Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kantauri itsasoan bada inauterien sasoia urte guztira zabaltzeko gai den arrain-talde bat. Ez du, ordea, mozorroa landu beharrik kamuflaiaren maisu izateko; nahikoa du bere bizileku den itsas-hondoko arroka tarteren batean geldi mantentzearekin. Ongi erreparatu gabe, zaila izango zaio bere aurretik igaroko den urpekari, harrapari nahiz harrapakinari bere presentziaz ohartzea. Izan ere, algaz estalitako itsaspeko harri bati begiak eta hegatsak irudikatzea da krabarroka hauen itxura deskribatzeko modurik errazena. Horien artean ere, kasu, guztiak ez dira berdinak. Parrilan akaso, baina itsasoan ez.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Arraina.
NEURRIA: Haitz-kabra 30 cm, itsas-kabra 20 cm, krabarroka txikia 12-15 cm.
NON BIZI DA? Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean (Britainiar Uharteetatik Marokora), Mediterraneoan (haitz-kabra bereziki ugaria) eta Itsaso Beltzean. Normalean 20-500 metroko hondo arrokatsutan.
ZER JATEN DU? Haitz-kabrak: krustazeoak eta bereziki arrainak; itsas-kabrak: krustazeo eta moluskuak; krabarroka txikiak: krustazeoak.
BABES MAILA: Ez daude babestuta.
Gorputzean dituzten arantzek nahiz azaleko apendize apaingarri eta tentakuluek arrainari arroken artean mimetizatzeko aukera ematen diote. Hala, amarrua du harrapakinak ehizatzeko estrategia: haren aho parean oharkabean igerian dabiltzanean, ahoa kolpez ireki eta xurgatu egiten ditu.
Gure kostaldean, nola ahozko hizkuntzan hala arrandegi nahiz jatetxetan, “krabarroka” izenarekin hiru espezie nahasten dira. Denetan handiena –3 kg eta, utziz gero, 25 urte izatera iritsi daitekeena–, eta era berean gastronomian preziatuena, “haitz-kabra” da (gazteleraz “cabracho”). Besteen aldean bizarduna da, kokotxa azpialdean azal-tentakulu nabarmenak garatuko dituen heinean. Sarritan gainontzekoak baino gorrixkagoa, pinporta beltzek bere hegats kaudal osoa apainduko dute. Bigarrena “itsas-kabra” (gazteleraz “rascacio”), marroixkagoa dena. Honen azaleko ornamentuei jarraiki, kokotxa azpiko bizarrak nekez atzemango ditugu; horien aldean, begien gainean bekainak bailiran antzematen zaizkion adartxoak dira nabarmen. Itsas-kabren hegats kaudaleko pinporta beltzek hiru lerro bertikal marraztuko dituzte, goitik beheraino. Itsas-kabra haitz-kabra baino sudurmotzagoa izan ohi da, eta azken honen burua, handiagoa. Baina platerean, azaleko bizar, bekain edo margoek gutxirako balioko digute espeziea identifikatzeko. Zaporez, norberak epai dezala: baina adi itsas-kabra iruzurtzat hartu aurretik, jatetxeetan protagonista den haitz-kabra arrainjaleagoa den bitartean, beste honek krustazeo txikiak baititu dietan nagusi.
Hirugarren espeziearekin ez dugu hainbeste arazorik izango. Batetik, ez digutelako parrilan eskainiko, gehienbat zopatarako eta arrain-pasteletarako erabiltzen baita. Beste espezieak baino txikiagoa izaki, “krabarroka txiki” deitura hartu du (gazteleraz “escórpora”); 10-20 cm dituela aipatzearekin, aski. Krabarrokak gazteak direnean zaila izango zaigu haien artean bereiztea, baina honen kasuan ez dugu kokotxapean azaltxorik topatuko. Arrandegian krabarroka txikiak sarri pilatuta egongo dira; beste bi espezieak, aleka aurkeztuta.
Krabarrokak gehienetan artisau-arrantzako arte-txikiekin harrapatzen dira, tretza zein maila-sareekin. Eta hobe horrela, tamaina txikiko aleak itsasora itzulita, %70 inguruk biziraungo baitu; arraste-arrantzarekin harrapatua izanez gero, bakar batek ere ez. Amuarekin harrapatutakoak lonjan ongi ordainduko dira. Harrapaketak kopuru txikietan izateak duen albo-kaltea, edo saria; izan ere, arrantzaleek argi ibili behar baitute arrainok ontziratzean: babeserako dituzten arantzak pozoitsuak dira, zauri mingarriak egiteko gai. Gainera, hazkuntza geldoak gain-ustiaketaren aurrean zaurgarriago egiten dituen heinean, hobe alez ale harrapatu, batzuek bederen haien bizi-itxaropen naturala bete dezaten. Mozorroen maisuak ezer gutxi egin dezake bestela. Mediterraneoko babesguneetan arrantza eteteak haitz-kabra populazioak indartu ditu hamarkada bakarrean. Beharbada, kontuan hartzekoa da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545