Asteroko buletina
Abendu lehorra, urte ugaritsua.

Non dago herria?

Mikro eta makro kontzeptuen arteko muga lausoa da, eta elkarren arteko eragina lausoa izan arren, eragiten du. Baita gugan ere. Arazoa dator lainopeko itsutasunean asmatzen ez dugunean gu geu non gauden, herria non dagoen.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko abenduaren 16a
Eibarko Errebal Plazia.

Elgoibarren egindako Hausnarrean liburuaren aurkezpenera etorritakoek esan zuten azoka plazarik gabe geldituko direla. Hura eraitsi eta osasun etxe berria omen doa, elegante. Ez dago azoka berriaren arrastorik, ez da arnasten horren beharrik, antza. Herriaren kanpoaldean dagoen supermerkatu valentziar elegantearekin, nahikoa izango ei da: aparkalekua badu, baita autobus geltoki publikoa atarian ere. Zero kilometro, beraz.

Eibarren kontuak bestelakoak dira. Dirudienez, herritar batzuen presioa dela eta, Udalak bukaera eman zion baserritarren azokaren hamar urtetako agoniari, eta Errebal Plazian kokatu zuen. Bertan Basagune izeneko denda ere badago, elikadura ekologikoa ardatz duen espazioa. Bitxia egin zait, halere, interneten azaldu ez izana baserritarren udal azokari edo Basaguneri buruzko erreferentziarik egiten dion ezer. Gehienetan, Errebal Plazia da kulturarako eta herritarrek parte hartzeko plaza publikoa, eta hala dio Eibarko Udalak berak ere bere webgunean.

Zalantza egiten dut kultura eta parte hartze publiko horien baitan eibartarrek baserritarren azoka ere badagoela ulertuko ote duten. Beste indar bat izan zezakeen Errebal Plaziak baserritar eta ekoizleentzat. Gertuko bailaratan badago non ikasi. Nahikoa da Urola aldera jo edo Deba ibarrean gora egitea martxan dauden proiektu interesgarriekin topo egiteko; bi ibilbide ezberdin norabide berean joan direnak: gertuen dauden erakundeak, baserritarrak eta herritarrak elkarrekin elikadurarekiko ardurak hartzen.

Zoritxarrez, komunitateak indartzen dituzten proiektu horiez kalean maiz entzuten direnak ez dira gozoak izaten: "Diru publikoa jaso dute hauek ere"... "herriko denda txikiei konpetentzia desleial egiten diote, itxiaraziko dituzte"... Goierri aldean entzundakoa ez da samurragoa. Herri bateko harakina pozik hizketan supermerkatu valentziar eleganteak ateak irekiko zituen hartan: aukera gehiago, eskaintza zabala denontzat... Harrezkero, bi urte pasa dira. Iritzi bera izango ote du?

Ispilua gurera ekar dezakegu eta buelta eman: azoketara eta kooperatibetara geure barazkiak, okela, esnekiak, ogiak eta abarrak saltzera goazenok non egiten ditugu erosketak? Gure hozkailu eta armairuetan zenbat aurpegi ezagutzen ditugu? "Zenbat kilometro daude Atharratzetik Tardetsera?" galdetu dit batek.

Batzuetan zaila egiten zaigu etsaia bereiztea. Lainopeko itsutasun horretan, ez gara gai herria non dagoen asmatzeko, eta bagoaz herria jango duen marrazoari geure burua eskaintzera, otzan eta pozik; inoiz eta inon geu ere marrazo izatera helduko garen ametsari jarraituz, autofagozitaziora.

Eta, noski, hilaren 6an Montevideon sinatu zen Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko hitzarmenak baserritarrok geure onetik ateratzen gaitu –geure onetik ateratzeko modukoa delako–, eta sare sozialetan eta bestelakoetan sua darigu –eta hala behar du–, geure burua kinkan ikusten dugulako, beste kolpe bat –azkena?–. Badakigulako, besteak beste, akordio horretan EBko industriak, enpresa farmazeutikoek, energetikoek eta abarrek erraz egingo dituzten negozio horien ordainetan behi okela, soja eta bestelako nekazaritza-produktuen %82 etorriko direla arantzelik gabe.

Biraoek ahantzaraziko digute, ordea, gure hozkailuetako eta apalategietako aurpegi ezezagunak akordio horrekin lotuta daudela. Geure hilobia betetzen ari garela supermerkatuetan ustez aurreztutako euro bakoitzarekin, gure gorpuarentzat lekurik utzi gabe.

Valentzian gertatutako uholdeen testuinguruan, behin eta berriz entzun eta irakurri izan dut Antonio Machadoren bertso hura: Herriak bakarrik salbatzen du herria.

Gogoratuko dugu geu ere herria garela? Asmatuko ote dugu herria zer den bereizten?

Iragarkiak
Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin... (+)
Harreman toxikoez
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo... (+)
Lantokietako isilpeko doluaz
Hau irakurtzen duzunerako, ez dakit zenbat herri izango ditudan bihotzean eta zenbat gogoeta buruan. Idatzi hau bidali baino lehen, izan naiz Arantzan, Tolosan, Elgoibarren eta... (+)
Trenetik salto egin nahi
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik... (+)
Su artifizialak
Bitxia egiten zait oso askok su artifizialei dieten miresmena. Ikuskizunak sortzen duen itsutasun eta gorreria aukeran nonahi. Ni uxatu egiten nau giro piroteknikoak. Baina onartzea... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora