Asteroko buletina
Utzi naturari zure baratzean bizitzen

Mugarik gabe, baina ez mugagabe

         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren...

Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko.

Eneko Bachiller Otamendi
Eneko Bachiller Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko azaroaren 04a
Sardina europarra (Sardina pilchardus)

TALDEA: Ornoduna / Arraina.

NEURRIA: 15-30 cm. 10 urtetik gora bizitzera iritsi daitezke.

NON BIZI DA? Espezie pelagikoa da, itsasoko sakonera ertainean bizi delarik (25-100 m). Ozeano Atlantiko ekialdean (Europa eta Afrikako kostaldean) eta Mediterraneoan topatu daitezke. Hemendik haratago ere sardinen ahaide ugari daude, nahiz eta tokian toki, espezie ezberdinak izango diren (adib. Sardinops sagax Afrika hegoaldean). Normalean sarda handiak kostaldera hurbiltzen diren arren, garai batzuetan ozeano zabalean mugitzen dira.

ZER JATEN DU? Planktona (zooplanktona eta fitoplanktona). Igerian doazela ahoa irekita mantenduz, irensten duten ura zakatzetan zehar iragazten dute eta eremu pelagikoan esekiduran dauden arrautza, larba, krustazeo edo landare mikroskopikoz elikatzen dira.

BABES MAILA: Ez dago babestua.

Ozeanoaren arabera espezie bat edo beste izanda ere, gertuko ahaide gara denak, eta antzeko bizimodua daramagu. Taldekoi izaera muturreraino eraman ohi dugu, sarda erraldoietan elkartzeak harraparien mehatxuaren aurrean bizirauteko aukerak handitzen baitizkigu (komunitatearen garrantzia!). Gure gorputzaren txikitasunetik abiatuta, talde modura gara handi.

Kantauri itsasoan bizi garen sardina europarron kasuan (Sardina pilchardus), ugalketa-sasoian gutariko eme (ama) bakoitzak 50.000 arrautza inguru askatuko ditugu; udazkenetik uda hasierara, hainbat errutetan. Behin askatutakoan ez ditugu zainduko; baina badakigu, hainbeste izanda, batzuek behintzat biziraungo dutela (“r” estrategia deritzo horri). Igerian eman ohi dugu bizi osoa, taldekideen norabide berean betiere. Horrela, sarda erraldoiak sortzen ditugu, munduko handienak: esaterako, gure Afrika hegoaldeko ahaideen (Sardinops sagax) kasuan, haien migrazioan mugitzen den biomasa Afrikako sabanako animalia-saldoen parekoa da...

Baina talde modura indartzen gaituenak talde modura zaurgarri ere egiten gaitu, klima-aldaketaren aurrean. Itsasoko uraren tenperatura igo ahala, arrautza gutxiago errun ditzakegu, eta fitoplankton eta zooplanktona gutxitzen den heinean, gutariko gehiengoa kaltetua izango da. Honetaz gain, ozeano batean ala bestean, turismo gastronomikoa erakartzen dugu, ez baita makala gure elkarretaratze handiek harrapakariengan pizten duten interesa. Gure arrautzek eskaintzen duten elikagai iturriaz gain, sardina helduok hainbeste igeri egiteak gihartsu egiten gaitu, proteina iturri aberatsa (arrain “urdinak”) gara munduko harrapakari anitzentzat; hala nola zetazeoentzat (izurdeak, baleak…), itsas-hegaztientzat (ubarroiak, zangak…), marrazoentzat, nahiz bestelako arrain handientzat. Eta zeresanik ez, gure harrapakari nagusiari erreparatuz gero. Errespetu bat zor diguzue, bai; munduan arrantzatzen diren arrain guztien laurden bat garen heinean, ia 4 milioi tona sardinako kontsumoari eusten baitiozue.

