Asteroko buletina
Azila hotz, negua motz; azila bero, begua bero.

Haizearekin dantzan

Egun osoa airean, buelta eta buelta, haizearekin dantzan kometa balitz bezala… eguzkiari itzal egiteraino! Horra hor, mirua hegan. Hortik dator eguzkia lainoetan atera eta sartu dabilenean “miru-itzala” edo “miru-kerizpea” dagoela esatea, Felipe Aierbe altzotarrak Euskal Erria aldizkarian idatzi zuen bezala.

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko urtarrilaren 15a
Beñat Ibarbia.
Miru-gorria (Milvus milvus)

Taldea: Ornoduna / Hegaztia

Neurria: Mokotik isatsera: 61-72 cm. Hego-luzera: 140-165 cm.

Non bizi da? Landa zabala eta basoa dauden inguruetan.

Zer jaten du? Hegazti ertainak, mikrougaztunak, anfibioak, narrastiak, intsektuak, sarraskia, zaborrak.

Babes maila: Europa mailan babestua.

Hegan dabilela, isatsa zein kolorea dira nabarmen, azpitik kolore gorri eta zuriek kontraste handia egiten baitiote. Ezaugarri horrek ematen dio izena: miru gorri, baina hernaniarrek esaterako, kolore gorria baino badirudi zuria dutela gustukoago eta miru zuria deitzen diote. Beste leku batzuetan, aldiz, bere isatsaren formagatik jaso izan du izena: mirurkila, buztanbiko edo buztansarde, besteak beste. Ezaugarri horregatik da hain zuzen mirua identifikatzeko erraza, izenek dioten bezala bere isatsak urkila itxura baitu, v formakoa, miru-isatsa ere esaten zaiona leku batzuetan. Baina jende askok ez dakiena da badirela bi miru espezie. Miru beltza da bere lehengusua eta miru gorriarengandik bereiztea erraza da. Izenak dioen bezala, miru beltza ilunagoa da, marroi iluna, eta bere isatsa aldiz, v beharrean u itxurakoa. Euskal miru gorriek urte osoa igarotzen dute gure artean, nahiz eta neguan Europa erdialdeko ehunka indibiduo etortzen den gure lurretara hotzetik ihesi. Baina indibiduo hauek udaberrian buelta egiten dute iparralderantz, umatzera. Lehengusuak diren miru beltzek aldiz, negua Afrikan igarotzen dute eta udaberrian etortzen zaizkigu bertan umatzera. Beraz, neguan miru bat ikusiz gero, miru gorria izango da seguru!

Harrapari honen ezaugarrietako bat harrapari ez oso trebea izatea da. Hau dela-eta, harrapatzeko errazak diren harrapakinez elikatzen da. Udaberri eta uda partean tamaina txikiko animaliak, gaixoak edo esperientzia gabeak ehizatzen ditu gehienbat, esaterako: mixomatosidun untxiak, oraindik hegan ondo egiten ikasi ez duten hegaztien txitak, mikrougaztunak, anfibioak, narrastiak eta intsektuak. Neguan aldiz, ez daude hainbeste harrapakin eta ondorioz, zabortegi, hiltegi, muladar zein baserri inguruetan bilatzen du jana. Eta nola ez, janari erraza diren txita eta oiloei ere ez die muzin egiten. Azken honek fama txarra eman dio, bere adibide Sakana inguruan duen izena: “Txita-jataile”. “Txito-lapur” edo “oilo-lapur” ere deitzen diote askok. Oso arrunta da errepide inguruetan nahiko baxu planeatzen ikustea, kotxeek harrapatuta hildako animalien bila.

Miru gorria babestua dagoen espeziea da. Europako miru gorri populazioak ez daude hain egoera txarrean, baina Europa hegoaldeko populazioek, aldiz, beherakada nabarmena izan dute azken urteotan. Beherakada honen arrazoi nagusietakoa pestizida eta pozoien erabilera da. Mirua landa eta zereal soroetara loturiko espeziea da, bertan egiten baitu ehizan. Ondorioz, nekazaritza eta landa eremuetan sistematikoki eta ugari erabiltzen diren pozoiek miruen harrapakin diren espezieak pozoitzen dituzte, hauek ere pozoituz. Araban esaterako, 2018-2020 artean pozoitutako hamar indibiduo antzeman ziren. Hauek duten fama txarragatik pairatzen duten jazarpenak ere kalteak eragiten dizkio espezieari. Eta azkenik, lur erabilera aldaketek umatzeko edo ehizatzeko lekuak murriztu edo desagerrarazi ditzakete. Gipuzkoako miru gorri gehienek adibidez, Monterrey pinuetan egiten dute habia. Ezaguna da banda marroiaren eraginez pinudi asko desagertzen ari direla: ez dago oraindik argi honek miru gorri populazioan izango duen efektua, baina ona ez dela izango aurreikusi daiteke. Bestalde, 2020-2021 artean beste hamar indibiduo autoak harrapatuta hil ziren.

Basoko ehiztaria
Gaua da. Zuhaitzetan geratzen diren hosto gutxien artetik igarotzen da ilargiaren argia. Isiltasuna da nagusi. Txoriak sasi artean daude, babestuta lo, lo-edo. Baina bat batean... (+)
Pase garaiko protagonista
Ürx’aphal bat badügü herrian trixterik, Nigarrez ari düzü kaloian barnetik, Bere lagün maitiaz beit’izan ützirik: Kuntsola ezazie, ziek adixkidik. (+)
Landazabaleko buruhandia
Hegazti buruhandia dugu hau, baina ez egoskorra delako, baizik eta fisikoki buru handia duelako. Horregatik da ezaguna hegazti hau, euskaraz erabiltzen diren izen askok bere... (+)
Bustitzen ez den arranoa
Ur azaletik gertu dabiltza arrainak igerian. Zerbait uretarantz gerturatzen ari da, hegan: arrano bat dator, bere atzaparrak aurrerantz luzatuta eta zaplast! Uretan sartu da, bete... (+)
Udan datorren buztingilea
Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora