Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ekologistak Martxan-ek neurketak egin ditu eskola-inguruneetako nitrogeno dioxidoaren (NO2) gainean, tartean Barakaldon, Bilbon, Donostian, Erandion, Errenterian, Oiartzunen eta Gasteizen. Aztertutako 78 inguruneetatik hiruk baino ez dituzte betetzen Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioak, hau da, "ingurune horien % 96an osasunerako kaltegarria den airea arnasten da", elkarteak jakinarazi duenez. Motordun trafikoa murriztea eskola inguruetan airearen kalitatea hobetzeko gakoetako bat dela azaldu dute.
Espainiako Estatuko hainbat hiritan egin dituzte neurketak, EAEko zazpitan tartean.
Clean Cities kanpaina zabal baten barruan neurtu du Ekologistak Martxanek Barakaldo, Bilbo, Donostia, Erandio, Errenteria, Oiartzun eta Gasteizko eskola-inguruneetako NO2 maila, Sagarrak talde ekologistarekin elkarlanean, eta Barakaldoko Udalaren, Erandioko Tartanga ikastetxearen, Bizikleteroak elkartearen eta boluntarioren laguntzarekin.
Ondorioztatu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aztertutako 78 inguruneetan (Nafarroako daturik ez dute jaso), hirutan salbu, osasunerako kaltegarria den airea arnasten da. Halaber, Ekologistak Martxanek ohartarazi du bost ikastetxetako barnealdeetako neurketek ere "datu kezkagarriak" erakusten dituztela: neurtutako lekuen % 100ek OMEren gomendioak baino balio handiagoak dituzte.
Besteak beste, trafiko motorizatuaren presentzia handiagoa ala txikiagoa izan, "erabakigarria" da arnasten den airearen kalitatean, "baita zentro bakoitza kokatuta dagoen espazio publikoaren antolamenduan eta egokitzapenean ere". Ekologistak Martxanen ustez, haurren osasuna zaintzeko eta hezkuntza-ingurune osasungarriak eta seguruak lortzeko badira neurri eraginkorrak, eta "udal-borondate politikoarekin eta hezkuntza- eta familia-komunitatearen konpromisoarekin lor daitezke". Batetik, mesede egingo luke mugikortasun aktiboa indartzen duten eta ibilgailu motordun pribatua "erabiltzeko gogoa kentzen duten" neurri gehiago hartzea, baita eremu bakoitza antolatzea bizikletaz ibiltzea izan dadin ikastetxe bakoitzera sartzeko modurik erosoena eta seguruena.
Talde ekologistaren iritzian, "kutsadura atmosferikoaren eta akustikoaren mailak kontrolatu eta monitorizatu behar dira" ikastetxeetan eta beste ingurune batzuetan, hala nola osasun-zentroetan edo adinekoen zentroetan, "eta neurri zuzentzaile egokiak ezarri behar dira". Halaber, eraikinak edota jolas-espazioak birnaturalizatu beharko lirateke, "eskola-espazioak klima-babesleku gisa konfiguratuta".
> Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian egindako neurketen inguruko xehetasunak herriz-herri.
> Barakaldon egindako neurketaz, Clean Cities kanpainaren webgunean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545