Astelehenero 8:00etan zure epostan
Urteak lau egun baino ez dituenean jada abaildu egin da. Urte hasierak baikortasunetik behar omen du, dena ongi joango den esperantza, buruan ditugun txori guztiek habia topatuko duten ametsa gauzatuko dela sinetsi... Habiaren bilaketa zaildu egin zait urteak lau egun baino ez dituenean.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea
Auskalo zergatik, egunotan buruak maiz egin du atzera. Ardiei belar ondua jartzen ari gintzaizkiela, gogoan, hemen etxean, gauzatu zen mahai buelta eder hura, abenduaren 18koa. Uharte Arakil, Ezkio, Ibarla, Behorlegi, Itsasu bi aldiz eta Antzuola beste bi aldiz, eta denon gogoan Ortzaize. Bi izan ezik, denak emakumeak. Hiru izan ezik, denak abeltzainak –gutxienez–. Denok euskaradunak eta landa-eremuko biztanleak.
Zerk narama mahai hartara, ordea, behin eta berriz? Babes beharrak eta kolektibotasunak, zalantzarik gabe.
Babesa eta kolektibotasuna emakumea naizen aldetik. Bai. Emakumea naizelako babes eremuen beharra sentitzen dudalako. Haiek zail izan zuten, guk ez genuen –ez daukagu– erraz, baina zer izango ote dute munduko alabek eta bilobek? Ez dakit zer den lehenago, kontzientzia izatea ala gure kontrako bortizkerien –izan formalak, ez formalak, egiturazkoak, ausazkoak...– gorakada. Ala biak aldi berean? Ez dakit.
Babesa eta kolektibotasuna artzaina naizen aldetik. Bai. Ardien zaintzaren ardatzean biraka dabilen emakumea. Hariari tiraka, jabetzen zara ardatz berean sartzen direla denok sostengatzen gaituen lurra, herria edota komunitatea deitzen dugun hori, etorkizun bizigarriaren lehen hazia –dena, era guztietako gorputz txiki askori esker–. Babesa, hori guztia, eta gehiago, arrisku bizian dagoelako. Desagertzeko zorian gaude, sai zuria bezala, baina guk ez dugu babes-planik. Ziur aski pasako gara arriskuan dauden espezieen zerrendan ez agertzetik museo antropologikoan –arkeologikoan ez bada– gure gela izatera.
Babesa eta kolektibotasuna euskaraduna naizen aldetik. Bai. Euskarak barnebiltzen duen mundua ulertzeko, bizitzeko eta irauteko manera itolarrian dagoelako. Gu geu, alegia. Zeure bizitzaren ekintzarik sinpleena ere inperioek agindutako unibertsoek xurgatzen dute, zulo beltza balitz bezala. Begiradaz, limurkeriaz, keinuz, ebazpenaz, amarruz, isunaz, mespretxuz.
Babesa eta kolektibotasuna landa-eremuko biztanlea naizen aldetik. Bai. Hemen dena ustiagarria baita. Hustugarria. Hirizentrismoa Oteizazalea ote? Hustutako landa-eremuan aurkitzen du, antza, bere esentziaren funtsa. Gosez hasieran, gero laztabinaz eta dinamitaz erauzi nahi gaituzte osatzen gaituen honetatik. Bitarte horretan iraulki-kamioiak aurrera eta atzera ikusiko dira errepideetan, inurrien segidan baileuden, gorpu eta hondakinak non gorde asmatu ezinda.
Kolektibotasunak inertzia suntsitzaile horiek mila zatitan puskatzera narama.
Besteen eskutik helduta eta besteen begietan bizitzaren esentzia jaso behar horretarako. Mahai bueltak eta akelarreak piztu behar ditugu, hutsak dakarren hotzetatik elkar babesteko. Ezinbestean.
Mila esker txori-habiak eta akelarreak posible egiten dituzuen guztioi.
Pd. Alertze abailduak kablearen gainean jarraitzen du, gero eta makurrago eta bihurriago. Argindarraren postea ere etzateko gogoz ikusten dugu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545