Astelehenero 8:00etan zure epostan
Esango nuke arraia gutxik dastatu duzuela. Arrainak, asko. Arrainen artean, hezurdun eskeletoa dutenez gain (osteiktioak), badira kartilagozko hezurdura dutenak ere (elasmobrankioak): marrazoak eta arraiak. Arrainetan ez bezala, disko formako gorputz-forma zapala nahikoa izan ohi da denak talde berean sartzeko: alta, Bizkaiko Golkoan 30 espezie daude; kantauriar kostaldean zazpi. Ugariena arraia-gastaka, gastaka edo tramana da eta duela 150 milioi urtetik (Jurasikotik) dago gure herrian.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Arraina.
NEURRIA: 100-120 cm, 2-4 kgr.
NON BIZI DA? Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean (Norvegiatik Namibiara), Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean. Normalean 20-600 metroko hondo hareatsu eta lohitsuetan.
ZER JATEN DU? Itsas-hondotik gertu bizi diren krustazeo, molusku, poliketo, zefalopodo eta arrain txikiak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Gastaka, gazteleraz “raya de clavos” –latinezko Raja clavata izendapenetik eratorria–, armadura gogor eta latzak babesten du: azala aspaldiko garaietan eskulanetarako lixa modura erabilia izan zen, egin kontu. Bizkarrezurra, gorputzaren erdialdetik isatsaren muturrera, arantza dortsalez josia du; eta isatsaren oinarrian, ezten zurrunak ditu. Armadurarekin eta armatua da, beraz, harrapakarien aurka babesteko. Baina kasu, oker zabaldua izan duen ospearekin: isatsa, bere ezten-lerro edo zerrarekin, ez da pozoitsua. Zauri mingarriak eragin ditzake, jakina, baina ziurrenik istripuz, inor harengana hurbiltzerako gehienetan bere izaera sedentario, baketsu eta bakartiari men eginik, aldendu egingo baita, edo geldi geratuko, erdi-hondoratuta, inork ikus ez dezan. Hala igarotzen du gastakak eguna, hondo hareatsu nahiz lohitsuetan. Ilunabar nahiz egunsentian, ordea, aktibatu eta kamuflajeaz eta segadaz baliatuta, krustazeo, arrain txiki eta moluskuen ehizan arituko da.
Indibiduo batetik bestera kolorazioa aldatu daiteke eta, beraz, ez da zaila beste espezie batzuekin nahastea. Batzuen azala marroi argiagoa izaten da, eta grisagoa besteena; denak ala denak, tamaina eta forma ezberdineko orban ilunekin bizkarraldean. Azpitik igerian ikusteko aukerarik izatekotan –esaterako, aquarium batean–, oso bestelako itxura hartuko diezu; eta orain bai, guztiei itxura beretsua. Zapal-zapala, zuri-zuria, eta nolabaiteko irribarrea irudikatzen duen ahoa, bi “sudur-zulo”-en azpian. Beherago, zakatz ilara bana, alde banatara. Arra den jakiteko –bereizketa hau elasmobrankio guztietan aplika baitaiteke– erreparatu kloakari –ikusitakoan berehala asmatuko duzu zertaz ari naizen–: arrek zakil modukoa dute, bikoitza; emeek ez.
Emeek heldutasuna zazpi urtera lortzen dute, eta arrek urtebete lehenago. Bizkaiko Golkoan, udazken eta udaberriko ugalketa-garai nagusietan, ur sakonagoetara migratu ohi dute. Barne ernalketa bidez ugaldu ostean, eme batek 50-170 arrautza inguru jarriko ditu sasoi batean (egunean bat): "itsas-lamien diru-zorro" modura ezaguna, arrautzak kartilagozko zaku edo zorro itxura du, eta ertzetatik lau beso edo "adar" atzematen dira, zakuari “H” forma ematen diotenak. Arrautzak itsas-hondoan egongo dira lauzpabost hilabetez, hamar cm inguruko gastakatxoek zorroa apurtu eta igerian irten arte.
Kantauriar isurialdeko aztarnategietako hezur-aurkikuntzek adierazi dute arraia Burdin Arotik kontsumitu dela. Egun, duen haragi zuri eta trinko, zapore leun, proteina kopuru altu eta gantz-portzentaia baxuarekin, zaila da halako ezezagutza ulertzea. Zorionez, arraste-arrantzak ez du gastaka helburu gurean; hobe, kontuan izanik arestian aipatutako ugalketa-tasa mugatua eta hazkuntza motela. Hala, euskal arrantzaleek arte txikiekin harrapatzen dituzte, banaka, tretza nahiz maila-sareekin: urtean hamarnaka batzuk tona. Gastakak ontzian bertan garbitu ohi dira: harrapatu ahala burua eta isatsa kendu, eta hegalak izango dira lonjara iritsiko direnak. Ez da, beraz, ohikoa arrandegietan arraia osorik ikustea; bai, ordea, hegal zatiak, azala kendu eta etxera eramateko prest. Saltsa berdean edo plantxan, beste misteriorik gabe, merezi duen produktua da eta oraindik, ez hain garestia. Gainera, ez du arrainen moduko hezurrik, kartilagoa izango baita platerean garbi geratuko dena. Baina tira, beti topatuko dugu lehenago bixigu “freskoa” Gabonetan erosteko; eta arraia-gastaka ziurrenik kanpotik etorritako familiaren batek eramango du. Txitxarroa eta berdelarekin ere hala izan ohi zen, duela ez hainbeste. Zenbat dugun oraindik ikasteko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545