Asteroko buletina
Ganderailu, sasoinaren berrigailu.

Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko irailaren 23a

Egia esan, albistegi gutxi entzun ditut hilabeteotan. Tren horretako bidaiari ez nintzelakoan, neure buruari errepikatzen nion ez nuela tren horretara igo nahi. Alferrik, atearen kontra, baina, bai, neu ere banintzen bidaiaria. Ez da samurra izan trenean esnatzea. Esnatu naute zurikeriak eta teknologiaren ameskeriak, biek batera.

Alde batetik, halako batean, eta merkealdietan, onartu zen Natura Lehengoratzeko legea, han, Europan. Jarri dioten izenburua polita da, ezin ukatu. Halere, estatuek bete beharko dute mamiz haizez beteriko opila. Legearen helburuetan murgilduz gero, naturazaleak literatura atsegina topa lezake; esaldi batzuen doinua ezin atseginagoa da, sirenen kantu eztien antzerako melodia. Edozein kasutan, estatuek hala erabakita, zonalde batzuk lege horren aplikaziotik kanpo gera daitezke bi arrazoirengatik: defentsa nazionala eta energia berriztagarrien inplementazioa. Harrapazank Txiribiton!

Bestaldetik, irailaren 7ko egunkarian Zutikako nekazaritza izenburua zuen erreportajeak zur eta lur utzi ninduen; martxan egon arren, prest nengoen trenetik salto egiteko. Neikerrek Derion duen zentroan eraiki dute 50 metro koadro dituen espazio kontrolatua non landareak hazten dituzten hiru mailatan. Momentuz, landare usaintsuekin ari dira.

Ez omen dator nekazaritza tradizionalari kontra egitera; tomate hidroponikoak azaldu zirenean, aurkako ahotsek iragarri zuten lurrarekin lantzen den nekazaritza desagertu egingo zela, eta ez da hori gertatu. Honekin, berdin. Askatasuna behar ei dugu nahi dugun moduan lan egiteko, erosi ere nahi dugunean eta askatasunez.

Askatasunaz gain, abantailak baino ez dauzka, ikerlariaren arabera, apaletako nekazaritza futuristak: urte osoan zehar izango da uzta jasotzeko aukera, hamabost egunean behin jaso, eta, gainera, ekoizpena 50 aldiz handitu daiteke. Eta ez hori bakarrik, klima aldaketak dakarren ezegonkortasunak ez du eraginik izango, atmosfera isolatuan haziko baitira landareok. Ureztatze sistema automatikoa, argitasuna, tenperatura eta hezetasuna uneoro kontrolpean, baita CO2 isurketak ere. Izena ere abantaila: indoor vertical farming. Basque gehituz gero, txapeldun.

Neikerrek proiektu hau abiatu zuen ikusita enpresen artean interesa zegoela, merkatuan lehiakortasuna hobetzeari begira. Populazioaren hazkundeak eta klima aldaketak bilakatu dute egitasmoa premiazko. Helburuak bitan laburbildu omen daitezke: espazioaren erabilera optimizatzea eta ekoizpen jasangarria bermatzea.

Hemen hil naiz. Trenean bertan.

Ez baitzait jasangarri egin bi gertaeren konbinazioak sortutako ikara.

Su artifizialak
Bitxia egiten zait oso askok su artifizialei dieten miresmena. Ikuskizunak sortzen duen itsutasun eta gorreria aukeran nonahi. Ni uxatu egiten nau giro piroteknikoak. Baina onartzea... (+)
Arrigorri
Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu... (+)
Zer da artaldea? (Gerturatze bat)
Astebete pasatxo eman dut artaldeaz hausnarrean. Lehenago ere eskaini izan dizkiot tarteak artalde kontzeptuari ematen zaion erabilerari, baina orain dela astebete izandako elkarrizketak berritu du... (+)
In extremis, mila esker
In extremis heldu naiz orrialde honetara. Patuak hala erabaki du. Izan ere, orain dela bi aste erdi idatzita nuen gaurkoa, baina dokumentua gorde gabe ordenagailua... (+)
Borrokak eta liburuak
Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa.... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora