Asteroko buletina
Otsailean aldiz eguzkitan, aldiz sutatsean.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Tomatea ilarraren ondoren?
2024-05-02 13:06 | Xabier

Kaixo!! Jakoba, nai nuke jakin illarra egondan lekun tomatia aldatzea ondo etortzen zaion. Eskerrik asko.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-02 16:43

Ilarrak, lekaduna denez, lurra nitrogenoz kargatuta uzten du. Tiraka ez atera landareak, moztu eta sustraiak bertan utzi, ongarri gehiago… Nitrogenoak, ordea, hostoa sustatzen du, eta tomateak hasieran hostoa eman eta hazi egin behar du, baina nitrogeno gehiegi badago, loraldia atzeratu daiteke. Hori ez gertatzeko, tomatea landatzean tarteetan jarri hostoa jaten diogun zerbait: letxuga, eskarola, ziazerba… Eta tomatea hazten den artean, osatuko dira eta jango dituzu. Horiek nitrogenoa ere ederki eramango dute, lurreko gaindosia bere oneratuz.

Gaur arte erantzundakoak (298 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba! Badakizu euskeraz tupa deitzen diogun lurrari, nola esaten dioten erderaz? Eskerrikasko!! Ondo izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-06 22:14

Nik esango nuke marga dela. Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian Tufa eta Cayuela aipatzen ditu...

Aupa Jakoba egun onak nafarrotik!! Baratze bat dugu, pixka bat hezea den lekuan eta errak baten ondoan, bi lursailekin: bata babestua negutegi gisa (idorragoa) eta bestea kanpoan (hezeagoa). Urtero azenarioak ereiten ditugu, eta bi lurretan egin dugu proba, baina zailtasunak izateran ditu ateratzeko: asko kostatzen zaie, normalean baino hazi gehiago erein behar dugu, belar txar asko atera ez azpiratzeko... ez da ohikoa, jendeak arazorik gabe izaten dituelako azenarioak baratzetan. Laguntzerik? Aldez aurretik eskerrak zure lanagatik!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 10:59

Lur itoak ez zaizkio gustatzen azenarioari, beraz lurra lehortze aldera lan egin behar dezute. Inguruko landareek eman dezaketen itzala kendu, lurra harrotu karea emanez, eta asko gustatzen zaiona errautsa edo sutako hautsa da. Simaurra ere ez zaio gustatzen, batez ere oso ondo ondu gabekoa. Ea horrela...

Egunon, esan didate baba berdearen alea, leka babarruan urte bisiestoetan alderantziz osatzen dala, horrela da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-29 11:06

Ez dut inoiz ezagutu hori. Eta lehenengo aldiz antzuten dut. Beraz hurrengo urte bisiestoan frogatu beharko dugu esaera hori. Hala ere, urte bisiestoek duten berezitasun bakarra da urtez urte pilatzen den denbora atzerapen txiki bati tartea egitea eta lau urtez behin atzerapen hori "berdintzea". Beraz landareen ikuspegitik aparteko ezer ez dakartela esatera ausartzen naiz. Egutegirik ez dute behar landareek, gu baino azkarragoak dira...

Kaixo! Hilabete honetan noiz da egunik aproposena patata ereiteko? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-29 10:59

Patata ilbeheran landatzen da. Egun onenak sustrai egunak dira. Maiatzean bi baldintza horiek betetzen dituzten egunak hauetxek dira: 14 arratsaldea, 15 egun osoa, 16 goiza eta 17 16:00 arte.

Bidanin dauketen arbola onek ematen ditun sagarrak segitun jan bear die, bestela usteldu eginten die, zer dago egitea?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-16 18:18

Nik karearekin saioa egingo nuke. Karea eman lurrari urtero. Onena pikorra edo koxkorra. Kilo pare bat banatu arbolak adarrak hedatuak dituenen azaleran eta metro pare bat gehiago buelta osoan. Simaurra azaroan ematen den bezala karea otsailean eman behar da. Gogoratu urtero. Eta ea zer gertatzen den...

Kaixo Beñat naiz eta Araiztik idazten dizut (Nafarroa).2017ko apirilean, barruti batean, negutegi bat jarri nuen. Ekaina bukaerarako, ni konturatu orduko bertan zeuden tomateak, kalbazinak, pepinoak kolore guztietako (gorriak, berdeak, marroiak) zorriz beteta zeuden, sekulako izurritea sortuz. Lehengo urtean tomate landareak jarri orduko behatzen joan nintzen ea zorririk zeukaten. Orduan ere sortu ziren. Xaboi ura nahiko maiz botatzen nien eta piretrina ere pare bat aldiz bota nien.Horrekin izurritea pixka bat kontrolatu nuen , gutxienez ez zen beste landareetara zabaldu baina al ere tomateak zorri asko izaten jarraitu zuten. Hori gutxi balitz euli txuria ere agertu zen udazkenean izurrite galanta bihurtuz. Orain uraza batzuk ditut eta berriro agertu da zorria. Zorria non egoten da landarerik ez dagoenean lurrean?negutegia jarri berritan ongi ondu gabeko konposta ekarri nuen Iruñeko mankomunitatetik eta lurrari nahasi nion, bertan etor zitezkeen?Landareak jarri berritan oilo ongarri granulatua botatzeko ohitura daukat eta udaran astean behin ureztatzen ditu landare guztiak eta bero handia egiten duenean astean bi aldiz. Udako landareak landatu aurretik zerbait berezia bota beharko nuke lurrera zorriak akabatzeko? Tomateak landatzekotan nabil, zorriari eta euli txuriari aurre hartzeko zer egin dezakeedan jakitea gustatuko litzaidake.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-08 21:59

Zorria nitrogenoarekin lotu behar da. Garrantzitsuena hori da, beste arrazoiren bat izan daiteke, baina hasteko nitrogenoa. Landareen janari horrek hazkuntza sustatzen du: enborra, zuztarra, adarra, hostoa... Eta zorriak eztena sartu eta izerdia zurrupatzen du. Horretarako, noski, zati guriena, izerdi gehiena duena, biguinena hautatzen du. Beraz, ongarri nitrogenatu asko egoteak zorriak ekarriko ditu. Negutegian bertan, inguruko landareetan, ekarri dituzun landare txikietan... nonahi egongo dira negua igarotzen. Baina garrantzitsuena da izurrite bilakatzen bada nitrogeno sobredosia dagoelako dela. Zaindu beraz ongarriketa. Gutxi ongarritu, tamainan eta sekula ez ondu gabeko ongarria. Ongarri freskoa edo ondu gabekoa ekartzen baduzu, utzi bazter batean eta material "egituratzailea" karbono asko duena (adar zatiak, lastoa, txirbila...) nahastu eta luartu edo ondo konpostatu erabili aurretik. Horrek zorria atzeratzeaz gain landarearen bizimoduari lagunduko dio, eta batez ere uztaren kalitateari. Izan ere, nitrogenoa maila normal batera eramateak beste jakiak mugitzea ekarriko du, landarearen mesedetan. Oiloaren zirinak ere nitrogeno ikaragarri du. Kontuz, gutxi bota edo ahal baduzu ardiarena edo behiarena erabili. Euli txuria ia negutegi guztietako izurritea da. Plastikoa eta lurrak bat egiten duten tokian bizitzen da eta irauten du. Ingurune lehorrak atsegin ditu. Hartu motxila eta urarekin busti. Plastikoa metro bete alturan eta lurraren ertza. Ahalik eta maizen.

Kaixo. Orain dela pare bat aste baratze ondo-ondoan 30 marrubi-landare jarri ditugu lorontzietan. Kontua da hiruzpalauetan inurriak azaldu zaizkigula (marrubiak eta hostoak jaten dituzte). Egia da, oraindik ez dutela kalte handirik egin, baina gustatuko litzaiguke kalte handiagoak saihestea. Kalendula eta kaputxinoa jartzeko asmoa genuen, batez ere baratzea babesteko. Ideia ona da? Beste erremedioren bat?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-08 15:37

Inurriei gustatzen ez zaien landarea izpilikua da. Landatu aldamenean edota bere hosto eta lore lehorrak lur gainean jarri. Kafe hautsa lehorrarekin ere saioa egin dezakezu. Lur azalean geruza mehe bat jarri.

Garai honetan marrubiak kalean landatzea dago? Edo komeni da negutegian jartzea? Altsasun nago.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-04 12:38

Jarri kanpoan lasai. Marrubi landareak hotza ederki jasatzen du. Horregatik udaberriarekin loratu eta fruitua ematen du.

JOAN DEN ASTEAN SUSTRATO PAKETE BATI ERREPARATUZ MADE IN GERMANY JARTZEN ZUELA ETA HARRITTUTA GELDITTU NINTZEN. EKOLOGIKOAN EKOIZTEN ZUTELAKO ETA NRE USTE APALEAN EKOLOGIKOARI BERTAKOA ERANTSI BEHAR ZAIOLAKO.
GALDERA: ZE SUSTRATO EROS DAITEKE DONOSTI INGURUAN?

ESKERRIK ASKO
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-02 18:37

Sustrato onena lurra bera da. Ahal baduzu inguruan topatu lur beltza emango dizun norbait. Baratze, soro edo erriberako lurra da onena. Horri ongarri organikoa erantsi: simaurra, luarra edo konposta, zizare-lurra... Zakuetan etortzen dena nahi baduzu Euskal Herrian zakuratzen dutenak ere badira. Donostiatik hurbilena, nire ezagutzan, Idiazabalen dago. Idiazabal + sustrato idatzita erraz topatuko duzu interneten.

Arratsaldeon,dauzkit mazetatan ezpelak eta maruriak, belaxe hasiko naiz ezpelan bacillus thurisgiensis botzatzen,hau da, kalterik egingo dio bacillusek maruriri? jateko modukoak egongo al dia?
esker mila.
MARURIAK=MARRUBIAK
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-26 16:54

Kalterik ez die egingo. Bacillusa ezpelaren harrarentzako kaltegarria da, baita beste edozein harrarentzako ere. Baina landareentzat ez. Ez da pozoina, eta beraz marrubiak lasai asko jan ditzakezu.

Atsaldeon jakoba. Sutako hautsa sarri erabiltzen da baratzean tipula edo baratxuri edo holako gauzen inguruan... baiña larrosa ipurdietan bota al liteke? Belarrik ez ateratzeko ideiarekin nabil... edo ba al duzu beste eremediorik horretarako?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-22 09:03

Arrosondo edo arrosa landareari lurra pittin bat azidoa gustatzen zaio. Sutako hautsak lurraren pHa igo egiten du, eta beraz azidotasuna kendu. Lurra buztintsua eta motela bada, eta simaurra edo ongarri organikoa erruz ematen bazaio, sutako hautsa ematea ez dago gaizki. Tamaina hartu behar. Ongarria eta sutako hautsa berezita eman behar zaizkio. Biek egingo dizute belarren aurkako lana.

Beraz, neguan ongarria eman badiozu: orain sutako hautsa eman eta hura saretu eta belarrak hastean jorratu eta berriz ongarria jarri, mardul. Neguan ez baduzu ongarritu: orain jarri simaur geruza lodi bat. Hura saretzean, orduan eman sutako hautsa, eta berriz hura saretzean simaurra.

Beste akera bat arrosondoaren azpian pinuaren orria edo azala jartzea da. Geruza lodi bat jarriz gero belarrak ederki atzeratuko dira.

Kaixo Jakoba, egutegia badaukat baina duda morxoa sortzen zaizkit, berria bait naiz honetan. Zer ereiten da ilgoran eta zer ilbeheran? Patata noiz ereiten da? Inguruko baserritarrei galdetu eta batzuk hobeto ilgoran, besteek ezetz,...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-19 21:28

Biodinamikari jarraituz gero, ereintza guztiak ilgoran egitea hobea dela esaten dute. Egutegian aukeratu beharko zenuke eguna beheko aldean duen kolorearen arabera. Adibidez patata, sustraia da guk aprobetxatzen duguna, bada sustrai egunean. Tomate hazia, aldiz, fruitu egunean.

Ilargiarekin lanean ari den beste jende batek ilgoran ereiten du lorea, fruitua edota hazia aprobetxetzen zaion landare guztia. Aldiz, sustraia, enborra, hostoa, erreserba, azala edo horrelakoak aprobetxatzen zaion landarearen hazia ilbeheran egitea gomendatzen dute.

Zergaitik ez zara zeu ikertzen hasten? Zeure baratzea bakarra da, ez dago beste bat bera bezalako baldintzak dituenik. Saioak egin eta emaitza zabaldu. Denok ikasiko dugu

Sílice ondarra zer proporzioan nahastu behar da lurrarekin? ta non aurkittu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-20 10:03

Zainzuriak lur harroa behar du. Zenbat eta harroagoa eta hobe. Hasteko bertan dugun lurra nolakoa da? Horren arabera hondar asko edo gehiago beharko du. Gutxienez 10 zentimetroko geruza jarri eta nahastu. Zainzuria urte askotarako jartzen denez, gero urtero neguaren hasieran jarri 5-10 zentimetroko geruza eta gainean ongarri organikoa: simaurra, luarra edo konposta, zizare lurra... Azken honetatik ere erruz eman. Ematen zaion proportzioan jasoko duzu. Silizea soltean edo zakutan saltzen da, kooperatibetan edota nekazaritza gaien saltokietan. Eraikuntza materialen saltokietan eta harrobietan ere topatuko duzu.

Aupa Jakoba! Soroa udazkeneti ikutu gabe zeok eta belarra edo hirusta modulo belarrez estalita zeok dana. Ximaur pila pronto zeukiat, belarrak kendu edo ez nere galdera. Eskerrikasko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-01 18:15

Goldetzeko asmoa baldin badek ez kendu. Goldetu gabe landuko bahukek, orduan bai belarrak izakitu edo zopizartu.

Kaixo Jakoba,
Aurten, zuk esaten dozun moduan, animatu gara obonu berdea ereiten eta oraintxe daukagu berde- berde, baina ez dakigu noiz mostu behar dogun ezta nola egin behar dogun lurrarekin bat egiteko.
Eskerrik asko eta zorionak, egiten dozuen lan politagaitik.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-02-05 09:28

Ongarri berdearen teknikaren helburua lurra aberastea da. Janariz aberastea baino garrantzitsuagoa da lurraren bizitza sustatzea. Bizitza horrek emango dio aukera ondo elikatzeko landareari. Ongarri berdea hemendik atzera nahi duzunean ebaki dezakezu. Ebaki eta bertan utzi lur gainean. Egun batzuk igaro ondoren eta usteltze prozesuak abiatu direnean azal-azalean landu daiteke, baina inolaz ere lurperatu gabe. Horrek lurrari harroago eutsiko dio, gero egin beharreko lanak erraztuz. Beste aukera, moztutako landareak bildu eta luartzeko edo konpostatzeko kanpora ateratzea da. Horrela saila libre geratuko da eta gero luar ederra izango duzu.

Orain sasoi ona da azak sartzeko? Horrela Bada ekainean jasotzeko moduan egongo litzatekez? Eskolarako da
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-02-03 20:55

Bai orain negu neguan landatu eta maiatza-ekaina aldera jasotzeko moduan izango dira. Ongarri organiko zaharra (simaurra, luarra edo konposta...) eskuratu ahal baduzu lurrari asko eman, alde ederreko abiadan haziko da aza jendea.

Aúpa Jakoba! Otsailean iderrak,babak eta baratxuriak ereiteko sasoi ona da? Arabaldean,Gasteiz inguruan.milkesker aldez aurretik bihotzez
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-28 12:57

Otsailean ilarrak erein ditzakezu, egokiena arba motza ematen duten aldaerak edo barietateak jartzea, epe motzagoan loratuko baitira. Babak jartzeko ere azken aukera duzu. Ahalik eta azkarren erein. Baratxuria burutako jartzeko berandu xamar da, baina agian asmatu egingo duzu. Eta baratxuria berdetan edo fresko jateko asmotan bazara lasai erein otsail osoan.

Egunon jakoba! Udaberria laister etorriko denez jakin nai nuke zer den hobea tomatearentzat, lurrean plastiko beltza jartzea edo ezer ez jartzea?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-28 12:57

Plastikoak bi lan egiten ditu. Batetik belarrak atzeratzea eta bestetik lurretik lurruntzen den urari eustea. Belarrena ondo dago, baina urarenak arazoak sor ditzake. Tomatea toki lehor eta bero batean bizi bada, urari eusteak lagundu egingo dio. Aldiz, toki hezean bizi bada, edota lur motel buztitsua badu, plastikoak hezetasun hori areagotu egingo du, eta landarearen lepoaren aldean, lurretik sortzen den puntu horretan, onddoek eragindako gaitzak ugaltzeko arriskua handitu egiten da. Zeuk erabaki.

Kaixo Jakoba,

Jaso zenuen nire aurreko galdera? Baratza berri batek behar lituzkeen geruzak ezberdiñaz galdetzen nizun

Jon
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-11 11:27

Eskabazio hori ikusi behar da. Igerileku bat bezala lau aldeetatik eskabatutako horma aldu? Horrela bada igerileku bat bezala beteko da urez, nahiz eta lurrarekin egon. Maila freatikoa beherako egonagatik agian zaila du urak alde egitea, hormako lurraren egituragatik.

Arrazoi duzu hezetasunarekin kezkatuta egonda. Isuri atlantiarreko lurreldeetako arazo nagusia da. Beraz eskabatutako gune hori imaginatu igerileku bat dela eta behe-behetik drenaia zulo bat prestatu. Hala ere harriarena eta geotextilarena bai ala bai jarriko nuke.

Gabon, Jakoba:
Lehen ez bezala, jendeak jatekoak diren kuia barietate desberdinak ari dira gure merkatuetara iristen; baratzeetara ere bai, segur aski. Horietako batzuk beren izenarekin etorri dira, eta ez dakigu euskaldunen batek euskaratik ere bataitatu ote dituen. Konparazio batera, Cucurbita maxima diren frantsesezko Potimarron (Bizi baratzean, izen horrexekin ikusi dugu), Giraumon eta Potiron; edo Cucurbita pepo diren Citrouille (Bizi baratzean, hau bai: Kuia erraldoia irakurri dizugu) eta Pâtisson. Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-21 21:59

Bizi Baratzean bertan aipatzen dut kuia luzea (Cucurbita moschata) ere. Edankuia ere hor dago, gure etxean kurkubia deitzen duguna, Lagenaria siceraria. Garai batean edariak eramateko erabiltzen zen, eta bereziki pregrinoaren imaginari lotua dugu egun. Izango dira dagoenerako han eta hemen ezarritako izenak, baina nik ez ditut eskuera.

Kaixo Jakoba.

Lursail txiki bat dugu eta lurra oso buztintsua da. KARE HILA erabili nahi dugu lurra harrotzeko. Lehen aldia da eta ez dakigu nola erabili:
- Osasun edo segurtasun aldetik zein neurri izan behar da kontuan? Betaurrekoak, eskularruak etab. erabiltzea derrigorrezkoa da? Arrisku handiak ditu kareak?

- Lursail zati batean badugu landatutakorik, bestea ordea, belarrez josita dago. Kareak landatutakoari kalterik egingo dio? Bestalde belarra soilik dagoen lekuan, lehenbizi, lurra prestatzea komeni da? (belar txarrak kentzea, lurra berdintzea…)


Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-10 12:00

Kare hilak ez du, ezta gutxiagorik ere, kare biziak adina arrisku. Beti ere haizerik ez dabilenean zabaldu; eskularruak eta betaurrekoan ez daude soberan, jantzita hobe. Arriskuak ditu kare biziak, hezean dagoen edozer erretzeko gaitasuna baitu (eskua, azala, begia...)

