Asteroko buletina
Edozein belar pila ez da meta

Altxorrak eta altxorrak ulertzeko moduak

Haziak altxorrak direla entzun dut maiz. Hazi hibridoak ekoizten dituen enpresa bateko langileak hala adierazi zidan: “Hazi-enpresen altxor handiena hazi hibridoen parentalak dira”. Hazi hibridoak ekoizteko erabiltzen diren hazi eta landareak dira parentalak. Hazien haziak. Altxorrerako bide. Eta, zer egiten dute parentalekin hazi-enpresa multinazional erraldoiek? Bada, altxorra beraientzat gordetzeko asmotan, merkantilizatu eta pribatizatu. “Babestu”? Jabetza eskubideekin erregistratzen diren barietateei “barietate babestuak” deitzen zaie-eta... Hori ironia!


2023ko maiatzaren 08a
Argazkia: Dani Blanco.

Haziak altxor badira, hazi hibridoen parentalak are gehiago. Parentalen kontrola izateak salduko dituzten hazien gaineko kontrola ematen die hazi-enpresei eta, beraz, parentalak beraientzat gorde nahi dituzte, etekin ekonomikoa beraientzat gorde asmotan. Bada, bai, modu bat, haziak eta bizitza ulertzekoa; altxorra mugatua eta finitua den zerbaiten gisan ikusten duen ikuspegia, hain zuzen. Baina, hori horrela al da haziez ari garenean? Ugaltzeko erabiltzen diren izakiez ari garenean, ez al dugu parean altxor mugagabea? (horrek dakartzan arrisku guztiekin). Edo, are, biderkatzeko gaitasuna duen altxorra? Agian hori da gakoa, altxorra biderkatzeko gaitasuna dutela haziek eta, beraz, “babesteko” eta pribatizatzeko are interesgarriago direla? (ai, iruditzen zait antzeko zerbait gertatu dela historikoki emakumeen ugalketa eta gorputzarekin).

Babesteko, baina, badira bestelako ekimenak, haziak altxor gisa bai, baina beste ikuspegi batetik ikusten dituztenak. Esaterako, hazi-banku ugari dago munduan zehar barreiatuta. Eta, gorde soilik ez, haziak ugaldu, zabaldu eta partekatzen dituztenak ere badaude. Zeren… biderkatzeko gaitasuna duen zerbaiti buruz ari garela, gorde baino, zabaldu eta ugaldu behar litzateke, ezta? Haziak ekoizteko elkarte, enpresa edo ekimen txikien biltegietan eta baratzeetan bestelako altxorrak ikusi ditut nik. Edonork etxean ugaldu ditzakeen barietateen haziak. Asko, bertakoak. Denak, ezberdinak. Eta altxor are bitxiagoak ikusi ditut zenbait baratzezainen biltegi inprobisatuetan: txaboletan gordetako kutxa eta potoetan, egunkari ale zaharrekin egindako paperinetan, landareak buruz behera jarrita ganbaretan… Eta, ikusi eta entzun dut nola baserri, baratze, eta ekimen, enpresa edo kooperatiba txiki horietan haziak trukatzen dituzten, ematen dituzten, eskatzen dituzten. Eta haziekin batera mila “trikimailu”, jakintza eta esperientzia, mila historia eta istorio partekatzen dituzten. Eta, orduan, gogoratzen naiz, behin baino gehiagotan kontatu didatela, garai batean, baserri bat saltzearekin batera baserriko haziak ere saldu ohi zirela. Eta burura datorkit, Bilboko Alde Zaharrean bazegoela (badagoela?) oso txanpiñoi onak egiten zituen taberna bat, eta noizbait entzun nuela taberna saltzearekin batera saldu zutela txanpiñoien saltsaren errezeta. Eta, orduan, otu zait badaudela altxorrak eta bizitza eta ugalketa eta etorkizuna ulertzeko modu anitz. Eta modu horiek erabat eragiten diotela bizitzari, ekologiari, munduari eta gure elikadurari.

Komunala izan daitekeen altxor handia dira haziak. Komunalean landu, jorratu, erein, ugaldu eta trukatuz gero biderkatzen den altxorra. Baina, pribatizatuz gero... Entzun diozue noizbait ekonomia feministari bizitza eta kapitalaren arteko talkaz hitz egiten? Haziak altxor handi bat dira, bai, eta gure esku dago altxor hori nola ulertu. Nola kontrolatu, pribatizatu eta galdu. Edo nola zaindu, kudeatu, ugaldu eta partekatu.

Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz
2024-03-25 | Marta Barba Gassó
Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek. (+)
Zaintza Sistema eta Continuum-a
Gaur egun, zaintza sistemen etenari buruz hitz egin dezakegu; izan ere, kontuan hartzen al dugu gaur egungo zaintza sistemako fluxu guztien Continuuma? Hau da, kontuan... (+)
Hazien piratak eta lapurrak
2023-09-11 | Marta Barba Gassó
Udaran jasotzen da hazi mordoa baratzean, izan udako fruituak biltzearekin batera jasotzen ditugunak (tomate, piper, kalabazin, edo luzokerren haziak kasu), izan neguko barazkiak loratzen edo... (+)
Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian
Sumendi gune okupatua. Gasteiz. 2023ko ekainaren 29an. 9:00ak dira eta lehenengo partaideak ailegatzen hasiak dira. UEUko kideak, antolatzaileak, eta gertuko laguntzaileak dagoeneko espazioa txukuntzen gabiltza.... (+)
Munstroaren umetokia ekofeminismotik eraldatzen
Ekologismoak eta feminismoak. Modernitatean eraikitako pentsamolde, praktika eta mugimendu sozial askotarikoak, planetan zehar dabiltzan hainbat herriren antzinako esperientziekin etengabe berrelikatuta. Inguratzen eta zeharkatzen gaituen munstroaz... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora