Ardia zintzarri jole barrenean, atarian elurra biharamunean

Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko apirilaren 07a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Horrela iritsi gara gaur egungo laborari panoramara. Ongarri kimikoak soilik erabiltzen dituztenak. Lur gutxi eta kanpoko jatenak soilik jaten dituzten ehunka behi pilatzen dituzten ukuilu erraldoietako unaiak. Lurrik ukitu gabe hazten eta puzten dituzten tomateei ustezko kalitate goreneneko zigilua dutela ziurtatzen duen pegatinatxoa banan-banan itsasten dieten baratzezainak. Esklabotasun baldintzetan lan egitera behartzen duen morrontzan bizi ezinik dauden atzerritar lagundu-behar gajo eta gizagajo saldoaren eskulanaren premia duten dirugoseak. Horra gure nekazariak. Batzuk. Nekazari industrialak. Jakinaren gainean edo ez, nekazaritzaren mafiaren parte direnak.

Bestelako ikuspegia topatuko dugu lur-langileen artean. Gozoagoa, noski. Lurrari behar duen errespetua diotenak. Haien alabek eta alaben alabek arnastuko duten airearen, edango duten uraren, jango duten barazki, fruitu, okela eta abarren benetako kalitatearen buxkan ahaleginean fin asko dihardutenak. Gu den denon, mafioso handienaren alabarena barne, osasuna dakarren, nor izateko gaitasuna jorratzea ahalbideratzen duen eta herria ehuntzen duen lur-langintzan ari eta ari, ari direnak.

Elikagai industrialen mafiaren eta lur-langile zintzo finen artean makina bat laborari maila badago: aitzurlariak, nekazaleak, luginak, artzainak, kanpainarrak, abel-luginak, lurlantzaileak, lur-lagunak, alor-lagunak, abeltzainak, alortiarrak eta aipatutako nekazariak, lur-langileak, laborariak eta abar.

Denon lana da lurrari etorkizuna emango dion nekazaritza iraunkorra sustatzea, baina bertan ari denak badaki zertan ari den. Nekazariak badaki, eraldatzaileak badaki, saltzaileak badaki, teknikariak badaki, sindikatuak badaki, politikariak badaki. Badakigu denok: Euskal Herriko nekazaritza ia-ia bueltarik ez duen porrot zuloan dago; aspaldi erreka joarazi genion eta toto eginda dago. Hondamendian eraikitzaile jartzen gara edo segi berean.

Jorratzaile gaudenez, kritikari alegia, diogu: baina hondamenditik dirua sortzen duten horiek ere badakite. 1927an AEBetako Tennesseko Unibertsitateak garbi asko azaldu zuen nekazaritzan porrota aurkitzeko bidea. Hona dekalogoa: uzta bakar bat landu; aziendarik ez izan; oilategia eta baratzea enbarazu besterik ez dira; lurretik hartu eta hartu ezer eman gabe; lurra estali gabe gorri eduki eta urak lur gozoena higatzen utzi; plangintzak egitea astuna da, utikan! zoriarekin fida zaitez; basoa landu ikatz meategi bat balitz bezala, moztu zuhaitz guztiak, saldu egurra eta erabili garbitutako lurrak artaberdea hazteko; aski onak direla-eta, eutsi zure amona-aitonek erabiltzen zituzten nekazaritza bideei; izan zure eskuko, lokabe, ez elkartu zure ingurukoekin inongo lankidetzatara; hipotekatu zure ustiapen osoa, balio dituen euro guztiak, nekazaritza zuzena landuko bazenu, zenituzkeen gauzak eskuratzeko dirua izan dezazun.

Ehun urte dira, bai, egungo egoera aurrikusten zutela batzuek. Gaur ere askok ez dute ikusi nahi. Eta batzuk ezkutuan gordetzen saiatzen dira, hori baita beraientzat nekazaritzak ematen duen mozkina.

Gaizki hezitako tomatea
2025-06-16 | Jakoba Errekondo
Ipurdia belztu egiten zaio. Tomate (Solanum lycopersicum) alea sano-sano ikusten da, landarean zintzilik, goitik behera begiratzen baitiogu. Buruz behera edo hankaz gora jarriz gero ipurdia... (+)
Gaitz terdi eta lotsa oneko nekazariak
2025-06-09 | Jakoba Errekondo
Natura aspaldi deuseztatu genuen. Hori da gure kultura, natura deuseztatzea. Oinarrian, nekazaritzaren kultura, goldearen kultura, kultibatzea, berezko natura deuseztatzea da. Guk nahi ditugun mozkinak eta... (+)
Iraultzak pobretzea dakar, motzarelo
2025-06-02 | Jakoba Errekondo
Golde” hitza “kultura” hitzetik dator. Etimologialaria ez naizenez, ez naiz, badaezpada, bidezidor horretan barrenduko, edozein sastraka edo lahardiren (Rubus fruticosus) erdian itotzeko ere… Inor edo... (+)
Sua lotzen duen lorea
2025-05-26 | Jakoba Errekondo
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil... (+)
Pagotxa eta beste pagotxak
2025-05-19 | Jakoba Errekondo
A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten... (+)
gora