Astelehenero 8:00etan zure epostan
Cefiro Holdco enpresak "Domiko" deitu dion eta bederatzi makroeoliko izango lituzkeen proiektua jarri nahi du Lesaka eta Goizuetako lurretan eta ebakuazio-linea Oiartzungo azpiestaziora bideratuko luke. Espainiako Gobernuak du proiektu hau tramitatzeko eskumena.
Erran hedabideak eman du berria. Bertan irakur daitekeenez, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) urte hasieran argitaratutako txostenetik izan dute proiektuaren berri: hor agertzen da Cefiro Holdco enpresak "Domiko" proiektu eolikoa sarera konektatzeko baimena lortua duela 2023ko maiatzetik.
Erran webgunearen kide den Ttipi-Ttapa aldizkariak informazio eske jo du Nafarroako Gobernuko Industria departamentura eta hango ordezkariek jakinarazi diotenez, "Domiko proiektuak bereziki Lesakari eraginen lioke". Beste informazio hau ere jaso dute Industriako ordezkariengandik: "Bederatzi aerosorgailu izanen lirateke eta ebakuazio lerroa Oiartzunen izanen luke".
Makrozentral eolikoen aurkako mugimenduko kide den Mikel Alvarezek ohartarazi duenez, "Kontuan hartzekoa da Cefiro Holdco enpresa horixe dela Urumeako mendietan Repsolen 'Erreka' izeneko makroproiektu eolikoa martxan jarri nahi duena". "Erreka" proiektua bezala, "Domiko" proiektu eolikoa ere 50 MW baino handiagoa denez eta bi autonomia erkidegori eragiten dienez (EAE eta Nafarroa), Espainiako Gobernuan hartuko dira honen tramitazioari buruzko erabakiak.
Goizuetan lehendik bada beste makroproiektu bat, esan dugunez. Goizueta, Arano eta Hernaniko lurretan jarri nahi dituzten makroeolikoen aurrean desadostasuna agertzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute Aranon martxoaren 15erako. "Vidas irrenovables" (bizitza ez berriztagarriak) dokumentala emango dute, txangoa egingo dute haize errotak jarri nahi dituzten lekura, Joseba Tapia, Jon Mari, Izer eta Alabier soinu-joleek emanaldia egingo dute eta Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsolariak balkoitik balkoira arituko dira bertsotan. Informazio gehiago, albiste honetan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545