Asteroko buletina
Santa Luzia, argia deneko iluna.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Tomate eta abar noiz landatu
2024-05-17 18:20 | Jaione

Arratsalde on Jakoba. Ez dakit mezua ikusiko duzun baina zure iritzia eskertuko nuke. Tomate piperrak, tipulak tipulak kuyak eta quijatxoak noiz dira hobeto jartzea gaur arratsaldean edo bihar goizean. Mila esker


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-18 18:53

Berdin da gaur edo bihar egin. Bihar igandean 19an egitez gero arratsaldeko 14:00 baino lehenago. Bestela hurrengo larunbata 25 arte berdintsu duzu; baina onena 22 goiza.

Gaur arte erantzundakoak (302 galdera-erantzun)

Egun on jakoba. Zer moduz? Ongi espero. Duela aste pare bat irratian aipatu zenuen baratzean landaketa egiteko egunik honenak 15, 16 eta 17 zirela. Nire galdera da: pena merezi du gaur jartzea edo egun batzuk itsoitea? Ez dator oso eguraldi ona egun hauetarako. Arabako mendialdetik idazten dizugu. Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-17 16:09

Landarea hozteko arriskua badago atzeratzea hobe, bai. Abantaila izango da, nahiz eta egun ez hain egokiak izan. Hurrengo astean landatzez gero egun eta ordu hauek izango dira onenak: asteazkena 22 11:00 arte, eta 21:00etatik osteguna 23ko 07:00 arte. Hor ezin baduzu 23 eta 24 egun osoak.

Aupa Jakoba, nire baratzeko borrajei lorea atera zitzaien eta horrelaxe utzi nituen. Gaur atxurkada emateko asmoa nuen bertatik kentzeko, baina loreetan erle pilo bat zeudela ikusi dut. Ez diet kalterik egin nahi erleei eta ez dakit zer egin. Zuk zer egingo zenuke? Mila esker, Maitane.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-16 17:16

Gure etxeko baratzean hor ditugu batean eta bestean sakabanatuta, berak sortzen diren eran utzita. Denak loretan daude, eta etxeko erleak zoratuta. . Lorea zimeldu eta pasa ahala moztu eta kentzen ditugu. Bateren bat utzita haziak sakabanatu eta hurrengo urtean ere izan daitezen. Gure etxeko baratzean hor ditugu batean eta bestean sakabanatuta, berak sortzen diren eran utzita. Denak loretan daude, eta etxeko erleak zoratuta. . Lorea zimeldu eta pasa ahala moztu eta kentzen ditugu. Bateren bat utzita haziak sakabanatu eta hurrengo urtean ere izan daitezen.

Asteazkenean, maiatzaren 15ean landatu nahi ditut tomateak,baina eguraldi txarra dator aste osoarako (8-14 gradu). Hobe datorren astera itxoin, tenperatura hobea egongo dela,naiz eta ilargiarengatik aste okerragoa izan?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-13 18:12

Landarea hozteko arriskua badago atzeratzea hobe, bai. Abantaila izango da, nahiz eta egun ez hain egokiak izan. Hurrengo astean landatzez gero egun eta ordu hauek izango dira onenak: azteazkena 22 11:00 arte, eta 21:00etatik osteguna 23ko 07:00 arte. Hor ezin baduzu 23 eta 24 egun osoak.

 

Kaixo!! Jakoba, nai nuke jakin illarra egondan lekun tomatia aldatzea ondo etortzen zaion. Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-02 16:43

Ilarrak, lekaduna denez, lurra nitrogenoz kargatuta uzten du. Tiraka ez atera landareak, moztu eta sustraiak bertan utzi, ongarri gehiago… Nitrogenoak, ordea, hostoa sustatzen du, eta tomateak hasieran hostoa eman eta hazi egin behar du, baina nitrogeno gehiegi badago, loraldia atzeratu daiteke. Hori ez gertatzeko, tomatea landatzean tarteetan jarri hostoa jaten diogun zerbait: letxuga, eskarola, ziazerba… Eta tomatea hazten den artean, osatuko dira eta jango dituzu. Horiek nitrogenoa ere ederki eramango dute, lurreko gaindosia bere oneratuz.

