Astelehenero 8:00etan zure epostan
Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio medizinala deitzen zaio eta oso eskura daukagu orain egitea.
Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea
Zazpi sendabelar ukendua egiterakoan ezinbesteko sendabelar dugun santio-belarra (Hypericum perforatum) oliba oliotan beratuta egiten den oleatoa izango da akaso ezagunena. Askok sendabelarraren beraren olioa dela uste dute baina ez, lore fresko ireki berriak oliba oliotan beratzen edukita egiten da olio gorri-gorria. Kolpeak, kirurgia ondorengo minak, zainetako gogortasunak eta mina sorgortuta gelditu zaigun gorputz eremua goxatzeko eta baretzeko gutxi izango dira oleato hau bezain onak.
Salbuespena delako aipatzen dut aurrena, oleatoak sendabelar lehortu berriarekin egiten direlako. Nahi izanez gero zimelduta ere bai baina freskotan jarrita arazoak emango dizkigula ziurra da. Hori bai, iaz bildutako sendabelarrak edo paketean urtebete daramanak ez digute balio; landarea indarrean dagoenean bakarrik erabili behar da. Ontziaren herena ipintzea nahikoa da, nahi izanez gero erdiraino ere ipin dezakegu baina ez gehiago, olioari asetasuna eragingo diogulako. Banaka ipintzen dira, nahastu gabe, beratze prozesuak ezberdinak izaten dituztelako.
Sendabelarra oliotan beratzeko ontzirik egokiena kristalezko ontzi aho-zabala eta hermetikoa da. Udan eguzkitan ipiniko dugu berrogei egunean, balkoian edo leiho koskan, gauez barrura sartu gabe. Olioa izan dadila gordina, ekologikoa eta birfindu gabea. Oliba olioa aberatsa da bitaminatan baina ia azal guztientzat da azidoegia epe ertain edo luzean. Ekilore olioa ere aberatsa da bitaminatan, denontzat balio du eta azal sentibera zein narritatuek gustura hartzen dute. Sesamo olioak bitaminaz gain mineral asko du eta bero eragilea da, azal lehor eta pertsona hozberentzat egokia da.
Eguzki gutxiko berrogeialdia gerta liteke Euskal Herriko udan. Hala gertatzen bada, epe hori igarotakoan, ordu erdiz Maria bainuan berotzea gomendatzen dut. Bi aldiz iragazi, iragazki metalikoarekin sendabelarra kendu eta ondoren, zapi trinko eta garbia erabiliz berriro iragazi. Kristalezko botila ilunean jasotzen da eta urtebetean ongi egoten da, hortik aurrera zahartu egingo zaigu.
Izpiliku fina (Lavandula angustifolia) ekilore oliotan beratuta egindako oleatoa krema hidratatzailea egiteko bikaina da baina makillajea kentzeko ere ederra da. 100 ml oleatori 10 tanta olio esentzial ipin dakizkioke: ez da derrigorra, indartu egingo du eta azalari lurrin atsegina emango dio. Oinetan edo bularraldean masajea emateko ere baliagarria da, oherakoan emanda bereziki erlaxatuko gaitu.
Ilenarena (Calendula officinalis) eginda damurik ez da izaten. Hau ere krema egiteko, desmakillatzeko zein serum gisa erabiltzeko ederra da oso, ekilore oliotan eginda (azal lehorra duenak sesamo oliotan). Edozein unetan ukendu egiteko aukera ere hortxe dago.
Berbena (Verbena officinalis) oleatoa sesamo oliotan egiten dut eta artikulaziotako minak tratatzeko edo hilekoak eragiten dituen minak baretzeko erabili. Arnas bide zein maskuriko infekzioren bat baldin badago, eta sukarra tarteko bada, olio honekin igurtziak egitea tratamendu egokia da.
Aukerak asko dira baina sendabelar guztiek ez dute osagai lipofilorik, hau da, guztiak ez dira egokiak oliotan beratzeko. Horregatik, lehen saiakerak egin aurretik informatu zein diren sendabelar aproposak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545