Kaixo!! Jakoba, nai nuke jakin illarra egondan lekun tomatia aldatzea ondo etortzen zaion. Eskerrik asko.
Ilarrak, lekaduna denez, lurra nitrogenoz kargatuta uzten du. Tiraka ez atera landareak, moztu eta sustraiak bertan utzi, ongarri gehiago… Nitrogenoak, ordea, hostoa sustatzen du, eta tomateak hasieran hostoa eman eta hazi egin behar du, baina nitrogeno gehiegi badago, loraldia atzeratu daiteke. Hori ez gertatzeko, tomatea landatzean tarteetan jarri hostoa jaten diogun zerbait: letxuga, eskarola, ziazerba… Eta tomatea hazten den artean, osatuko dira eta jango dituzu. Horiek nitrogenoa ere ederki eramango dute, lurreko gaindosia bere oneratuz.
Gaur arte erantzundakoak (298 galdera-erantzun)
Berezitasunik gabe, denak ilgoran. Denekin lorea da bilatzen duzuna, eta hori ilgorak sustatzen du.
Kuiak jasotzeko ahalik eta helduen egotea komeni da. Dasta hobea izango dute. Arazoa hotza da. Izotzak etorri aurretik jaso behar dira. Kuiak berak erakusten du heldutasuna, landareara lotzen duen txortena zimeltzen denean orduan da garaia. Izotzarena non bizi denaren arabera. Eta beti txortena osorik duela jaso, nahi izatera landarearen zarbaren zati batekin.
Lasai jaso eta jan. Azala ondo zailduta baldin badute lasai jan. Onena ilgoran moztutakoa izaten da. Jasotzeko, negurako gordetzeko, aldiz, ilbeheran moztu; betie re txorten eta guzti.
Nire iritziz satagina izango da, gazteleraz “topillo de campo” eta frantsesez “campagnol” esaten diotena. Oso zaila da uxatzea. Jarri sator-belarrak ingurua, sustraien izerdiak erre egiten du. Lurraren azala garbi mantendu, bnelar zakar eta hondakinik gabe. Gauez ibiltzen da, batez ere, eta harrapariek ondo ikuzteko aukera izatea komeni da. Intsusa inguruan landatuta ere uxatzen dira.
Gai horiek jorratzen dituen Unitate Didaktiko oso bat daukazu, neronek egindakoa:
https://eathink2015.org/download/KIT_Basque_Country-20170928T110432Z-001.zip
Ez dakit nongo arrazakoak edo aldaerakoak izango diren, baina itxura ederra dute. Zure baratzean ongi ematen dutenaren seinale. Horrexegatik bakarrik merezi du hazia jaso eta aurrerako landareak sortzeko mantentzea.
Zeure eskutan dauden bi gauza egitea komeni da behintzat. Batetik inguruneko hezetasuna handitu. Aire eta inguru lehorrak indartzen du armiarma gorria. Bestetik gehiegizko ongarriketarekin kontuz, eta batez ere nitrogeno gaindosia. Hau da, ondo heldu gabeko edo luartu gabeko ongarririk ez erabili. Eta ondo egindakoa ere tamainan.
Kuiak ez du arazo handirik izaten, baldin eta lurra urtsua ez bada. Lurra beti heze baldin badago edo maiz urasetzen bada kuiak gaitza harrapatzeko arriskua handia da. Bestetik kuiak janari asko behar du. Asko esaten dudanean ASKO esan nahi dut. Kuiak ondoena simaur pilaren bazkerrean etortzen dira. Baserri ugaritan ikusiko dituzu horrela.
Nire iritziz onena bere horretan uztea da. Goi horretan hostoak ditu eta hostoetan sortzen du landareak janaria. Kenduta aleak heldu eta elikatzeko janari gutxiago izango du landareak.
Zanbroa deitzen duzun hori artaburua erasotzen duen onddo bat da, Ustilago maydis. Beizaman añua edo arto-añua deitzen diote, beste toki batzuetan ikatza ere bai. Onddoak arta ale esnetsuak erasotzen ditu eta forma berezietako kozkor horiek sortzen dira. Mexikon huitlakotxe edo kuitlakotxe deitzen dute eta urte guztiko gutizia onena bezala dute. Gero eta gehiago baloratzen da jaki hori mundu guztian eta Mexikoko boilurra edo trufa eta kabiar azteka esaten zaio. Agi danean, izugarrizko nutrizio balioak ditu.
Txartzat baduzu, onena ahalik eta azkarren kendu eta erretzea da onena.
Zeuk ikusi behar duzu. Gehiegi ugaltzen bada kendu. Jangarria da, beraz badakizu... Negu partean hutsik dauden taulenetan bertan utzi daiteke eta udaberrian kendu. Berozaleak diren landareen artetik kendu (tomate, tipula, baratxuria eta abar).
Zalantzarik gabe kendu. Xartaxa edo gorrina azaldu ordurako kendu eta garbitzea ona da. Tomate bat galduko duzu, baina agian gainontzeko guztiak salbatuko dituzu.
Makilarik gabe sarea jartzez gero, iladak metrobete eta metro eta erdi arteko tartearekin ereiten dira. Beraz zuen 1,2 metro egokia da. Argazkikoaren moduan, makilekin lotzeko, ilada artean 70-90 zentimetro eta iladan bertan, zulotik zulora 50-70. Egokiena zeuk erabaki. Beti esan izan da babarrun finena itzaletan hazitako lekak ematen duela. Gero sistema bakoitzak dituen lanak ere kontutan hartu eta zeuk erabaki...
Tipularen bizitasuna edo gozotasuna aldaera edo barietateari lotua da. Berezko ezaugarria da. Klase bakoitzari lotutakoa. Bizi punttua duenak beti izango du. Baratzean nola landu denak ez du ia eraginik. Pixka bat giroari lotzen zaio, hau da, giro hezeetan bizitasuna apaldu egiten da, aldiz giro bero eta batez ere lehorrarekin bizitasuna handitu egiten da. Baina, beti izango du bizitik.
Hurrengorako jakin behar dena da aldaera edo barietate hori zein den berdina ez jartzeko.
Tipula ez da baratzean bertan ereiten. Hazitegian ereiten da. Hazitegia baratzeko txoko batean ere egin dezakezu. Hazitegian lur harroa behar da. Hazia egun betez uretan beratzen eduki eta gero lur azalean zabaldu. Lur pittin batekin estali eta ondo ureztatu. Belarrik gabe mantendu. Hilabete pare batean landatzeko moduan egongo dira landaretxoak.
Tomatearen kimaketa azaltzen duen euskarazko bideorik ez dut ezagutzen. Gazteleraz edo frantsesez erruz topatuko dituzu interneten. Oso erraza da tomatearen kimaketa eta edozein bideorekin ulertuko duzu. Ikusita gero zalantzaren bat baduzu idatzi lasai.
Lurraren azaleko arazo bat izan behar da. Onddoek sortutako gaitzak izaten dira horiek. Gaitz horiek garatzeko hezetasuna nahitaezkoa da. Humusak ere eragin dezake. Ez baldin badago behar bezala ondua, usteltze horrek ahuldu dezake landarearen lepoa. Beraz ahal baduzu ongarri hori landarearengandik aldendu eta ura kontuz erabili.
Kendutako kimu horiek gero intsektizida eder bat egiteko erabili daitezke. Beraz onena lehortu eta jasotzea. Bestela landarearen oinetara botatzea ere ez dago gaizki.
Bi arrazoi izan daitezke: edo ongarri gehiegi eta lepo alde hori ahuldu egiten da, edo zerbaitek jaten du lurraren azal alde horretan. Nire ustez zerbaitek azala janaren antza du. Luhartza edo satagina izan daiteke. Hala ere horietako bat balitz seguruenera erabat lepoa moztuko lioke. Hain axaleko zauriak izateko, ez dira bada bare txikiak izango? Bada ezpada gauez, ilunpean linterna batekin ondo miatu inguruko lurra kenduta. Baina, era guztietara, kontuz ongarria ematearekin, babarrunak ez du ongarririk behar. Ahulago hazten da. Ongarria berak sortzen du. Eta ongarri gutxiagorekin indar gehiagorekin etortzen da.
Bi arrazoi ikusten ditut hori gertatzeko. Batetik lurra ukitzen duela txikia denean, azala zaildu gabe duenean, hortik usteldu daiteke. Bestetik txikia delarik ere gertatzen da maiz ez dela behar bezala polinizatu, eta lorearen atzean dagoen kuiatxoa galdu egiten da heldu gabe.
Lehenengorako azpian lastoa, belarra edo zerbait jarri, bigarrengorako eskuz polinizatzea gomendatzen da, lore arra hartu eta erdian duen hisiputxoa, lore emean (atzean kuiatxoa duena) igurtzi.
Hiru arto motak elkarren artean hibridatzea izango da naturalena eta normalean gertatuko dena.
Hibridatzeak esan nahi du aurten jasoko duzun hazietan hiruren arteko ezaugarrien nahasketa joango dela. Nahiz eta horia, gorria eta hibridoa jaso, hazi horiek daramaten informazioa, hurrengo urtean emango dituzten landareetan ikusiko da. Adibidez: altura desberdineko landareak, artaburuen forma, artaleen egitura, aleen forma eta kolorea eta abar.
Hori ez gertatzeko hazitarako jasotzeko klase bakoitzetik artaburu pare bat aukeratu eta burua egiten hasten denean eta punttan bizarrak ateratzen diren bezain pronto aldameneko bere berdinaren goiko lore arra hartu eta poltsatxo batean sartu lore hori eta poltsarekin artaburua itxi. Honela bere berdinaren polena soilik jasoko du eta ez da besteekin nahastuko. Gero beste buruetako bizarra zimeldu dela ikustean poltsa kendu, baina artaburu horiek ondo markatu, hurrengo urterako hazitarako jasotzeko.
Babarrun motza, makilarik edo sarerik behar ez diken babarrun landarea dek. Aihenik ez dik ematen eta motza geratzen dek. Ziklo laburragoa ddik. Nik ezagutzen dizkiatenak aldaera zuriak dituk. Gure amonak esaten zian Santio egunerako bi hostotan behar zikela, beraz ereiteko sasoia etorri dek.
Asunak tomate landarea indartzen dik, silizioa eta beste mineral batzuk ematen zizkiok. Batez ere gaitzei aurre egitea dek helburua. Zuloan asuna jarri, gainean lur edo luar edo simaur heldu pixka bat eta gainean landatu tomatea.
Nik ustez mamiaren edo medularen nekrosia da, Pseudomonas corrugata. Enborrean orban arreak edo gorri-marroiak azaltzen dira. Ondoren enborra zartatu eta ikusten diren koxkor horiek sustrai berrien hasiera dira. Barrua hustu egiten da.
Jeneralean nitrogeno gehiegi dagoen lurretan agertzen da, enbor lodi eta indartsuak dituzten landareetan. Berotegian hezetasun handiegia eta argi gutxitxo den tokietan, batez ere.
Inausketarekin hedatzen da, zaurietatik, eta batez ere berotegietan. Landare gutxi batzuk badaude gaixo, onena kendu eta erretzea. Inausketa arindu eta inausketa tresnak desinfektatu.
Zalantza ugari nuen ea arazo larriren bat ote zen zuen papatetan azaltzen den hori. Azkenean uste dut gorrina dela, mildiua alegia, Phytophtora infestans. Gorrinak landarea erasotzen du, hostoak, zurtoinak eta zuen kasuan ondoren lurpeko tuberkuluetara hedatu da. Pentsatuko duzun bezala, kontserbazio garaian, patata usteltzen joango da. Ez dakit zein duzun egoera, baina ahalik eta azkarren kendu patata hori. Hurrengo urtean beste soro batean jarri patata. Hazia ere aldatu eta landareetan orban gorri-beltz horiek azaldu bezain pronto tratatu: salda bordelesa, esne gordina eta asun ura. Azeribuztan ura ere erabili dezakezu.
Gorrina da tomatearen gaitz arruntena. Hasteko tomatearen landaketan kontutan izan: lur-tontorra egin, landaketa zuloan asun adarrak jarri, tarte handia utzi (tartean ibiltzerakoan ez ukitzeko moduan, makilak jartzerakoan kontutan izan gero estaltzeko "txapela" jartzeko aukera (goia soilik estali, aldeak libre). Gaitza egun ilun eta bustiak segidan direnean etortzen da; aurrea hartu behar zaio. Tratamentua: asun-ura, azeribuztan ura, esnea (ahal bada gordina) eta salda bordelesa. Hezetasun handi hori etorri aurretik tratatu behar da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.