Asteroko buletina
Otsailean tximeleta baino, otsoa ardi artean ikusi nahiago.

“Azken dantza hau” bisiguarena izan ez dadin

Txikitan kaian arrantzatu ohi genituen ‘pantxito’ gehienak ziurrenik bisiguak izango ziren, baina nekez ikusten genituen bisigu handiak. Izatekotan, jatetxe ezagunetan izango zen, arraindegietako bisigu gehienak kanpotik ekarriak ziren bitartean. Egun, kostaldeko hainbat herritan bestelako espezieen ale gazteak ere pantxitotzat hartu ohi dira: hala nola lentoi, lamote edo birloteak. Bisigua bereizteko, ordea, begiaren tamaina handiagoari erreparatu behar zaio; eta zakatzen atzealdean duen orban beltz borobilari (zaila bereizten, ale txikietan). Kontuan izan, eta utzi aske, uretan.

Eneko Bachiller Otamendi
Eneko Bachiller Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko uztailaren 15a
Argazkia: Eneko B. Otamendi.
Bisigua (Pagellus bogaraveo)

Taldea: Ornoduna / Arraina.

Neurria: 30-40 cm.

Non bizi da? Gazteak pelagikoak dira, baina helduak sakonera handitan bizi ohi dira (400-700 m).

Zer jaten du? Itsas-hondotako krustazeoak, moluskuak, arrainak eta planktona.

Babes maila: Laket-arrantzale bakoitzak urtean ale bakarra hartu dezake (>40 cm). Arrantza komertzialean arautegi bereziak daude.

Bisigua (arrozela, Hondarribin), XIV. mendetik da euskal kostaldean arrantzatua. Hasieran eskuz harrapatzen zituzten, amuz beteriko pita bertikalak erabilita. XIX. mendean, arrantzaleak pita-lerro luzez osaturiko tretzak (gazteleraz, "palangre") erabiltzen hasi ziren. Ordurarte, bisigua Euskal Herrian deskargatutako arrain-espezie garrantzitsuenetako bat izan zen. 1950. hamarkadan, arraste-arrantzaren hedapenarekin, bisigu-harrapaketek ere gora egin zuten, 20 urtez. Baina ez gehiago, ez zegoelako. Gaur egun, 1970ean arrantzatzen ziren 100 aletik bakarra arrantzatzen da. Eta azken hamarkadari erreparatuta, bisiguaren ugaritasuna heren batera amildu da.

Gure arrantzaleen eremuko bisigu populazioa eremu honetara hedatzen da: Kantauri itsasotik, Bizkaiko Golkoa zeharkatuta, Eskoziara. Eta badira beste bi populazio ere, neurri txikiagoan gainbehera sumatu dutenak. Batetik, Iberiar Penintsula hegoaldeko populazioa; bestetik, Azores irla inguruetakoa. Gure jatetxeetan nahiz Orioko Bisigu-egunean topatuko ditugun gehienak ziurrenik bi populazio hauetatik arrantzatuak izango dira; eta gure ingurutik, ordea, oso gutxi.

Bisiguaren berreskuratze-prozesuak hainbat erronka ditu. Batetik, bisigu guztiek gonada ar eta emeak garatzen dituzte; txiki guztiak arrak dira, eta behin 33 cm inguruko neurrira heltzean, 4-6 urte dituztela, gehienak eme bilakatzen dira, arrautzak ernaldu ahal izateko ar mantenduko diren gutxi batzuk izan ezik. Arrantzaleek gehien estimatzen dituzten aleak, eta legez hartu ditzaketenak, handienak izan ohi dira (>36 cm arrantza industrialean, >40 cm laket-arrantzan); beraz, arrantzatzen diren gehien-gehienak, arraultzak errungo dituzten emeak dira. Bestetik, ugalketa neguan egiten duen espezie hau Gabonetako aspaldiko ohiturei aurre egin beharrean aurkitzen da, garai zaurgarrienean alegia. Eta azkenik, sakonera handietan bizi diren arrainak izaki (helduak 400 – 700 metro inguruko sakoneratan bizi ohi dira), hazkunde motela izaten dute; 10 eta 20 urte bitartean bizi daitezke. Eta honek, espeziea arrantzatu gabe egonda ere, berreskuratzeko urte dezente beharko direla iradokitzen du, hainbat belaunaldik eme bihurtzeko gutxieneko neurria hartu arte bederen.

Iberiar Penintsulakoak gara bisiguaren kontsumitzaile handienak. Historiagatik eta ohituragatik, beharbada. Ondare kultural izendapena jasotzeko hautagai aproposa izan liteken espezie hau laket-arrantzan harrapatuz gero ordea, kontuan izan, ale handi eta bakarra arrantzatu dezakezula, urtean. Beraz, ondo izoztu Gabonetarako, eta tartean, dastatu arraigorriak, lamoteak, lentoiak, edo birloteak. Denak dira antzekoak, txikitan. Baina eman diezaiogun bisiguari bere aukera; pantxitoak bisigu izan daitezen. Bego hamarkada hau (gutxienez) eta, ondo jokatuz gero, etorriko da, betikotz, gure (itsas-h)ondora.

Buruan urrea, gehiena akuikulturan ordea
Badira hainbat espezie arrandegietan beti egotera derrigortuak diruditenak. Haien arteko arrain batek dirdira berezia du, urrezko koroarekin begiratzen baikaitu: urraburuak (gazteleraz ere, ezaugarri berari men... (+)
Mugarik gabe, baina ez mugagabe
         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren... Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko. (+)
Eztena, marmokena ez dena
Aurtengo udan ez dugu gure hondartzetan marmoka gehiegirik ikusi. Baina ehunka pertsona izan dira Kantauriko postuetan artatuak, Galiziatik Euskal Herrira. Marmokak? Ez. Karabela portugaldarrak orduan?... (+)
Itsas hondoan jaioa, arrantzan iaioa
Aspaldi arrantzaleek gutxi estimatutakoa bazen ere, egun platerean itsasoan baino dezente hobe ezagutzen da. Haragi trinkoa du, bereziki isatsean. (+)
Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela
Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora