Asteroko buletina
Uztailako kallaren kantia, xakia bai eta xakukorik ez, edo xakurik ez da xakukoa bai.

Eztena, marmokena ez dena

Aurtengo udan ez dugu gure hondartzetan marmoka gehiegirik ikusi. Baina ehunka pertsona izan dira Kantauriko postuetan artatuak, Galiziatik Euskal Herrira. Marmokak? Ez. Karabela portugaldarrak orduan? Ezta ere. Oraingoan, arrain baten eztenak izan dira ur-ertzean hankutsik ibili den jende mordoaren amesgaizto. Eta marmoken ziztaden bikoitza baino gehiago eragin dituzte azken hiruhilekoan.

Eneko Bachiller Otamendi
Eneko Bachiller Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko urriaren 07a
Xabiroia (Trachinus draco)

TALDEA: Ornoduna/Arraina.

NEURRIA: 25-30 cm. Handienak 40-50 cm eta 15 urte izatera heldu daitezke.

NON BIZI DA? Espezie bentonikoa da, itsas hondo hareatsuetan bizi da. Kostaldetik hurbil egon ohi den arren, 300 metroko sakoneratan ere bizi daiteke. Ekialdeko Ozeano Atlantikoan, Itsaso Beltzan eta Mediterraneo itsasoan bizi da.

ZER JATEN DU? Itsas hondotako krustazeoak eta arrain txikiak. Gauez ehizatzen dute gehienetan.

BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Xabiroia espezie ezaguna da kostaldean, baina hondartzetan duen eraginagatik are ezagunago bilakatzen ari da, pixkanaka. Gure kostaldean aspaldidanik bizi da; horren erakusle da espezie honek duen izendegi zabala: koxka (zergatik ote?), lapabitxa, hondarrazpikoa, salbeoa edo salbarioa… Arrandegietan hain ohikoa ez bada, batez ere, arrantzaleak eurentzako gorde izango zutelako da, ziurrenik. Horrez gain, artisau-arrantzaleek haien eguneroko harrapaketatan sarritan hartzen badituzte ere, kontuan izan behar da gehienetan kopuru txikietan harrapatzen dituztela.

Xabiroia itsas hondo hareatsuetan bizi da, normalean kostaldetik hurbil. Hondarrean erdi-estalita egon ohi da, sarritan hondarraren kolorearekin mimetizatuta, harrapakinek ikusi ez dezaten. Horrela, arrain txikiak, izkirak edo bestelako krustazeoak haren aho paretik igarotzean, bat-batean irensten ditu, aho-mugimendu bizkor batez (zapoen antzera). Gorputz luze eta estua du, begiak elkarrengandik hurbil eta buruaren goialdean. Kolore turkesa izaten du, baina harrapatu eta uretatik atera ahala apalago bihurtzen da. Sabelaldea hori-zurixka du, orban urdinak ere ageri dituena –hortik, agian, saburdin izena ere hartzea, Bizkaiko hainbat herritan–.

Edozein kasutan, espezie honen ezaugarri nabarmenena dituen ezten pozoitsuena da. Batetik, ziztada arriskutsuena haien albo banatara dituzten operkuluen ertzeko arantzarekin eman dezakete; horretarako, arrainak bere gorputza kiribiltzen du eta zartada azkarrak eman ditzake. Arrantzaleek ongi dakite kontuz ibili behar dela xabiroia amutik edo saretik askatzeko orduan. Bestalde, buruaren gainean duten lehen hegatsean (hegats dortsalean, alegia) ezten pozoitsuak dituzte, normalean kolore beltza dutenak, tamaina ezberdinekoak. Hauek izaten dira, zortedun bagara, hondarrean gabiltzanean bereizi ahal izango ditugun puntu beltzen adierazle. Horien funtzioa ulertzea erraza da: zer egingo genuke, ezpata bat izanda, erraldoi baten hanka gainera etorriko balitzaigu? Defendatu –gezurra badirudi ere, itsas ekologiaz ari gara hemen–. Hori da hain justu ere arrain honek harrapari handien mehatxuei aurre egiteko duen estrategia; hegats dortsaleko eztenak tenkatzea. Ez dira beraz arriskutsuak bere hartan eta, gehienetan, ihes egingo dute. Hondarretan oinutsik gabiltzanean, hondarra mugituz oinak arrastaka joango bagina, ziurrenik haiengandik salbu ginateke; eta haiek gugandik.

Okerrenean ziztada jasoz gero, onena adituengana jotzea da, neurotoxinek eragindako mina lehenbailehen arintzeko. Bestela, kaltetutako atala ur oso berotan –ia-erretzeraino ahal bezain beste– 30 minutuz mantentzeak ere laguntzen omen du. Eta ez igurtzi, sekula.

Ziztadak ziztada, askori zaila egingo zaio arraina platerean irudikatzea. Baina xabiroia arrandegitan hain ugaria ez bada ere, kontuan izan Euskal Herrian aisialdian laket-arrantzan dabiltzanen harrapaketetan espezie garrantzitsuenetako bat dela. Eta horretan dabiltzanek jakingo dute zerbait.

Eskura izanez gero, beraz, kendu beldurra, eta ez aukerarik galdu. Etxera osorik ekartzekotan, hartu alboetatik (arantzei erreparatuta), moztu guraizeekin burua, uzkitik abiatuta, operkuluen atzetik, buruaren gaineko hegats dortsal pozoitsua kendu arte. Mozketa bakarra, listo. Hortik aurrera, prestatu antxoa balitz bezala, edo xerratan. Probatu, eta ulertuko duzu zergatik ez den hain ohikoa, arrandegietan. Eta inguruan haurrak izatekotan, haiek ere probatu dezatela. Aurretik haiei bere ezaugarri eta berezitasunak azaldu ondoren, ahal bada. Ez dutela gustuko? Ea bada maionesarekin, edo limoiarekin. Baietz asmatu.

Buruan urrea, gehiena akuikulturan ordea
Badira hainbat espezie arrandegietan beti egotera derrigortuak diruditenak. Haien arteko arrain batek dirdira berezia du, urrezko koroarekin begiratzen baikaitu: urraburuak (gazteleraz ere, ezaugarri berari men... (+)
Mugarik gabe, baina ez mugagabe
         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren... Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko. (+)
"Azken dantza hau" bisiguarena izan ez dadin
Txikitan kaian arrantzatu ohi genituen ‘pantxito’ gehienak ziurrenik bisiguak izango ziren, baina nekez ikusten genituen bisigu handiak. Izatekotan, jatetxe ezagunetan izango zen, arraindegietako bisigu gehienak... (+)
Itsas hondoan jaioa, arrantzan iaioa
Aspaldi arrantzaleek gutxi estimatutakoa bazen ere, egun platerean itsasoan baino dezente hobe ezagutzen da. Haragi trinkoa du, bereziki isatsean. (+)
Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela
Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora