Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bizitzaren gehiengoa larba-fasean igarotzen du, ibaietako hondoan lurperatuta, ura iragaziz. Ondoren, metamorfosi sakona pairatu eta itsasorako prestatutako gorputza garatuko du, eta garbitzailea bizkarroi bilakatuko da. Itsaso zabalean, arrain handiagoen soinean itsatsita bidaiatuko du, eta haien odola eta gorpuzki likidoak –azken batean, energia eta indarra–, aho borobilarekin xurgatuko ditu. Itsas-lanproia da. Ospe txarrekoa, baina ekosistema kontinentalaren eta ozeanikoaren arteko lotura arrainek baino lehenagotik mantendu duen fosil bizia; barailarik gabeko arraina, ornodunen eboluzioaren lehen katebegietako bat.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Agnatoa (barailarik gabea).
NEURRIA: 60 cm. Handienek metro bat baino gehiago.
NON BIZI DA? Ipar hemisferioan, Atlantikoko bi aldeetan.
ZER JATEN DU? Larba fasean, ibai-ura iragaziz, materia organikoa, detritusa eta mikroorganismoak (algak, bakterioak, diatomeoak). Gazte eta heldu fasean, bizkarroiak izaki, ostalariaren odol eta gorpuzki likidoak (muskulu eta azala).
BABES MAILA: OSPAR markoan, Atlantiko ipar-ekialdean “egoera larrian” katalogatua. Kantauri Itsasoan, desagertze arriskuan. EAEn ezin da arrantzatu.
Helmuga zehatzik gabeko bidaiarien pare, itsas-lanproiak –“lanpardia”, “lanpra” edo “lanparda” modura ere izendatua denak– korronte nahiz tenperatura gustukoenen arabera hautatuko du hurrengo garraiobidea. Ostalari-espeziea ere lehentasunik gabe hautatzen du. Izan ere, 50 espezie baino gehiagotan dokumentatu da, batez ere arrainetan –besteen artean berdela, akula, korrokoia, legatza–, baina baita marrazo eta arraiatan ere; ez hainbeste itsas-ugaztunetan. Hala, ostalaria ezinbestean ahuldutakoan, lanproiak hura askatu eta beste bat bilatuko du. Ibaiko larba fasean ez bezala, sasoi honetan azkar hazi eta indartuko da, eta heldutasun sexuala urtebetean lortuko du. Une horretan, hormonen aktibazioak kostalderantz abiatzeko grina piztuko dio. Lanproia ordea, ibai-aingira ez bezala, ez da jaio zen ibaira itzuliko. Larba ugari dauden eremuak arrautzak erruteko aproposak direla jakitun, larbek igorritako usaina atzeman ahala, bertara sartuko da, ugaltzera. Habia arrak eraikiko du, legar-substratuan zuloa eginda; bertan emeak hamarnaka mila arrautza askatuko ditu, eta arrak gainera esperma jaulkiko du. “Semelparoak” izaki, arrautzen kanpo-ernalketa hau izango da ar nahiz emeek bizitzan egingo duten azken gauza; bai, hil egiten dira, ibaitik gaztetuta irten eta bi urtera.
Itsas-lanproiak, metamorfosian, ondorengo migraziotan gazitasun-aldaketak jasateko lortzen duen gaitasunari esker –osmoerregulazio mekanismo konplexuen bidez–, era askotako habitatak kolonizatu ditu. Hala, lanproien lerro ebolutiboak 400 milioi urtez iraun du, ezagutzen diren Lurreko lau suntsipen handi gaindituta –bakoitzean espezieen %75 desagertu ziren, dinosauroak barne–. Azken hamarkadetan ordea, gainbehera nabarmena izan du, bereziki Europan. Iberiar penintsulan, iraganean lanproi batek ibairanzko itzulera-migrazioan larben usaina atzemango lukeen hamar ibaietatik zortzitan, egun jada ez da sartuko. Eta asmatuz gero, presak eta bestelako oztopoak tarteko, habitatak zatituta topatuko ditu; argi ibili beharko du errutea gehiegi atzeratu ez dadin, honek ere ezinbestean gazteen biziraute-tasan eragina izango baitu.
Galizian, Portugalen nahiz Frantziako hainbat lekutan balio kultural eta gastronomiko handia du, eta tokian tokiko arrantza tradizionalaren bidez ustiatzen da, otarreak erabilita. Eta honen arriskua da migrazio botila‑lepo estuetan eman daitekeen gehiegizko ustiapena. Hala, Galizian bi ibai-arrotan soilik arrantzatu daitekeen bitartean, Europako eta Amerikako beste eremu batzuetan ugariagoa izan daiteke, eta honek zaildu egiten du espeziearen kontserbazio egoera katalogatzea. Errespetu bat, beraz, banpiro txikiari. Ez gure itsasadarretan topatuz gero arriskutsuak direlako, gure biodibertsitatearen parte direlako baizik. Baina, nork ditu gustuko bizkarroiak? Tira, energia eta indar xurgatzaileez ari bagara, hobe animaliez aritu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545