Zuen kulturaren parte gara gainera. Autobusean sartu ezinik zabiltzatenean, gurekin oroitzen zarete. Ez da kasualitatea, XIX. mende hasieran Napoleonek arraina usteldu gabe mantentzeko modua asmatzen zuenarentzat ordainsaria eskaini zuenetik, kontserba izan baita gure patu nagusia. Bestalde, gatzez estalita lehortzeak ere fama handia ekarri digu: gogoratu bestela, batez ere garai haiek bizi izan dituzuenek, sardinzar kutxa borobilak (kontuz, Norvegiako lehengusu diren sardinzarrekin nahastu gabe, Clupea harengus, gazteleraz arenque). Badira sardina keztatuak ere, kutixi modura… Eta txokolatezkoak ere bai, Gabonetarako. Sardinak nonahi. Neguko inauterietan sardina lurperatzeko ohitura ere baduzue… Eta, bide batez, ezin uler zitekeen arrantza munduan emakumezkoek izandako papera, gu gabe; bai gu harrapatzeko sareak prestatu nahiz konpontzean, bai kontserba-industriako lanean. Eta oroitu, Santurtzitik Bilbora hor ibiltzen ziren lehengo sardinerak…

Kantauri itsasoan, uda garaian, kostaldera hurbiltzen garenean, euskal arrantzaleek inguraketa-sarearekin (“traina”) harrapatzen gaituzte, ilunabarrean (“ardoran”) eta egunsentian (“alban”): azken kasu honetan sardina bereziki “frexkue” izaki, preziatuago izango gara lonjan. Uda hasieran sardina gehienak hegaluzeen beita modura erabiliko gaituzte (“parrotxa” izenez ezagutzen dira horretarako aproposak diren tamaina txikiko sardinak). Hala, arrandegietara uda amaiera-udazken hasiera aldera helduko gara, behin hegaluzeen kanpaina amaituta. Udako jai herrikoietan parrilatan topatzen gaituzuenean, beraz, erreparatu ea nongo arrantzaleek hartu gaituzten, eta non, jakiteko bederen.
Azken urteetan gure kostaldeko sardinaren arrantza Kantauri ekialdeko eremu zehatzetara mugatua egon da. Adierazgarria. Aurten berriro ere Kantauri osora zabaldu da arrantza; zorionez, beti ere sasoiak ongi aztertu eta errespetatzen badira. Asko baikara, leku askotan; baina ez une oro, ez nonahi, eta aldaketarik ezean, ez betiko. Zaindu gaitzazue, jaietako sardin-erre usaina ondorengoek ere ezagutu dezaten.

Txikitik handitasunera, ea beste zein arrain ausartzen den gure kantuan batzera. “Jarrai dezala..."…

Buruan urrea, gehiena akuikulturan ordea
Badira hainbat espezie arrandegietan beti egotera derrigortuak diruditenak. Haien arteko arrain batek dirdira berezia du, urrezko koroarekin begiratzen baikaitu: urraburuak (gazteleraz ere, ezaugarri berari men... (+)
Eztena, marmokena ez dena
Aurtengo udan ez dugu gure hondartzetan marmoka gehiegirik ikusi. Baina ehunka pertsona izan dira Kantauriko postuetan artatuak, Galiziatik Euskal Herrira. Marmokak? Ez. Karabela portugaldarrak orduan?... (+)
"Azken dantza hau" bisiguarena izan ez dadin
Txikitan kaian arrantzatu ohi genituen ‘pantxito’ gehienak ziurrenik bisiguak izango ziren, baina nekez ikusten genituen bisigu handiak. Izatekotan, jatetxe ezagunetan izango zen, arraindegietako bisigu gehienak... (+)
Itsas hondoan jaioa, arrantzan iaioa
Aspaldi arrantzaleek gutxi estimatutakoa bazen ere, egun platerean itsasoan baino dezente hobe ezagutzen da. Haragi trinkoa du, bereziki isatsean. (+)
Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela
Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora