Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gosetea etorritakoan, eskolako jantokiak itxi egiten dituzte. Hori da egoera okertzeko erarik errazena: haurren gosea areagotu. Aspaldi esana dugu: etorkizuneko gerrak gosearenak izango dira. Euskaldunok izango gara orduko jomuga samurrena, izan ere ez gara jaten dugunaren %15 ere ekoizteko gai; jaten dugunaren %85 inportatu behar duen jendartea eta ekonomia eraiki ditugu; geure buruaz beste bihurtzeko mugan dagoen kultura, patrikak txanponez gainezka baina buru-hiltzen. Goseak erakutsiko digu atzea nola dantzatu.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Mihura. Ez kendu martxo arte, bitartean batik bat txori ugariren azken jantoki segurua da.
Gosea arrunta da naturan, neguan errazago ikusten da. Ez da zaila txantxangorritxo bat lurrean hilda topatzea. Landareetan zailagoa da. Tenperatura ez da bizimuga, baldin eta ez bada hemendik zangoz zango bizitzera ohituta dagoen landare ekarri berri bat. Baina animaliak bai. Eta animaliak behar ditugu gure baratze, soro, sagasti, mahasti, larre, mendi eta abarrei bizi-bizirik eutsi eta behar dugun jaki-jakintza osatzeko. Animaliak nahitaezkoak dira gure jakien sorkuntzaren ekosistema orokorrean. Gu dira.
Negu hori osatzeko, animaliek eguneroko jatena behar dute. Hotzaldiari ihesi, intsektuek bere burua babestu eta ezkutatzen dute. Hor berebiziko munta dute landareek sortutako elikagaiek. Horietako askok fruitu aleak prestatzen dituzte hotzaldirako. Animalion hotza eta gosea bat diren jakinaren gainean, bere igaliak ordurako hazten dituzte; ordura arte urdin-berde ia ikusezin zirenak kolore deigarriz jantziko dituzte, ia beti gorri-gorri; jateko modukoak ez ziren min-mingots-samin-mikatz-garratzak goxo-gaxi bihurtuko dituzte, eta hotzak are eta gozoago egingo ditu alearen azukre zakarrak, aho sabairako fin-finak. Gosea dela medio landareek gu garabiltzate beren haziak sakabanatzeko. Fruituak jango ditugu, eta hari erantsitako haziak hor-hanka ereingo. Haziak ernatzeko eta ereintza hori arrakastatsua izateko behar duen hotzetik-berorako aldea sentitu behar du. Hazia neguan lurreratzea da gakoa. Hotza sentituko du eta udaberria letorkeenean ernatu. Landarearen estrategia: udaberriko lorea udan fruitu egingo du, udazkenean fruitua erakargarri egin, neguan animaliak jango du eta zirin-gorotz dosiarekin hazia erein, udaberriak piztuko du eta kastari eutsiko dion landare berria etorriko da. Ziklo horretan laguntzaile mordoa izango du, tartean: lurpeko mikroorganismoak jakiak sustraien erara jartzen, polinizatzaileak polen arra loreen aieka emera ekartzen, fruitujaleak haziak ereinda bere kastari lurralde berriak erakusten eta kolonizatzen.
Urte sasoi honetan animalia ugari ari da ziklo horren neguko urratsaz baliatzen. Fruituak edonon ageri dira, ikusgarri, erakargarri, gose-hiltzaile: elorri zuri (Crataegus spp.), elorri beltz (Prunus spinosa), arkakarats (Rosa canina), arbustu arrunt edo binorri (Ligustrum vulgare), gorosti (Ilex aquifolium), hur (Corylus avellana), zuhandor (Cornus spp.), gaukarra (Viburnum opulus), marmaratilla (Viburnum lantana), gogortxu (Viburnum tinus), intsusa (Sambucus nigra), andura (Sambucus racemosa), huntz (Hedera helix), mihura (Viscum album)...
Etxegabe, migrante edota gerrak erasotakoen antzera, inguruko txori, hegazti eta gainontzeko animaliei laguntzeko kontutan izan batik bat bi landare dituztela azken aukerako behin-behineko jantoki: huntza eta mihura. Gure jaki oparotasunetik horiei negua leuntzeko bi aholku xume: baga, huntzari baikortasunetik begiratu, ez digu ezer kentzen, ezta zuhaitzik itotzen ere, eta fruitu asko sortu du orain eskaintzeko; biga, mihura ez kendu martxo arte, bitartean batik bat txori ugariren azken jantoki segurua da, bere ale likatsuak dohainik emanez. Gure kimatu eta mozteko grinak ez dezala eskuzabaltasuna azpian hartu, udaberrira arte behinik!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545