Landatutakoaren tartean zabaldu. Zaila bada, utzi lasai, eta uzta jasotakoan, hurrengo landareak jarri aurretik orduan karetu. Belarra nahi baduzu moztu eta bertan utzi eta gainean karea eman, deseginten lagunduko du. Bestela lurra prestatzean.

Puri naiz, eta arretaz entzuten saiatzen naiz zure "landaberri saioa" Eskura dut baita ere, zure liburu eder  "bizi baratzea"

Gure etxe ondoko baratzean gogoz saiatzen gara etxerako behar dugun guztia lantzen, baina  azken urteetan, patata ederra bai baina, barnean dena hari-harrak hartu du urtetik urte gehiagora eginez. Zure liburuan aipatzen duzu lurra denboraz landu behar dela horri aurre egiteko. Zer esan nahi duzu zehazki? zer egin beharko nuke gaitz horren aurka? Mila esker aldez aurretik.

Puri eta familia

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-10 12:30

Lurra aurrez lantzeak arrautzak eta har txiki jaio berriak aireratzea dakar. Lehorrari eta eguzkiari beldur diote, hil egiten dituzte. Beraz, patata egin aurretik lurra landu, harrotu eta utzi. Denbora badago, bi alditan ere harrotu dezakezu. Kareak ere atzeratzen ditu. Lurra harrotutakoan karea zabaldu.

Erasoa handia bada, onena urtebetean edo bitan patatarik egin gabe uztea dela uste dut. Lur horretan beste zerbait egin edo belarrari hazten utzi. Belarra moztuz harra atzeratu egiten da.

Baratzea ongarritzeko eskura dudan simaurra astoarena da. Zati batzuk guztiz deseginda daude, beste batzuk, aldiz, puxtarriak bezalakoak dira. Simaurra zuzenean taulenetan jartzen dut. Rotabatorra pasatzerakoan, aurreko denboraldiko simaur-puxtarriak agertzen dira desegin gabe. <br />
Nire zalantza hauxe da. Lurrean simaur-puxtarriak agertzea ondo dago, ala hobe da simaur desegina bakarrik erabiltzea? <br />
Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-09 10:00

Astoaren simaurra, behorrarena bezala, asko luartu edo desegin gabe erantsi dakioke lurrari. Astoak jan duenaren araberakoa izango da gorotzetan utziko dituen pustilen egitura. Zuntz asko eta nitrogenoa tamainan, jeneralean. Zuntzaren gogortasunak ekar dezake zeuk ikusi duzuna, lurpean erabat ez desegitea, alegia. Ez arduratu. Daukazunetik eman, desegindakoak bezala osorik dauden pustilak.

Ze ilargitan landatu behar da tipula?
Eta illarra eta baba handia??
Mila esker aldez aurretik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-13 09:00

Tipularen landaketa ilbeheran egitea komeni da. Orain, udazkenean jartzen diren tipulak, udaberrian eta uda hasieran tipulun edo tipula fresko ebzala jatzen dira. Urte guztirako tipula izan nahi baduzu otsailean edo martxoan landatu.

Ilarra eta baba handia ilgoran ereiten dira.

Ilarra ereiteko sasoia izanik, zalantza dut zein ilar- klase egin: landare handia emango duena edo txikia emango duena. Klase txikikoa aukeratuz gero lan gutxiago izango dut, arbatu gabe hazi daitezkeelako. Zein da 2 ilar-mota horien arteko aldea?

Eskerrik asko, ondo bizi
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-07 10:01

Ilar motza eta ilar luzearen arteko aldea hiru aiekatan laburbildu daiteke:

1.- Arbatzea, bakoitzak bere garaierako arba beharko dute, baina biek behar dute, motzak ere bai.

2.- Denbora, hazten denbora gehiago beharko du luzeak, beraz geroago loratuko da eta fruituak berandugo emango ditu.

3.- Uzta, luzeak lur sail berdinean uzta handiagoa emango du, leka gehiago alegia.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora