Astelehenero 8:00etan zure epostan
Katalanen ustetan artzainak engainatzen omen ditu hegazti honek: “enganyapastors”. Espainiar eta latindarrek, aldiz, ahuntzari esnea kentzen diola diote, hortik datorkio hain zuzen ere izen zientifikoan (Caprimulgus europaeus) islatzen den caprimulgus (capra “ahuntza”, eta mulguere “jetzi”), gazteleraz “chotacabras”. Euskaraz, aldiz, gaubele, gauoilo, gautxori, oilozar edo zata da. Izen ofiziala zata arrunta du.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Eremu irekietatik zein baso ertz edo baso-eremu zabal inguruetatik gauez “errr-urrrrr-urrrreeerrrrr” luze-luze bat entzunez gero, motozerra eta kilkerraren arteko zerbait ematen duena, zata entzuten ariko zarete!
Hegazti hau kakalardo eta sitsak bezalako intsektu gautarrez elikatzen da. Horretarako, normalean adar batean zain geratzen da eta harrapakinen bat hegan pasatzen dela ikusiz gero, adarretik salto egin eta hegan doala harrapatzen du ahoarekin, hori zabal-zabalik duela. Abereak dauden eremu irekietan kakalardoak ugariak izaten dira, eta zatak gustuko dituenez, hegazti hau abere artean topatzea oso ohikoa da. Hori ote da ahuntzekin erlazionatu izanaren arrazoia?
Zata arrunta udan aurki dezakegu Euskal Herrian. Negua Iberiar Penintsulan igarotzen duten ale batzuk badauden arren, indibiduo gehienek Afrika tropikalean igarotzen dute. Martxo-apiril aldera heltzen da Euskal Herrira umatzera, eta irail-urri artean egiten du buelta Afrikara. Lurrean egiten du habia zatak, zuhaixka edo enborren baten oinean babestuta. Eta primerako kamuflaia du! Forma luzexkarekin eta kolore marroiekin, lurrean dagoenean hosto bat dirudi-eta. Adarretan baino, lurrean igarotzen du denbora asko hegazti honek eta bere gain-gainera iritsi arte ez da mugitzen, ia zapaltzekotan zaudenean altxatuko da: “Ilunbistan tup! Arditatik atera, eta bueltaka pertsonaren bueltan ibiltzen da”, diote hernaniarrek. Lurrean egonda hegan egiten hasten denean, lurretik altxatzeko modu berezia du, pertsona batzuk nahastu ere egiten dute: “Askok egiten dute oilagorrarekin deskuidatu, altxaeran”. Atentzioa ematen du, gainera, ez baita txikia: hegotik hegora metro erdi pasa du.
Hegazti berezi hau ere ez dago kontserbazio mehatxuetatik libre, zoritxarrez. Zataren dieta intsektu handiek osatzen dute, batez ere. Nekazaritzan erabiltzen diren produktu kimikoen gehiegizko erabilerak, esaterako, sits eta koleopteroak murrizten ditu, ondorioz, zataren dietaren zati handi bat ere gutxitzen du. Horrez gain, adibidez, EAEko baso-landaketetan, landare-osasunerako substantziak erabili ohi dira, eta horiek zatengan ondorio larriak ekar ditzakete: aipatu bezala, fumigazioek zatek jaten dituzten sitsen populazioak murriztu ditzakete. Baina, gainera, zatek jaten dituzten sitsak fumigatuak izan baldin badira, zatak berak substantzia toxikoa irentsiko du eta osasunean kalte eragin.
ZATA ARRUNTA Caprimulgus europaeus
TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik isatsera 24-28 cm. Hego-luzera 52-59 cm.
NON BIZI DA? Eremu irekietan, baso ertz, baso-eremu zabaletan.
ZER JATEN DU? Intsektuak.
BABES MAILA: Europa osoan babestuta dago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545