Asteroko buletina
Izotzetan eta elurretan, abenduko gau luzeetan.

Buruan urrea, gehiena akuikulturan ordea

Badira hainbat espezie arrandegietan beti egotera derrigortuak diruditenak. Haien arteko arrain batek dirdira berezia du, urrezko koroarekin begiratzen baikaitu: urraburuak (gazteleraz ere, ezaugarri berari men eginez, dorada-k). Ondoan haien artean anaiak diruditen sorta dago, prezioz nabarmen merkeago, txikixeagoak baina dirdira antzekoarekin. Jatetxe askotan ongi dakite, behin parrilatik pasatakoan bezero gehienak gustura geratuko direla, batarekin nahiz bestearekin. Baina ondo dago jakitea behintzat, Espainiako estatuan erakusmahaiko hamar urraburutik bederatzi ez direla itsasoan harrapatutakoak; eta bederatzi horietatik zazpi ziurrenik Turkia edo Greziatik ekarri dituztela. Eta gure kostaldeko urraburu basatiak lehenetsiz gero, aldea egongo dela, ez soilik zaporean.

Eneko Bachiller Otamendi
Eneko Bachiller Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko abenduaren 16a

Urraburuak gorputz luzekara du, buru handiarekin. Begi artean izena ematen dion urre koloreko marra du, are horiagoa dena arraina zahartzen doan heinean; eta orban beltza, operkuluaren gainaldea estaltzen duena. Zilar kolore grisa du, ilunagoa bizkarraldean. Hegats pektoralak handiak dira, eta haren isatsa zabala, ertz beltzekin. Tira, beste arrain bat gehiago. Baina bere xelebrekeriekin, beste behin ere.

Balear irletan akuikulturan erabiltzen diren ur-tanga kontrolatuetan burututako ikerketa batean ondorioztatu denez, urraburu gazteak denbora batez harrapari baten mehatxupean badaude, hari aurre egiteko eraldaketa fisikoak eman ditzakete; esate baterako, gorputzaren altuera handitu, harrapariak zuzenean ezin izan ditzan irentsi. Aldaketa hauek itzulgarriak dira gainera, urraburu gazteentzat: behin arrisku garaia amaitzean, haien ohiko formara bueltatuko dira.

Kostalde osoan zehar, 150 metroko sakoneraraino zabaldu daitezkeen arren, bizitzako lehen urteetan kostatik hurbil biltzen dira, gazte asanbladatan, 30 metro edo gutxiagoko sakonerako hondo hareatsu edo arrokatsuetan. Gazteok, ordea, arazo larria dute: guztiak arrak dira. Hori gutxi balitz, bizpahiru urteren baitan, guztiak eme izatera pasako dira. Beraz, eme guztiak arrak baino helduagoak izango dira. Halako espezieei hermafrodita protandriko esaten zaie, arren heldutasuna emeena baino lehenago iristen zaielako (horixe bera, guri ez). Eta hala moldatuko dira, negu aldera ugalketa garaia iristean talde handiagotan biltzen diren sasoian: urraburu eme heldu bakoitzak duen kilogramo bakoitzeko, milimetro bateko diametroa duten bi milioi arrautza jarriko ditu. Egin kontu. Elikatzeko, bestalde, duten baraila nahiz hortzeria sendoagatik, aise txikitu ditzakete hondar nahiz arroka artean topatu ditzaketen krustazeo nahiz moluskuen oskolak; arrain txikiren bat aurretik pasaz gero ere, ez diote aukerari pasatzen utziko.

Gastronomian ez dira beste arrain bat gehiago, eta hala ordaintzen dira saltokietan; basatiak direnak, garestiago, jakina. Gure herrian aisialdian urpeko laket-arrantzan dabiltzanentzat ere espezie preziatuenetakoa da. Duten garrantziagatik, hazkuntza-tasa altuagatik, elikagaietara moldatzeko gaitasunagatik, eta gazitasun baxuko uretarako tolerantzia handiagatik –ibaien itsasadarrean ere gustura egoten dira–, espezie aproposa da itsasoan jarritako hazkuntza-kaiolatarako nahiz lehorrean egindako haztegietarako. Hauen artean elikagai naturalekin –molusku eta krustazeoekin– hazten dituzten kasu zehatzak egon badaude ere, akuikulturan gehien zabalduta dagoen elikadura-mota pentsua da; eta hemen, beste mundu bat zabaltzen da, hauek sortzeko beharrezko lehengaien kopuru eta jatorrien ingurukoa. Kasuan kasu, eta urraburuen tamaina komertziala 250 gramotik 2 kilo artekora izaki, argi dago nekez iritsiko dela urrabururen bat xaltomiko izatera –hala izendatzen dira kilo batetik gorako urraburuak Hondarribia aldean–, itsasoan aske ez bada.

Arrandegian erreparatu arrainaren jatorriari; galdetu, nondik datorren, eguneko arraina den, zein tresnarekin harrapatua izan den –artisau-arrantzaleek hondoko tretzarekin, gazteleraz, palangre harrapatu ohi dute–, edo akuikulturakoa den. Galdetu, ikasi eta hausnartu: erosten dugunaren arabera nola elikatzen dugun gure burua, eta bide batez, zer ari garen babesten –zer erosi, hura babestu–. Akuikulturan gehiago sakondu nahi izanez gero, jo dakitenengana; besteak beste Mutriku aldera, han inguruan badelako akuikultura beste modu batean egin daitekeela erakutsi dezakeenik oraindik ere.

 

URRABURUA (Sparus aurata)

TALDEA: Ornoduna/Arraina.
NEURRIA: 30-40 cm. Ale handienek 10 urtetik gora, 15 kilotik gora eta 70 cm inguru izan ditzakete.
NON BIZI DA? Atlantiko ekialde osoan (Cabo Verdetik, Ipar Itsasora), Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean.
ZER JATEN DU? Molusku, krustazeo eta arrain txikiagoak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Mugarik gabe, baina ez mugagabe
         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren... Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko. (+)
Eztena, marmokena ez dena
Aurtengo udan ez dugu gure hondartzetan marmoka gehiegirik ikusi. Baina ehunka pertsona izan dira Kantauriko postuetan artatuak, Galiziatik Euskal Herrira. Marmokak? Ez. Karabela portugaldarrak orduan?... (+)
"Azken dantza hau" bisiguarena izan ez dadin
Txikitan kaian arrantzatu ohi genituen ‘pantxito’ gehienak ziurrenik bisiguak izango ziren, baina nekez ikusten genituen bisigu handiak. Izatekotan, jatetxe ezagunetan izango zen, arraindegietako bisigu gehienak... (+)
Itsas hondoan jaioa, arrantzan iaioa
Aspaldi arrantzaleek gutxi estimatutakoa bazen ere, egun platerean itsasoan baino dezente hobe ezagutzen da. Haragi trinkoa du, bereziki isatsean. (+)
Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela
Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora