Asteroko buletina
Amabirjina martxokoan kuku, Sanpedrotan mutu.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Tomatea ilarraren ondoren?
2024-05-02 13:06 | Xabier

Kaixo!! Jakoba, nai nuke jakin illarra egondan lekun tomatia aldatzea ondo etortzen zaion. Eskerrik asko.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-02 16:43

Ilarrak, lekaduna denez, lurra nitrogenoz kargatuta uzten du. Tiraka ez atera landareak, moztu eta sustraiak bertan utzi, ongarri gehiago… Nitrogenoak, ordea, hostoa sustatzen du, eta tomateak hasieran hostoa eman eta hazi egin behar du, baina nitrogeno gehiegi badago, loraldia atzeratu daiteke. Hori ez gertatzeko, tomatea landatzean tarteetan jarri hostoa jaten diogun zerbait: letxuga, eskarola, ziazerba… Eta tomatea hazten den artean, osatuko dira eta jango dituzu. Horiek nitrogenoa ere ederki eramango dute, lurreko gaindosia bere oneratuz.

Gaur arte erantzundakoak (298 galdera-erantzun)

Honakoa pasatzen zaigu tipulekin: 
Duela 3 urte hasi ginen tipula plastikoarekin jartzen. Lehen urtean primeran. Ale ederrak eta sanoak. Azken bi urteeta berriz, urtero lekuz aldatuta noski, usteldu egiten dira. Ale dexente txikiagoak eta asko bAratzean bertan usteltzen hasiak kanpotik. Ateratakoan ikusten da zainak dituzten lekuan har txikiak dituztela. Halere ez dakit zein diren lehenak, ustela edo harrak. Onddorenbat ote den pentxatu dut baina aldapan egonda eta ureztatu gabe eztakit ba.
Azebarioekin ere azken urteetan gaizki. Erne gutxi eta hala ere gero desagertu egiten dira. Zerbaitek janda agian. 
Mila esker.
Iraitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-08 17:47

Usteldura hori zergaitik sortu daitekeen aztertu behar da. Aipatzen dituzun har horiek izan daitezke errudunak. Harrak hozka egiten duen tokian gaitza sartzen da. Beste animaliatxoren batek ere sustraiak jaten dakizkioke. Hark egindako zaurietatik sartuko litzatake usteldura sortzen duen onddoa. Sataina, luhartza... Begiratu ea galeria tankerako zulotxorik ikusten duzuten sailean.

Beste aukera bat da hezetasun handiegia izatea, plastikoa jarri delako izan daiteke, edo ura pilatzen den tokia delako sustraien hasierako parte hori usteldu daiteke. Pentsatu tipulari hezetasuna ez zaiola zipitzik ere gustatzen. Usteldura guztiak, azken beltzean, hezetasunak ekartzen ditu. Edozein eratara lurra harrotu, ildo-bizkarrak edo muntoak (40 cm inguru altuerakoak) egin eta bere bi aldeetan landatu, eta abar egin saila lehortzeko.

Kontuz gehiegizko ongarriketarekin ere. Tipulari ez zaio ongarria gustatzen, eta baldin bada oso ondo ondua edo luartua. Ondo egin gabekoak ahul haztea dakar eta gaitzetarako samurragoa.

Azebarioekin azken urteetan gaizki. Erne gutxi eta hala ere gero desagertu egiten dira. Zerbaitek janda agian. 
Mila esker.
Iraitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-08 17:47

Azenarioari beroa gustatzen zaio, eguteran erein. Ongarri freskorik ez eman. Ureztaketa ere ez ahaztu ttikia denean, baita tarteko belarrak kentzea ere. Erein aurretik lurra ondo harrotu eta errautsa lodi ematea trikimailu ona da.

Egun on,

Ortuaren inguruko galdera pare bat dauzkat.

Aurten lehenengo urtea da hazitegia egiten dudana, aurreko urtean landatutakoaren haziekin, alegia. Udan hartutako barazkien haziak sikatu eta aurreko astean jarri nituen. Negutegi txiki bat egin dut eta bertan jarri ditut, irudian ikus daitekeenez.

Galdera honakoa da, zenbatero ureztatu beharko nuke hazitegia? Negutegiak egun osoa emango du itxita. Nahikoa da goizetako ihintzarekin? Beti hezea egotea komeni da edota landareak berak bezala egunero edo bi egunetan behin ureztatuko dut? Kutxa bakoitzean, nahiz eta bananduta eta identifikatuta egon landare ezberdinak daude (piper berde handi eta txikiak, piparrak, tomateak, txerriak, berenjena, kuia eta kuiatxoa...); maiztasun igualarekin ureztatuko ditut?

Bestalde, ongarria botatzen hasi beharko nintzateke lurrari? Normalean aste santuko oporrak aprobetxatzen ditut ortua prest uzteko, baina aurten apirileko azken astean direnez ez dakit asko berandutzea izango den.

Aldez aurretik eskerrik asko eta zorionak lanagatik,

Zaindu

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-01 15:18

Hazia ondo hozitzeko, ernetzeko, lurrak heze egon behar du. Hala ere lurra ez ito. Ihinztagailu bateko lainoztatu eta lurrazala busti. Bandejetan jarri duzuna lur harroa bada maiz-maiz, berak ere ura hartzen baitu. Denak batera ureztatu bai. Haziek portaera beretsua dute urarekiko. Batzuk lehenago jaiotzea da normalena.

Ongarriketa bai, ahalik eta azkarren egin. Orain ongarri ondua bakarrik erabili. Hurrengorako gogoratu lan hori udazkenekoa dela, eta orduan bai bota dezakezu ongarri berrixeagoa.

Egun on. Nafarroako kanpin batean bungalow bat dugu. Albo batean, jardineratxo batean lehengo urtean tomate landare bat eta piper landare batzu oso ondo etorri zitzaizkigun. Etxe atzealdean, tokia badugu baina eguzkiak zuzenean ez dio ematen. Zerbait landatzerik edukiko genuke? Kuia, kuiatxo, piper.... Ur arazorik ez du, ureztatze automatikoa bait daukagu. Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-22 16:08
Tomate, piper, alberjinia eta antzekoak fruituak dira eta horiek eguzkia maite dute. Itzaletan oso ondo etorriko dira hostoa kentzen diegun barazkiak: ziazerba, zerba, uraza, eskarola, txikoria eta antzekoak. Oso ospela ez bada baita sustraiekoak ere: azenarioa, errefautxoa eta erremolatxa. Nahi izatera saiatu kuiatxo landare batekin eta ikusiz ikasi.

Kaixo, jakin nahi nuke ilarraren hasia noiz bota behar da, hau da, zer ilargirekin. Nik jarri ditut "creciente" n baina esaten didate "descendente" an izan behar dela.
Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-10 18:03

Ereintza lanak ILGORAn egiten dira. Gazteleraz ascendente. Ahal baduzu lore edo fruitu egunean.

Egun on Jakoba! Egurra moztu ondoren zerrin mordoa dut. Nola erabili dezaket hau baratza edo fruitu arbolentzako? Errautsaren funtzio berdina du edo ez?
Eskerrikasko bihotzez
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-01-27 15:55

Zerrauts berriak tanino asko du eta landareak hil ditzake, landare ttikiak. Ez handiak, zuhaitzak, arbolak eta abar. Horregatik handi horien azpian zabaldu dezakezu. Hala ere nire iritzian luartzea edo ontzea da onena. Nahasi simaurrarekin edo luarrarekin Hilabete batzuk utzi ondo usteltzen eta gero erabili ongarri gisa. Bakarrik ere utzi daiteke bazter batean eta luarra bezala landu usteldu arte. Errautsa oso desberdina da. Errautsak karearen tankera handiagoa du eta haren antzeko helburuekin erabiltzen da. Zerrautsa ongarritarako edo berdetan belarrik ateratzea nahi ez dugun tokiren batean.

Aspaldiko urteetan artoa eta babarruna leku berean ereiten ari gara, 3000 m2 gutxi gora behera. Urtero kriston artoa lortzen dugu, baina azken bi urte hauetan babarrun gutxi. Babarruna jaiotzen da eta sustraia ihartzen edo usteltzen joaten zaio, barrutik hutsa bezala geratzen da, eta landarea ihartu edo batere indarrik gabe geratzen da. Lur saila Añorgan dago, ez da zelaia, urak korritzen du, nahiko lur hondartsua da. Ilada batetik bestera metro bateko tartea uzten dugu eta zuloen artean 70 cm gutxi gora behera. Zulo bakoitzean bi arto ale eta babarrun bakarra botatzen dugu.

Zer gomendatzen diguzu? (kontuan izan 3000 m2-ko soroa beste leku batera eramatea ez zaigula erraza egingo)

3 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-11-13 09:23
Kontatuidazu ongarriketa nola egiten duzuten, edo ez duzuten egiten…
Eta urak korritzen duela hori…
Milesker
Juan Miguel Galatas Etxeberria-ren erantzuna
2021-11-13 09:36

Ardi simaurra berria, ondu gabea, eta ez oso kantitate handian. Zenbat? Ez da erraza esaten. Zortzi traktoreka txiki.

Ura korritzearena, bada aldapa denez ez dela soroa putzu eginda geratzen.
Eskerrik asko
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-11-13 10:12

Ardi simaur berriarena izan daiteke. Babarrunak berez ez du ongarririk behar, baina artoak bai. Berria izanik ontzen den artean hartzitzen ari da eta horrek ez dio batere laguntzen babarrunari. Artoarentzako ongarriketa egiteko ongarri berria baduzu orain eman, beranduenera neguan. Horrela landareak etortzen direnerako ondua egongo da.

Zein diztantziara jarri behar dira?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-10-27 09:59

Horrek esan nahi du oraindik ez duzutela BIZI BARATZEA liburua eskuratu...

Bertan honelaxe dio: errenka artean 25-30 cm eta errenkadaren barruan porrutik porrura 10-15 cm. Zenbat eta tarte handiagoa porruak lodiagoak egingo dira. Tarte estuagoarekin porru meheak baina gehiago.

Egun on

Zer moduz? Arkaitz naiz, Aurtiztik idazten dizut, Itureneko auzotik, Nafarroatik. Duda ttiki bat daukat, aurten baratzean Kakahuetezko kalabazak jarri ditut eta ez dakit noiz bildu behar ditudan. Eskertuko nuke erantzutea, dexente dauzkat eta pena izango zen galtzea.

Eskermila eta segi bixkorrean

Zaindu

Aio

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-16 17:08

Kuia denak jasotzeko bide bera dago: kuia landareari lotzen duen txortena lehortu egin behar da. Txortena ondo lehortua dago kolore berdea erabat galdu eta txortenari berari saihets antzekoak sortzen zaizkionean. Jasotzerakoan ez tiratu, txortenarekin askoz gehiago iraungo du. Moztu txortenaren aurretik eta ondoren landarearen adarra. Ondoren jarri kuiak berotan, egun dezente, barrutik gozatu eta kanpotik zaildu egingo da. Ondoren toki fresko eta ondo haizeberritzen den batean jaso. Azkar jan asmo dituzunak ilgoran bildu, irautekoak, aldiz, ilbeheran. Beste muga bat izotzaldia da. Izotza egingo duen susmoa badezute aurretik jaso.

Euskal jatorriko zenbat tomate barietate daude?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-10 17:53

Galdera hori zuzen erantzutea ezinezkoa da. Bertokoa edo bertoko jatorria duena zehaztea ezinezkoa da. Landare guztiekin gertatzen dena da prozesu luze bat, urteak eta urteak behar dituena. Denborarekin barietate desberdin bat sortzen eta egonkorzten da. Baina bide horretan barietate izan daitezkeen asko dago. Erantzuna “asko” izan beharko luke. Adibidez begira Nafarroan bertoko barietate tradizionalei buruzko ikerketa hau.

https://www.navarraagraria.com/categories/item/download/37_5f8c2d589ac763ad6d23e29c64f98206

Noiz erein nezake illarra, aste honetan badaukat aukera??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-09-07 16:44

Iraila arriskutsua da ilarra ereiteko. Eguraldi bero samarra egiten badu gaitzak harrapa dezake. Hala ere saioa egin nahi baduzu egin eta zorte on! Hobe urrira itxarotea, hortik atzera nahi duzunean azkenekoak otsaila aldera egiten dira. Beti ilgora eta lore edo fruitu eguna aukeratu behar duzu.

Ilgorak honela izango dira: irailaren 15-28, urriaren 12 (eguerditik)-26, azaroaren 9-22 eta abenduaren 6-19. Fruitu egunak: irailaren 15, 16(goiza), 23(arratsaldea), 24 eta 25 (goiza); urriaren 12, 13, 21 eta 22; azaroaren 9 eta 17 (arratsaldea); abenduaren 6, 7(goiza), 14 eta 15.

Arratsalde on, Errekondo jauna.

Zutaz gogoratu naiz Mallorcako egunkari batean beharbada jakingarri izango zaizun honako hau irakurtzean:

"Abuztuan teila-zatiak jartzen dira meloien azpian lurraren hezetasunetik babeste aldera". Ez du besterik zehazten.

Joan Barceló izeneko batek idatzi du.

Ondo izan.

Jabi

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-08-23 14:14

Kaixo Jabi.

Oraintxe bidali dizkidate abuztu osoko galderak eta tartean zure iruzkina.

Mila esker.

Hemen kuiekin ere antzera egiten da, lurra kendu azpian zerbait jarrita. 

Mila esker eta ondo izan

Jakoba

Entzunda daukat urterako porrua san juanak aldera landatu behar dela... Zeintzuk dira egunik hoberenak??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-21 18:36

Porruak iraun dezan onena ilbeheran landatzea da. Ilbehera osoa ona da baina sustrai eguna bada hobe. Uztailaren 9tik 22ra da ilbehera, eta sustrai egunak 15, 16, 17 eta 18 (hau eguerdira arte) izango dira.

Egunon,
Horrelaxe topatu ditut kalabazinak baratzean? Zerrena izan daitekeen?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-21 18:31

Itxuraz hosto mordoxka bat batera moztuta daude. Ebakiaren formagatik esan daiteke ez duela barraskilo edo bare edo antzekoren batek jan. Ebakia zerbait zorrotzarekin egina dagoela dirudi. Hostoak ere hor bertan dauden lurrean. Moztutako hostoak denak goikoak dira. Ez zuen bada desbrozadoraren batek edo antzekoren batek ebakiko?

Kaixo, tomateak kimatzea ona da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-17 11:22
Tomate gehienak kimatzea komeni da. Gerezi erako aldaerak edota udare-tomateak maiz ez dira kimatzen baina gainontzekoak bai. Kimatuta hostoen galtzarbean sortzen diren bigarren mailako kimuak kentzen dira eta hazteko adar bat soilik uzten da. Indar handiko barietatea baldin bada bi adar ere utzi daitezke. Kimaketa eguneko ordu beroenetan egitea da onena. Hostoen oinean sortzen diren kimutxo horiek ahalik eta txikienak direnean kendu behar dira, batez ere egiten dugun zauria ahalik eta txikiena izan dadin, landareak aitaren batean orbaindu eta itxi dezan, gaitzik ez sartzeko.

Kaixo Jakoba!

Lehengo urtean tomate txerrien haziak gorde nituen lehenengo aldiz. Martxoan erein nituen eta sukaldean eduki ditut tarro txikietan. Orain dela bi egun baratzera pasa ditut eta denbora gutxian mantxa txuriak atera zaizkie hostoei... ez dute batere itxura onik...

Ilusionatuta nengoen nere lehenengo ba! Pena...

Ea laguntzerik duzun, eskerrik asko aldez aurretik!

Maria

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-15 10:14

Argi eta garbi onddo batek eragindako gaitza da. Onddo guztiak hezetasunarekin eta tenperatura epelarekin harrotzen dira. Tenperatura ezin dugu aldatu baina hezetasuna bai. Kontuz ureztaketarekin: landarea ez busti sekula.

Egoera hobetzeko beste aukera bat proposatu nahi dizut. Landareak ahalik eta lur gehienarekin atera, landatuta dauden lekuan bertan lurra pilatu eta 40 cm. altuera duen tontorra egin, landatzeko zuloa egin tontorrean, zuloan osin zarbak sartu, gainean lur pixka bat eta haren gainean landatu. Osin ura egin eta harekin ureztatu, beti ere landarea ukitu gabe.

Kaixoo

Soro guztia osinaz beteta dugu eta zer egitea komeni da oi galtzeko?? Momentu onetan bertan patata ta artoa degu. 

Eskertuko nuke erantzun bat

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-11 10:46
Osina lur oparo eta emankorretan soilik ugaltzen da. Horrek esan nahi du zuen soroa ongarriz ondo hornituta dagoela. Agian gehiegi. Nolako ongarria ote zen? Batzuetan ongarrian bertan etortzen da osina.... Orain duzun aukera bakarra moztea da. Desbrozadorarekin edo ea nola moldatzen zaren. Papata errenkaden artean hor nonbait, baina arto artean ez duzu erraza izango. Ilgoran mozten baduzu hobe.

Kaixo Jakoba azken aldian berotegian ditudan tomateak ipurditik zimeltzen zaizkit, duela 2 aste entzun nuen irratian inurriekin arazoak zituen baten kasua . Nire tomateen argazkia bidaliko dizut ea zer izan daitekeen gorriña edo ...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-07 15:55

Nire ustez sustraietako usteldura da, Fusarium onddoa. Lurrean dago eta ez dago zer eginik. Usteldu direnak kendu, eta bertan erre. Hala ere garbi izan lurra dago kutsatuta eta hurrengo urteetan ere hor izango duzu. Kontuz hezetasunarekin, onddoari laguntzen baitio.

Errotazioa edo urtero landare bera ez errepikatzea, karea ematea, barietate erresistenteak, negutegiaren aireberritzea, lurra harrotzea eta abar dira gaitz honi aurrea hartzeko bideak.

Borrajan hostoetan ttantto txuri batzuk agertu zaizkit. Zer ote da?
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-06-02 19:17

Nire iritziz tripsak izango dira. Horiek hostoen azpitik erasotzen dute hostoa eta eztena ziztatuz izerdia zurrupatzen dute. Beraien aurkako borroka onena eta errazena hezetasuna handitzea da. Ez zaie gustatzen eta atzera egiten dute. Ikusten dudanez aldamenean tomateak daude eta horieri aldiz hezetasuna gustatzen ez. Ea nola banandu ditzakezun maiz maiz borraja hostajeak bustitzeko tomateak busti gabe. Baita intsektizida naturalak: xaboi potasikoa, neem olioa, bacyllus, piretrinak, koltza olioa...

Kaixo! Euria egin berri eta lurra bustia dagoenean landatzea ona al da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-05-14 19:20

Bai ona da, Arazo handiena lur horren gainean ibiltzea da. Baina landarearentzako ez da txarra. Ura topatuko du lurrean eta ondo itsatsiko da. Onena busti aurretik lanatzea litzateke, baina gero ere ez da txarra.

Noiz landatu kuiak eta kuiatxoak?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-05-09 21:18
Landaketa lanak ilbeheran egin behar dira. Datorren ilbehera 16an hasi eta 28ra artekoa izango da. Fruitua da zuk jaso nahi duzuna, kuia eta kuiatxo, eta horregatik fruitu egunak izango dira onenak. Ilbehera oso ona izango da baina fruitu egunak honenak: 19, 20 eta 21.

Zer liteke illarra zuritzen hasten denean?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-05-08 18:28
Gaitza bat izango da, zuritzen duena, jeneralean, zurina da. Zurina giro epela eta hezetasuna dagoenean hedatzen da. Hostoaren gainean garatzen da, baina kalte nabarmenak eragitzen dizkio landareari. Sufrearekin tratatzen da, azeribuztan-ura eta xaboi ttantta batekin nahasita hobe. Hala ere, zurina garatzen denean giro beroak datozela adierazten du, eta giro beroak ez ditu atsegin ilarrak...

Galdera bat, Jakoba, bretxan erosten ditut ibarrako piper eta landareak urtero eta horien frutuaren hazietatik sortutako landareak ondo eta mota berdineko piperrak emango dizkidate?

Aurten etxean erein ditut eta proba gisa jarri nahi nituzke. Ez dakit horien hibridoak izan daitezkeen edo...

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-05-04 12:48

Piperrak bere berezko ezaugarriei ondo eusten die hazian. Agian desberdintasunen bat baduen landareren bat sortuko da: luzeagoa, berdeagoa, fruitu desberdina ematen duena... Hurrengo urterako zeiuk aukeratu zein fruitu duzun gustukoena eta haren haziak jaso. Horrela urte batzuetara zeuretzako onena den “aldaera” izango duzu.

Aupa Jakoba, kontsulta bat Txokoaldetik. Galiziako Aza bat delakoan eman digute, baina ez zaio burua egiten eta ezin asmatu gabiltza zer ote den. Repollo Luziana izan daitekela ere esan digute.

Ideiarik bai zer izan ote daitekeen?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-04-22 14:38

Kaixo. Galiziako azak, edo guretzako gailego aza-zuhain aza izenak dituenak ez du sekula bururik egiten. Luzatu eta luzatu egiten da eta zerba bezala hostoz hosto jaten da edo aziendari ematen. 3 metrokoa ere erraz egiten da.

Egunon, duela bi aste lurra goldatu eta simaurtu nuen baratzean. Duda daukat kare harria botatzea komeni zaidan edo ez? Argitzerik bai? Mila esker!!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-04-19 12:54

Lurraren ezaugarriak jakin beharko genituzke. Orokorrean, baina, esan dezakegu oinarrian eta inguruan lur buztintsua baldin badu, karea ondo etorriko zaiola. Lurra harrotuko du, simaurraren lurreratze bidea azkartuko du, pHak gora egingo du, landareak behar dituen elikagaiak errazago mugituko dira eta abar. Aspaldi karerik ikusi ez badu metro kuadroko 150 gr eman. Urteroko dosia 75 gr inguru litzateke. Koxkorra edo hautsa botatzea litzateke beste zalantza. Nik beti nahiago dut koxkorra. Denbora luzez lana egingo du, pixkanaka pixkanaka urtuz.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora