Asteroko buletina
Baratzezaintza, funtsean, beti izan da artea.

Zer da artaldea? (Gerturatze bat)

Astebete pasatxo eman dut artaldeaz hausnarrean. Lehenago ere eskaini izan dizkiot tarteak artalde kontzeptuari ematen zaion erabilerari, baina orain dela astebete izandako elkarrizketak berritu du hari buruzko hausnarra eta paper honetara ekarri nau.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko uztailaren 01a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Orokorrean, ez dago ongi ikusita artalde bateko partaide izatea. Artaldeko kideak homogeneizatu egiten dira, dituzten ahalmenez desjabetu eta berezko ezaugarriak ezabatu egiten dira kolpe batez, eta seriean ekoiztutako panpinak bilakatzen dituzte epaileek.

Homogeneoak eta morroiak, irizpiderik gabekoak. Ustezko artzainak zer esan, morroiek hura egin. Ezer zalantzan jarri gabe. Aurrera? Aurrera! Gelditzeko? Gelditu! Bi izate: artzaina eta taldea. Batek agindu, besteak obeditu. Makila –hainbat elementutan gorpuztua– da haien arteko lotura bakarra.

Nik neuk ere erabili izan dut artaldea desegoki. Aspaldian, oso aspaldian, artzaina izan baino lehen. Boulevard bataiatu zuten merkataritza-gune handia Borregard –borrego hitzari erreferentzia eginez; bildots, alegia– zen askorentzat. Sartzen eta ateratzen ziren haiengandik ezberdin ikusten genuen geure burua –eta ziur aski haiek ere gu ezberdin ikusiko gintuzten, arraroak gintzaizkien–, artaldetik kanpo.

Artalde honen kide naizenetik ez dut Borregard hitza erabili. Ezin hutsaldu hainbeste ematen didana. Ezin ezereztu artzain egiten nauen hori. Izan ere, ardiek egiten naute artzain; haiek gabe ez naiz. Ezina, dudarik gabe, ezagutzatik datorkit –ez nuke orojakiletzat inork hartzea–, ardiekin bizitza konpartitzetik.

Ardiekin bizi denak badaki ardi guztiak ez direla berdinak, denak ardiak izan arren. Badirela urduriagoak eta otzanagoak; maitekorragoak eta zakarragoak; talde-zaleagoak eta bakartiagoak; ausartagoak eta beldurtiagoak; taldearen buruan joatekoak eta atzealdea nahiago dutenak. Eta denak ezinbestekoak.

Ardiekin bizi denak badaki kide bakoitzak baduela funtzio bat ekosistema horretan –beraz, erraz ondorioztatu daiteke artaldearen talde-izaera aldatuko dela kide bat hildakoan, edo jaiotzean–. Eta ekosistema horren azken helburua dela kolektiboaren bizitzari eustea, kide guztien ongizatea ziurtatzea.

Uste dut, maiz, artaldea eta ardi pila nahastu egiten direla. Lehenengoan kideen arteko interakzioak etengabeak dira, eta azken helburu hori beti dago presente, ezkutuan bada ere. Bigarrenean, ordea, kolektiborik ez dago, eta pilaketa apurtutako edalontziaren pusketak poltsa batean jasotzea bezain alferrikakoa da. Hau da, inork zati horiek itsasteko lanik hartu ezean, ez dago ur tantarik edaterik.

Horretarako dago, besteak beste, artzaina. Bere funtzio nagusia, zalantzarik gabe, artaldearen bizitza ziurtatzea da, ahaztu gabe, hori bai, bera ez dela kanpotik agintzen duen elementua eta ardiena bezala, bere existentzia artaldearen existentziari berari dagoela lotuta. Horregatik babestu behar du artaldea arriskuetatik; horregatik, jatekoa ziurtatu; horregatik, kide guztiontzako bizigarria den bizitza lortu eta mantendu.

Giza-taldeen funtzionamendua aztertzen dituzten horiei gomendatuko nieke artalde batean murgiltzea. Horrela, holobiontea zer den deskubrituko lukete: hainbat espezie elkartzea entitate bat sortzeko, denboran iraungo duen ekosistema, bere kideak zainduko dituena.

Orduan, artaldean bizitzea desiragarri litzateke. Orduan, artaldeak sortzen hasiko ginateke, elkar zaintzeko.

Non dago herria?
Mikro eta makro kontzeptuen arteko muga lausoa da, eta elkarren arteko eragina lausoa izan arren, eragiten du. Baita gugan ere. Arazoa dator lainopeko itsutasunean asmatzen... (+)
Iragarkiak
Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin... (+)
Harreman toxikoez
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo... (+)
Lantokietako isilpeko doluaz
Hau irakurtzen duzunerako, ez dakit zenbat herri izango ditudan bihotzean eta zenbat gogoeta buruan. Idatzi hau bidali baino lehen, izan naiz Arantzan, Tolosan, Elgoibarren eta... (+)
Trenetik salto egin nahi
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora