Intxaurraren azpian lo egitea txarra

Stop Fosilak taldeak “energia burujabetzarantz” bide-orria aurkeztu du

Stop Fosilak taldeak bide orri bat aurkeztu du maiatzaren 31n Hernanin. Planetaren 9 mugetatik 7 gaindituta dauden honetan eta "ziurgabetasun handieneko nazioarteko testuinguruan" kokatuta, "konpromiso klimatikoak bete eta erresilientzia handitu" ahal izatea du helburu. Nahikotasuna, Efizientzia eta Berriztagarriak hartu ditu oinarritzat, erregai fosilak "uzteko" eta 2050 urterako "neutraltasun klimatikoa" lortzeko. Trantsizio energetikoa "gidatu beharko luketen" hamar printzipio ere aurkeztu ditu, besteak beste, 2050erako energia kontsumo orokorraren %45 murriztea eta energia horren gutxienez %50 bertan sortzea planteatzen dutenak.


2026ko ekainaren 01a
Stop Fosilak taldeak aurkeztu berri duen bide-orriak zentral eoliko eta fotovoltaiko kopuru hauek jartzea proposatzen du EAEn eta Nafarroan, 2050erako energia kontsumoa %45 murriztuta, energia horren %50 bertan ekoiztua izan dadin.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hego Euskal Herriko energiaren kontsumoari eta ekoizpenari buruzko datuak bildu ditu Stop Fosilak taldeak berriki aurkeztu duen bide-orrian (hemen osorik irakurgai). Bertan irakur daitekeenez, guztira (izan argindarra edo bestelako energia) 80 TeraWattio orduko (aurrerantzean TWh) kontsumitzen ditugu. Horietatik %42 industrian eta nekazaritzan, %35 garraioan, %13 etxebizitzan eta %10 zerbitzuetan.

Guztizko energia kontsumo horretatik elektrikoa ia 20 TWh dira. Eta Hego Euskal Herrian ekoizten den energia berriztagarri elektrikoa 5 TWh dira. Baina lurraldeka begiratuz gero, Nafarroak argindarrean 4,8 TWh kontsumitzen ditu eta energia berriztagarri bidez 4,4 TWh argindar sortzen ditu, ia pareko. Aldiz, EAEk argindarrean 15TWh kontsumitzen ditu eta energia berriztagarri bidez 0,83 TWh sortzen ditu (horien artean, txosten honek hondakinak energia berriztagarri moduan aurkezten ditu).

"Euskal Herrian trantsizio energetikoa gidatu beharko luketen 10 printzipioak"

Hauek dira Stop Fosilak taldeak "trantsizio energetikoa" egiteko proposatzen dituen hamar oinarriak.

1.-Nahikotasuna. Ongizatea eta bizitza duina bermatzeko energia eta ez gehiago kontsumitzea proposatzen du eta horretarako energiaren kontsumo orokorra %45 murriztea 2050erako, erakunde publikoetatik efizientzia eta nahikotasun politikak bultzatuta.

Industria eta nekazaritzan dagoen arren energia kontsumirik handiena, murrizketa txikiena sektore horretan planteatzen du Stop Fosilak taldeak (%26 murriztea), argudio hauek emanda: "Industriaren kasuan, enplegua dago jokoan eta gainera, tenperatura altuko prozesu termikoak elektrifikatzeko zailtasuna dela eta, efizientzia irabazia ez da hain handia".

Murrizketa handiena garraioan planteatzen du (%63), ondoren etxebizitzetan (%59) eta ondoren zerbitzuetan (%40).

Egun elektrizitatea kontsumitzen dugun energia osoaren laurdena bada, Stop Fosilak taldeak txostenean dio elektrifikazioari esker 2050ean elektrizitatea kontsumitzen dugun energia osoaren 2/3 izan daitekeela.

2.-Ordezkatzea. Petrolioa eta gasa ordezkatzea, erakunde publikoetatik energia iturri eta azpiegitura fosilak albo batera uzteko politikak sustatuta.

3.-Burujabetza. 2050erako gutxienez kontsumitzen den energiaren %50 bertan sortua izatea du helburu. Horretarako instalatzea proposatzen du: 3.500 MW potentzia eolikoa, 5.000 MW fotovoltaiko teilatuetan eta 3.400 MW fotovoltaiko lurrean. Horietako gehienak Nafarroan kokatzea proposatzen du: guztira 1.820 MW EAEn kokatzea eta 5.080 MW Nafarroan. Stop Fosilakek azaldu duenez, hori EAEko lurzoruaren %0,5 litzateke eta Nafarroakoaren %1.

Datu hauek denak kontsumitutako energiaren %50 bertan sortzeari buruzkoak dira. Beste datu batzuk ere ematen ditu, kontsumitutako energiaren 2/3 bertan ekoizteari buruzkoak.

4.-Erantzukidetasuna. Administrazio publikoek, eragile ekonomikoek eta herritarrek CO2 isurien eta energia kontsumoaren ardura hartzea eskatzen du eta lurralde bakoitzak bere gaitasunaren arabera energia ekoizten ekarpena egin beharko duela.

5.-Osagarritasuna. Teknologia eta eskala ezberdinen arteko osagarritasuna aldarrikatzen du, autokontsumotik hasi eta zentral fotovoltaiko eta eolikoetaraino, "beti ere, zona degradatuak, ingurumen-sentsibilitate baxuko kokapenak eta hurbileko hornidura lehenetsiz".

6.-Bateragarritasuna. "Energia berriztagarrien hedapena landa eremuen izaerarekin, lurraldeak bete behar dituen gainontzeko funtzioekin (elikagaien ekoizpena, ur hornidura …) nahiz ekosistema naturalen zaintzarekin bateragarria izan behar da". Horretarako, lurralde plangintza "egoki" bat eskatzen du dokumentuak. Plangintza horrek nekazaritzarako lur emankorrenak nahiz biodibertsitatearen ikuspegitik balio altukoak diren eremuak babestu eta ekosistema naturalen berreskurapenerako politikak sustatu behar dituela dio Stop Fosilak taldeak.

7.-Inpaktu global txikiena. Inpaktu global txikienak sortzen dituzten teknologiak lehenestea eskatu du taldeak. Horretarako, teknologien bizi zikloak aztertzea eta materialen berreskurapen eta birziklapena sustatzea eskatu du, "ekonomia zirkularraren printzipioak jarraituz eta beste herrialdeetan sortzen dugun inpaktua aintzat hartuta".

8.-Parte-hartzea. Berriztagarrien hedapenerako bide-orriak ahalik adostasun sozial handienarekin onartzeko, administrazio publikoek deliberazio prozesuak sustatzea aurreikusten du dokumentu honek. Eta aldi berean, "jendarteari egiten dioten ekarpenagatik, berriztagarriak hartzen dituzten lurraldeek konpentsazio neurriak izan behar dituzte", Stop Fosilaken hitzetan.

9.-Demokratizazioa. "2050 urterako eskala ertain-handiko sorkuntza azpiegituren %50a gutxienez jabetza publiko-komunitariokoa izan beharko litzateke" dio dokumentuak. Nola? Dokumentuan aipatzen dena zera da: "Udalei eta energia komunitateei ere energia sorkuntza azpiegituren jabetzan parte hartzeko aukera emanez". Horretarako 2050era artean 7.500 milioi euro inguruko inbertsioa beharko dela aurreikusi du Stop Fosilak taldeak.

10.-Aldiberekotasuna. Trantsizioak ahalik azkarrena izan behar du, Stop Fosilak taldearen ustez, "aldaketa klimatikoaren larritasuna, gure ardura historikoa eta abiapuntuko egoera kaskarra kontuan hartuta". Ezin dela mailakatzerik ezarri diote, kontsumo murrizketaren, autokontsumoaren eta zentral eoliko eta fotovolatikoen ezarpenaren artean: "Dena batera egin beharra dago".

Amasamendiko zentral eolikoak hegazti babestuengan eragin "oso nabarmena" izango lukeenez, udalak enpresarekin harremanak eten ditu
2026-05-29 | Estitxu Eizagirre
Amasa-Villabonako Udalak eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumen txostena egin du eta hori irakurrita, udalak ondorioztatu du Amasamendin Premier Groupek eraiki nahi duen makroproiektu eolikoak hegazti... (+)
Labraza zentral eolikoa eraikitzeko lanetan Aixeindar araudia "behin eta berriz urratzen" ari dela salatu dute
2026-05-27 | Estitxu Eizagirre
Arabako Mendiak Aske taldeak Eusko Jaurlaritzaren jarduera salatu du, Aixeindar SA sozietate publikoa (Energiaren Euskal Erakundeak %40ko partaidetza duena) Labrazako zentral eolikoa eraikitzeko lanetan biodibertsitatea... (+)
Kateak
2026-05-24 | Estitxu Eizagirre
Lurraren aldeko bost ekintzailek euren buruak Labraza (Araba) makroproiektu eolikora lotu zituzten ostiralean eta eraikitze lanak geldiarazi. Iberdrolak (%60) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%40) osatutako... (+)
Amillubiren ametsa lurreratzeko haziak erein ditu Udaberriko Festak
2026-05-18 | Estitxu Eizagirre
Maiatzaren 16an jai egun bikaina bizi izan zuten Amillubi proiektuan, Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoan. Biolur elkartea da proiektuaren sustatzailea, eta bertaratutako herritarrei azaldu zieten proiektua... (+)
“Akatsa da pentsatzea makro berriztagarriak klima larrialdiari aurre egiteko direla, bultzatzen ari diren kapitalistak etekin ekonomikoari begira baitaude”
2026-05-13 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herrian guztira 330 makroproiektu daude eta gehienek badute haien aurkako tokiko taldea. Talde horien guztien arteko sarea da Euskal Herria Bizirik, eta partekatzen dituzten... (+)
gora