Kaixo Jakoba, Otsail hasieran tomate haziak sartu nituen, orain landareak handiegiak egiten hari dira inbernaderoan. Ez dakit jada kanpoan landatu naiz eta oraindik hotz egin edo eta barruan mantendu inbernaderoa txiki gelditu arren. Lekeition izanik noiz kanporatu ditzaket? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-02 16:26

Kanpoko tomatea maiatzean landatzearen aldekoa naiz. Maiatzaren hasiera edo amaiera, hori bakoitzak erabaki behar du. Tokia nolakoa denaren arabera: lurra, orientazioa, babesa… Nik uste dut Lekeition kanpoan landatu ditzakezula. Hala ere beste aukera litzateke, batzuk landatu eta beste batzuk negutegian mantendu. Azken horiek ontzi handixeagoetan jarri, hazteko aukerarekin; horrela kanpokoekin desastreren bat gertatuz gero, barruko horiekin saila osatu dezakezu…

Aupa Jakoba, duela bi aste lekak erein nituen. Dirudienez usteldu edo zeozerk jan egin ditu. Duela 3 egun berriz erein ditut eta zer moduz dauden begirtazean, zizare pila dago haizen inguruan baita milazango ugari ere. Arriskutsuak al dira? Nola ekidin daitezke?Eskerrikasko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-25 16:14

Ehunzagoek batik bat beste intsektu batzuk jaten dituzte, adibidez zizareak. Haien atzetik ibiliko dira, baina ez diote muzin egiten barazkien kimu berri gozoei. Nik uste dut beraiek jango zituztela leka ernatu berriak. Irtenbide egokiena lekak hazitegian erein eta landaretxoak sortzea litzateke, eta hiruzpalau hosto dituztenean landareak landatu.

Kaixo Alaia naiz berriro. Piper berdeak eta orain sartzen dira edo ez?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-24 16:44

Piper berdeak negutegian dagoenerako landatu daitezke. Kanpoan, aldiz, maiatzean eta ekainean jartzen dira.

Kaixoo Jakin nahi nuen ea orain sartzen diren erremolatxak eta pepinoak edo inbernadoren egon behar duten. Edo oraindik goiz da hori sartzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-24 13:06

Luzokerrari dagokionez, negutegian apirilean landatu daiteke; kanpoan maiatzean landatzen da. Erremolatxa bai, kanpoan edo negutegian bai erein eta bai landatu daiteke apiriletik maiatzaren amaiera arte.

Gabon Jagoba zainzuriak ditut ortuan eta aurten bitxo batzuk agertu jakoz bati. Ez dakit kaltegarriak diren edo ez. Zer egin dezaket? Millesker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-23 19:07

Zainzuriaren kakalardoa da, Crioceris asparagi, soilik zainzuriari erasotzen dio. Argazkikoa izugarrizko izurritea da. Eskuz bildu eta erre, edo harrapatu eta bertan zanpatu. Puntta berrietan harrak ere ikusiko dituzu, horiek ere berdin. Denborarekin arrautzak ezagutzem ikasiko duzu, adartxo berri txikienetan ilaran jartzen dituzte beltxak luxe mehe-meheak. Denak kendu eta desegin behar dituzu. Zenbat eta lehenago hasi hobe. Urtero zaindu behar duzu. Gure etxean, badugu eta urtero hasieratik goiz antzera eta gogor hartuz gero uda partean ez da izurriterik izaten.

Egun on. Goizean eta arratsaldeko azken orduan eguzkia duen lurrean zer erein edo landatu daiteke? Argitasuna ez du falta, baina arbolak itzala egiten dute. Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-14 13:05

Bero handia eta eguzki asko behar duten barazkiak ezik denetatik jarriko nuke. Bero eta eguzki asko behar dutenak hauek dira: tomate handiak, piper handiak, alberjinia, luzokerra, azenarioa, tipula, leka, babarruna eta kuiak.  Beraz jarri: hostoa jaten diegunak: uraza, eskarola, errukula, zerba, ziazerba, borraja, perrexila, martorria, mentak, garraiska, azak; baita azalorea eta brokolia. Neguan babak eta ilarrak. Errefautxoa, arbiak, patata, erremolatxa, marrubiak, mugurdia, ahabia eta andere-mahatsa.

Gabon Aurten tomateen hostoek kolore horixka hartu dute...eta ez dira haunditzen.... Iaz baiño lehenago atera ditut kanpora. Ez dakit ze pasatu al zaioten.... Ur gehiegi? Hotza?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-22 15:32

Ikusi gabe esan dezakedana da zeuk dituzun bi uste horiek izan daitezkeela arrazoia. Hotza bai, izan ere apirila oso hotza doa. Gauak batez ere hotzetik eta egunak ere gehiegi berotu gabe. Horri ur gehiegia eransten badiogu arazoa larritu egiten da… Ez ureztatu giro beroak etorri arte eta hotzetik babestu.

Baratzean belar txarrekin egiten den su motel horri "ERRELO" esaten omen die Goierriko Gabiri aldean eta. Zuek hitz hori ezagutzen zenuten? Inon ez dugu topatzen horri buruzko erreferentziarik eta jakin-minez gaude.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-11 15:50

Izen ugari du Gabiriko erreloak. Erralo dago jasoa, baina beste mordoxka ere bai: erretura, errelu, errola, errake, errekin, xitxuri-zitxuri, eta bertan izakitutako edo azalatitzurtutako belarrak pilatxoetan bildu eta erretzen dira; belar horieri zizkir, zamar, zopizar edo erretura-gai esaten zaie. Frantsesez “écobuage” eta gazteleraz “hormiguero” esaten zaio. Gaztelerazko hitz horrek nahastuta hiztegiren batean topatuko dezute xitxuri hitza inurritegiari esateko.

Kaixo Jakoba, Lagun batek Max fuerte izeneko tomate haziak eskeini dizkit. Bere esanetan, sulfatatzerik ere behar ez duen tomate mota da. Ezagutzen duzu? Hain gogorra al da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-10 12:37

Entzuna dut bere berri baina ez dut gurean landatuta ezagutzen. Kanpoan duen sona hori hemen bertan ziurtatu beharko litzateke. Ez da gauza bera beste tokiren batean bizitzea edo gure isuri atlantiarrean adina eruri egin eta dagoen hezetasun maila altua dagoen tokian bizitzea. Onena saioa egitea da. Baina badaezpada gorrinik ez sartzeko ohiko neurriak hartuta: tontor edo ildo-bizkar batean landatu, tarte handiak utzi 100 x 75, landatzeko zuloan asuna jarri, eguneko ordu beroenetan inausi, ez ureztatu eta txapela jarri.

Arratsalde on Jakoba. Duela hiru urte marrubi batzuk landatu genituen. Hasiera batean kasu egiten genien baina denbora pasata abandonatu egin ditugu pixka bat: asko zabaldu dira eta belarra ere dexente dute tartean. Pentsatu dugu landareak ateratzea, lurra arrotu (nahiko lohitsua da) eta berriro birlandatu, txukun txukun. Belarren aurkako malla jartzea zer iruditzen? Ez plastiko beltz, itxi hori baizik eta ura pasatzen uzten duen beste hori, belarrak ekiditzeko. Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-08 12:49

3-4 urtetik behin nahitaez egin beharreko lana da hori. Marrubi landareak sastraka sortzen du eta berritu, gaztetu eta tartea eman behar zaio fruitua taiuz eman dezan. Horretarako sasoi onena udazkenaren amaiera da. Orain ere egin dezakezu baina uztaren hasiera galduko duzu. Nola egin: atera landare guztiak, gazteenak bereizi eta jaso, zaharrak botatzeko, toki berri bat hautatu, ongarri zaharra nahasi lur azalean, 35 x 35 cm tartearekin landatu. Azpiak egiteko sare tankerako hori jarri dezakezu, belarra kenduko diozu baina gero kontuz fruitua bere gainean zintzilikatzen denean eta eguzkiarekin bero-bero dagoenean erre eta usteltzen hasi daiteke; bestetik urteroko ongarriketa egiteko zailtasunak izango dituzu. Ona litzateke marrubidia izango den txokoa lur buztintsutik altxatzea, ertzetan nahi duzun materialarekin koska bat egin eta ongarri onduz bete, altxa eta errazago zainduko duzu. Belarra atzeratzeko marrubien artekoa bete lasto, belar ondu, orbel, soropileko belar moztu berriz edo antzeko materialen batez estali.

Kaixo! Piñudia izandako lur-sail baten zati batean baratze bat nahi nuke ipini. Saila guztiz garbitua daukat. Hurrengo pausoak ez dittut guztiz garbi. Zer egin beharko nuke lur hori baratze bezela egokitzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-10 13:06

Horrelako lurrak berez onak izan ohi dira. Urtetan zainek harrotu eta materia organiko asko jasotzen dutelako. Pinudia izanik lurra azidotuko zuen eta beraz ongarriketa garrantzitsuena, urte batzuetan, kaltzioa ematearena izango da kare forman: lurra harrotuko du, lehortu eta pH-a igoko du. Beste gauza handirik ez. Simaurra eskuera baduzu pixka bat eman, 2 kg/m2. Karea eta simaurra ilargi bateko, hilabeteko, tartearekin eman. Garrantzitsuena eguzkiari begira lan egitea da: hegoaldera begirako tokia hautatu eta taulenak iparra-hegoa marrari segika sortu, eta landaketak ere horrela egin. Eta, on egin!

Arratsalde on. Baratzean, nor norekin esaten denean, zenbateko tarteari buruz ari gera? Adibidez, kuiatxoa eta luzokerra ez dira oso lagunak. Baina bien arteko tartea metro bat - metro t'erdikoa bada? Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-31 18:36

Landarea ikusten duguna baino bost aldiz handiagoa da lurpean. Eraman-ezin horiek sustraietan ematen dira, batik bat. Pentsatu landarea zabaltzen dena  hiru edo lau aldiz eman beharko diogula tartea. Kuiatxoa, adibidez metro eta ardi zabaltzen bada, ba 5-6 metrotara jarri ezin eraman duen hori.

Kaixo. Tipula gorria aldatzeko egun aproposenak zein diren jakin nahiko nuke. Aldez aurretik eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-19 11:08

Landaketa ilbeheran egitea komeni da eta ahal izanez gero sustrai egunean. Ilbeheran gaude apirilaren 1 goizeko 10:51 arte. Eta sustrai egunak 24 10:00etatik atzera, 25 12:00etatik atzera, 26 eta 27 izango dira. Hurrengo urterako gogoan izan jasotzeko tipula bada aurreko ilbeheran landatzea hobe dela.

Kaixo, hildako karea bota berri dut baratzean izan ere oso buztintsua da. Orain behi ximaurra eskeini didate, baina ez dakit ea bi gauzak batera bota daitezkeen edo nola egin dezakedan. Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-17 21:05

Bi ongarriketa horien artean ilargialdi bat, hilabete bat, uztea komeni da. Beraz karea eman zenuenetik simaurrarenera tarte hori utzi. Behi simaurra berria bada kontuz zein lurretan emango duzun, landare guztiei ez zaie komeni eta… Hala bada utzi lasai alde batera eta hurrengo udazkenean ederra egongo da lurrari emateko.

Kaixo Jakoba noiz moztu beharko nuke ongarri berderako ereindako oloa? Lehenago moztuko banuke ze gertatuko litzake? Sail hortan patata sartu nahi nuke ondoren eta. Esker mile Joxe

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-05 10:39

Ongarri berdearen betebehar nagusiak dira batetik lurra ongarritzea eta bestetik babestea. Babesa egin du, eta beste zerbait jartzen duzun arteko lana da hori. Ongarritzearena oloak sustraien bidez janariak mugitu ditu eta gero moztu eta lurrarekin nahasten duzunean gauzatuko da ongarriketa nagusia. Nahi duzunean moztu. Patata goiz egin nahi baduzu ba dagoen bezala dagoela moztu oloa eta harentzako prestatu lurra.

Duela pare bat urtera arte, patatak kontserbatzeko “hauts” bat erosten genuen CLORPROFAM. Orain debekatuta dago. Dendetan DESECAL hautsak eskeintzen dizkigute, baina dendari batek esan zidan saltzeari utzi diola ez duelako eraginik. Ba al duzu kontsejurik ? Hozkailuak kontserbatzetik aparte, noski .

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-05 10:51

Patata gorde eta ernetu gabe irauteko garrantzitsuena tokia ondo aukeratzea da. Hotza izan behar du, ahal den hotzena, ahal bada 7º C-tik behera eta inoiz ez 12 ºC-tik gora, iluna, irekia eta ondo haizeberritzen dena.

Kaixo Jakoba Narbartetik idazten dizut. Noiz dirá egun egokienak tomate haziak jartzeko? Milla esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-27 15:50

Tomate haziak ereiteko sasoia martxoa da, beti ere kanpoko baratzean landatzeko landareak sortzeko bada. Ilgoran eta fruitu egunetan ereitea komeni da. Martxoan honoko hauek izango dira: 5 eta 6 egun osoak, 13 14:00etatik atzera eta 14 18:00 arte.

Inbernadero barruan tabako landarea dugu eta sidecorusa izaten dugu ,ustez, tomatearen pulgoia jaten duelako. Inbernaderoan tabako landarea izatea onuragarria ote den jakin nahiko nuke. Mila esker.

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-27 16:09

Tabako-landareak bi lan behintzat egingo ditu. Batetik zorri eta tankerako intsektuak usainarekin uxatu. Bestetik bere loraldi berantiarra medio polinizatzaileak erakarri. Beraz nik uste dut zure tomate landareentzako onura besterik ez duela ekarriko negutegira.

Larraun bailaran, Nafarroan 650 metrotara, eguteran dagoen baratza batean., potxak, lekak, illarrak, patata, urazak, tomatea, ereiteko edo landatzeko asmoa daukagu. Zer ez da komenigarria lantzea. (klima dela eta)

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-25 20:54

Berozale amorratuak eta hotza eraman ezin duten landareak izango dira oztopo nagusia. Bi aipatuko dizkizut: tomatea eta alberjinia. Gainontzekoekin arazorik gabe. Tomatea jarri nahi duzula diozu. Saioa egin dezakezu: ahal baduzu horma baten kontra jarri, hegora begira, eta txapela jarri, plastiko garden batekin estalpe bat egin, buelta osoa irekita duela. Maiatzaren erditik atzera landatu.

Egunon!!elgeta inguruan baratzea jartzeko asmoa dut,baratze parke bat da, 50m2 ko azalera izango duen lursail batean. Jakin nahi nuke, ezer landatu aurretik lehenik lurra aireztatu beharko nukeen,errautsa botatzea komeniko litzatekeen eta ondoren zenbat denborara hasi ahalko nintzen martxan.Asmoa, letxuga,porru,tipula,marrubi eta beste barazkiren batekin hastea izango litzateke.Ia zer deritzozuen! Mila mila esker egiten duzuen lanagatik! Olaia

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-23 12:32

Nahikoa ongarri organiko baldin baduzu (simaurra, luarra, orbela, lur ustela…) ideia on bat: belarra motz-motz moztu eta gainean kartoia zabaldu, kartoi marroi ahalik eta garbiena. Eta gainean material horiek jarri 10 zentimetroko geruza osatuz. Ondo busti eta zuzenean gainean hasi lanean. Materia organiko hori ondua edo zahar xamarra bada zuzenean gainean zabaldu errautsa, eta segidan erein edota landatu.

Bestela belarra izakitu edo azal-aitzurtu, juxtu belarra lur azalean ebakiz kendu eta axal-axala pixka bat harrotu. Han bertan lehenik materia organikoa edo ongarria zabalduko nuke, 3 kg/m2, eta gainean utzi; hilabete beranduago errautsa gehitu. Errautsa zabaldu duzunean nahi duzunean erein edota landatu.

Kaixo Jakoba. Jose Antonio naiz Bizkaitik. Baratzean artoa ta babarrunak, patata, piperrak, lekak, kalbazak eukiten ditugu. Tomatea zeinen ondoan jartzea komeni da? Eta zeinen ondoan ez da jarri behar? Eskerrik asko!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-02-19 15:47

Bizi Baratzea liburuan eta zabalago eta zehatzago “Ilargia eta Landareak 2024” agendan atal oso bat dute Nor Norekin deitua. Bertan ikusi dezakezu barazki bakoitzaren aldamenean zein beste barazki maite dituen eta zein ez. Tomateak lagun asko du, aldamenean jartzeko modukoak; hainbeste direnez errazagoa zait maite ez dituen gutxiak esatea, hauek: alberjinia, apio-arbia, erremolatxa, kuia, kuiatxoa, patata eta piperra.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora