuan hartzen al dugu gaur egungo zaintza sistemako fluxu guztien Continuuma? Hau da, kontuan... (+)
Hazien piratak eta lapurrak
2023-09-11 | Marta Barba Gassó
Udaran jasotzen da hazi mordoa baratzean, izan udako fruituak biltzearekin batera jasotzen ditugunak (tomate, piper, kalabazin, edo luzokerren haziak kasu), izan neguko barazkiak loratzen edo... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora