Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kirolaren munduan bizi izan da beti Vanessa Almeida Querejazu (Gasteiz, 1978). Txiki-txikitatik hasi zen eskian, eta bederatzi urterekin belak txunditu zuen. Kirol horretan munduko txapelduna izan da, baita Espainiakoa ere, hiru bider. Halaber, 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan Espainiako Bela Talde Paralinpikoko entrenatzailea eta taldeburua izan zen. Egun, mendiko kiroletan ari da. 8.000 Sin Barreras (8.000 Oztoporik Gabe) proiektuaren bidez, autismoaren detekzio goiztiarra sustatu, autismoa ikusarazi eta mitoak eta estereotipoak deuseztatu nahi ditu.
ALMEIDAK UTZIA
Vanessa Almeida Querejazuk heldutan jakin du autista dela. Jakinarazi ziotenean, "haserrea eta amorrua” sentitu zituen, inork ez zuelako lehenago ikusi. Gaitasun handiak ditu, halaber. 42 urterekin jakin zuen: “Bizitza erdia pasa dut nor naizen jakiten saiatzen, eta ez dut nahi beste inork bere bizitza horretan galtzerik”. Aldi berean, lasaitasuna ere sentitu zuen: “Jakin nuenean, azken pieza jarri nuen. Dena argitu zen eta denak zentzua hartu zuen. Ordura arte ez nuen ulertzen. ‘Horrenbeste kostatzen da bizitzea? Hau da bizitzaren kostua?’, pentsatzen nuen. Terrorea ere sentitu nuen, gizartea ez dagoelako prest eta aurreiritzi asko daudelako”. Horregatik, 8.000 Oztoporik Gabe proiektua sortu zuen 2021ean.
Abiapuntua edo hasierako erronka Manaslu mendia igotzea zen. Munduko mendirik altuenetan zortzigarrena da, 8.156 metro ditu, eta Himalaian (Nepal) dago. 2025eko irailaren 21ean egin zuen saiakera, eta 7.000 metrora heldu zen. Elur ekaitz batengatik ezin izan zuen gailurrera iritsi, baina 2028ko udaberrian beste saiakera bat egin nahi du: “Autismoa duen eta 8.000 bat egiten duen lehenengo pertsona izan nahi dut, baina bi haur ditut. Ama izatearen ardurak gainditzen nau, eta argi dut saiakera bat egingo dudala, baina etxera itzuli nahi dudala. Ez dut bizitza arriskuan jarriko. Hala ere, horrelako kirol bat egiten dugunean badakigu bizitza galdu dezakegula, eta mendiak bere arriskuak dituela. Batez ere orain, klima aldaketarekin, asko ari da konplikatzen”.
“Milioika pertsona autista eta familia daude, egunero euren 8.000koak eskalatzen ari direnak”
Autismoa espektro bat da, eta pertsona bakoitza mundu bat. Hortaz, bakoitzak bere zailtasunak eta gaitasunak ditu, eta beharrak norberaren araberakoak dira. “Nik ez daukat gaixotasunik", dio Almeidak. "Nire burmuina desberdina da; mundu hau bizitzeko modua desberdina da”. Esan digu kirola nahitaezkoa izan dela bere bizitzan bidea egiteko: “Kirolaria naiz ikusi nuelako ongi egoteko modu bakarra zela. Autismoak eraman nau kirolari izatera. Haurra nintzenean asko sufritzen nuen, eta zenbat eta kirol gehiago egin, orduan eta hobeto sentitzen nintzen”. Horregatik, jendea animatu du bakoitzak ahal duen moduan gorputza mugitzera.
Manaslu mendia igotzea erronketako bat den arren, beste hainbat hanka ditu proiektuak; hala nola begirada neurodibergentea txertatzen duten ikerketa zientifikoak sustatzea eta dibulgazio lanak egitea. Asko dira Almeidak ematen dituen hitzaldiak, baina sentitzen du gehiago sakondu behar duela. Horregatik, azken aldian, zenbait liburu idazten ari da. Horien artean, No somos el problema: El autismo sin filtro ("Ez gara arazoa: autismoa filtrorik gabe"). “Autismoa espektro bat da, eta nire kasuan autismoaren bertuteetako bat da oso ongi komunikatzen dudala. Kolektibo autistaren %30ak ez du hitz egiten, eta askok ezin du adierazi zein behar duen eta zer gertatzen zaion. Uste dut besteoi dagokigula hori erraztea”, esan du.
Bereziki familientzat eta elkarteentzat praktikoak izango diren tresnak eta baliabideak sortu nahi ditu. Hunkituta mintzo da horri buruz: “Nire esperientzia partekatu ostean, jendeak esan dit orain ulertzen duela bere alaba. Ama bati laguntzeak ez dauka preziorik. Guraso askori kosta egiten zaie ulertzea zer sentitzen ari diren seme-alabak eta nola prozesatzen duten informazioa”.
Hitzaldi batean amatxi batek esandako iruzkin batetik sortu da liburua egiteko ideia: “Negarrez hurbildu, eskutik heldu, eta esan zidan: ‘Azaldu duzun guztia liburu batean idatzi dezakezu nik nire biloba ulertzeko?’. Esan nion ez nuela inoiz horrelakorik egin, baina saiatuko nintzela. Liburua idazten nuen heinean, ikusi nuen ez nuela soilik berarentzat idazten, baizik eta jende askorentzat. Jendeak gauza asko egiten ditu laguntzeko asmoz, adibidez, familia batzuk hiriz aldatzen dira, baina galduta daude”. Emozionatu egiten da familiei laguntzeaz hitz egin duenean.
Uste du idazketaren bidez urrunago hel daitekeela, eta eragina handiagoa izan daitekeela: “Jendeak erantzunak behar ditu. Asko sufritzen ari dira. Milioika pertsona autista eta familia daude, egunero euren 8.000koak eskalatzen ari direnak. Bere seme-alaba ulertzen ez duen ama bat dagoen bitartean, idazten jarraituko dut”.
Almeidaren kasuan, autismo hitzak zentzua eman zion ordura arte egindako bideari, eta azalpen bat lortu zuen: “Uste nuen hautsita nengoela, eta ni nintzela arazoa. Ikusten nuen besteek ahal zutela, eta niri gehiago kostatzen zitzaidala. Horrek osasun mentalari eta urte luzez zeure buruari begiratzeko moduari eragiten dio”. Mundua prozesatzeko duen moduari izena jartzeak marko bat eman dio: “Mapak ez dizu bizitza konponduko, kontua da zer egiten duzun zuk horrekin”. Liburua, nolabait, bidea elkarrekin egiteko mapa bat izatea nahi du.
"Burmuina, giharrik indartsuena delako. Zuk nahi duzun lekura iristea ahalbidetzen duena da. Uste dut burmuina landu behar dugula edozein gihar bezala. Adibidez, goi-mailako lehiaketetan gorputza lantzen den bezala, burua ere landu behar da".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545