Nolako zura halako ezpala

Beltzak dirdira egiten duenean

Arrain bat marrazteko eskatuz gero, ez ginateke gehiengoaren eredu. Gorputz obal eta zapala dugu; kolore gris iluna, ia beltza izateraino, eta, aldi berean, zilar kolorea. Ez, "papardoak" ez gara ohikoenak (Mutrikun, Gipuzkoa, akaso). Hala deitu izan gaituzue euskal kostaldeko herri gehienetan, bereziki arrantzaleek (Bizkaialdean, “papardo beltz”). Beharbada, gure hegatsek usoen hegoak oroitarazten dituztelako, edo koloreagatik, nork daki, “palometa” gara Donostialdean.

Eneko Bachiller Otamendi
Eneko Bachiller Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko apirilaren 13a
Papardoa (Brama brama)
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
PAPARDOA Brama brama

TALDEA: Ornoduna / Arraina / Bramidoa.
NEURRIA: 40-50 cm. Mediterraneoan, gehienez 30 cm.
NON BIZI DA? Itsaso zabalean, 100-400 metroko ur-zutabean.
ZER JATEN DU? Arrain txikiak, zefalopodo txikiak eta krill-a (krustazeo pelagikoak).
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Ozeano Atlantikoaren erdian, eremu pelagiko zabalean bizi gara, 100 metrotik gorako sakoneratan. Bakartiak izanik ere, talde txikitan elkartzeak inoiz babesa ematen digu. Sakoneko iluntasunean, gure gorputz beltza abantaila da, harrapakinek atzeman ez gaitzaten; eta, bide batez, ezta harrapariek gu ere. Bertara iritsi daitezken eguzki nahiz ilargi izpi bakanek gure azala kolpatzean, zilar koloreko dirdira eragingo dugu; elkar topatzeko estrategia da. Halaber, gure begien tamainari erreparatuz gero, hontzaren pare gabiltzala esan genezake. Iluntasunak ehizarako parada emango digu; baita ehizean gure mugimenduen dirdirekin harrapakinak nahasteko ere.

Heldutasun sexuala gure biziraupenaren erdialdean iritsi ohi zaigu, 3-4 urterekin; eta, horrekin batera, ugalketarako grina. Horretarako, ordea, erromeria ez dugu eskura. Udazken aldera, bakarrik edo talde txikitan elkartuta, migrazioari ekingo diogu, eremu subtropikaletako epeltasunaren bila –horien ibilbideak zein luzerak, guretzat ez beste, egundo ezezagunak dira–. Bertan ugaldu eta, emeek milaka arrautza askatuko dituzte errute bakoitzean, sakonera txikitako uretan. Uda gerturatu ahala, latitude handiagotara zabaltzeko aukera aprobetxatuko dugu, eremu hotzagoetan elikadura kopurua handiagoa delako. Guretzat, 200 metroko sakoneran 14-15°C-ko tenperatura topatzea izango da gakoa; Kantauri itsasoan sakonera horretako eremua hotzagoa bada, ez gara haraino iritsiko, eta hegoaldean geratuko gara, hurrengo migrazioa abiatu arte.

Harrapakari nahiz arrantzaleak saihestuz gero, metro erdi luzatu gaitezke, eta 10 urte arte bizi. Gure aitonen bat 6 kilo eta metro baterainoko neurria izatera heldu izan da; zortedunak edo esperientziadunak diren ez dakit, baina inork gutxik lortzen du. Gure izaera bakartiak sarda handien arrantza zailtzen badu ere, eremu pelagikoa iragazten duten sare erraldoien aurrean, ezer gutxi dugu egiteko; arrantzaleentzat helburu diren beste espezieen tartean egonik, haientzat sarritan “deskarte” gara. Artisau-arrantzaleek, ordea, bestelako estimua digute –haiek, eta haien etxekoek–. Hala, hondoko tretzaz –amuarekin– arrantzatuak –ehiztarien arteko ehiza, arrastea baina orekatuagoa, behinik behin–, arraindegian eman ohi dugun itxura paregabea da. Gure haragiak oilaskoarena oroitarazi dezake, behin sukaldatutakoan hartzen duen testurari eta koloreari esker. Papardoa eskuragarri izatekotan, oroitu, tokiko harrapaketak ez baitira ohikoak izaten, eta gutxiago ugariak.

Kantauri itsasoan agertuko gara, orain arte bezala, klima eta korronteen nahieran. Ozeanoetako uraren tenperatura epeltzen doala diote; guretzat, gaitzerdi, ezta? Kontua da ez ginatekeela eremu berrietara zabalduko ginatekeen espezie “berri” bakarrak izango. Akaso hobe dira gure iluntasuneko dirdira, eta zarata gutxi, oraingoz. Hain jende gutxiren ahotara iristeko, nahiko izen badugu. Ezagutzen gaituenak, zaindu eta aprobetxa gaitzala. 

Arrokak mozorro
Kantauri itsasoan bada inauterien sasoia urte guztira zabaltzeko gai den arrain-talde bat. Ez du, ordea, mozorroa landu beharrik kamuflaiaren maisu izateko; nahikoa du bere bizileku... (+)
Hondoetako zalduna
Esango nuke arraia gutxik dastatu duzuela. Arrainak, asko. Arrainen artean, hezurdun eskeletoa dutenez gain (osteiktioak), badira kartilagozko hezurdura dutenak ere (elasmobrankioak): marrazoak eta arraiak. Arrainetan... (+)
Aitaren hizkuntzan ez bada, “arrain bat, besterik ez”
Txikitatik erakutsi didazun “Donosti”-ko kaian ezagutu nuen. Nire lehen kainabera teleskopikoa opari, “Kaiarribatik” “Mollardira” jaurti nuen apeua, estreinakoz. Halako batean, beruna arrokaren batean trabatuta geratu... (+)
Urpeko kukurruku isila
Txikitan, beharbada inguruko adinkide gehienen modura “gustatzen ez zaidan” zerbait izatearren, bat batean bota nuen, etxean: “Ez zait gallito gustatzen”.  (+)
Eskuz eta banaka
Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte... (+)
gora