Erregearen bila, erregina aurkitu genuen

Erlauntzaren aurrean gelditzen naizen bakoitzean gauza bera gertatzen zait. Milaka erle ditut begien aurrean, baina badakit haietako bat bakarra dela denek bilatzen dutena. Ni ere haren bila hasten naiz. Ez da beti erraza izaten. Erlauntza osoa zeharkatu dezaket ikusi gabe. Baina azaltzen denean, dena aldatzen da. Erlauntza osoaren bihotza aurkitu izanaren sentsazioa izaten dut.

Mattin Jauregi
Mattin Jauregi

Balerdipeko erleak proiektuko kidea


2026ko urriaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bitxia da, ordea, gizakiok mendeetan bihotz hori gaizki ulertu izana.

Erleak behatzen lehenetariko bat Aristoteles izan zen. Natura ulertzeko ahalegin handia egin zuen, baina erlauntzaren erdigunean zegoen erlea erregea zela idatzi zuen. Ez zen bera bakarrik izan. Mende luzez Europa osoan gauza bera sinetsi zen. Erlauntza baten buru izateko, ezinbestean arra izan behar zuela pentsatu genuen.

Gizakiak ikusi nahi zuena ikusi zuen.

Mende asko igaro ziren arrautzak jartzen zituena eme bakarra zela ulertu genuen arte. Orduan hasi ginen erregina deitzen. Baina gaur egun zalantza egiten dut ea izen hori bera ere egokia den.

Erreginak ez baitu agintzen guk ulertzen dugun moduan. Ez dio inori agindurik ematen, ez du zigorrik ezartzen, ez du inor gobernatzen. Bere presentziak lotzen du familia osoa, eta egunero ehunka edo milaka arrautza jarriz bermatzen du erlauntzaren etorkizuna.

Erlauntzaren bizitza ez dago boterean oinarrituta; jarraipenean dago, bizia etengabe berritzean. Horregatik gustatzen zaizkit euskaraz erabiltzen diren izen zaharrak. Herri batzuetan erlama esaten zaio; beste batzuetan, erlanderea. Bi hitzek badute gertutasuna, etxeko usaina. Ez dira jauregi bateko erreginaren izenak. Bertako izenak dira.

Erlauntzaren erdian ez dago tronurik. Bizia ematen duen erle bat dago.

Zenbat eta denbora gehiago eman erleen artean, orduan eta gehiago pentsatzen dut gizakiok askotan ez diogula naturari begiratzen; geure burua ikusten dugula naturan. Horregatik ikusi zuten errege bat erreginaren tokian. Gure gizartearen ispiluari begiratu genion, ez erleei.

Erleek, ordea, ez zuten Aristoteles zuzendu. Ez zuten libururik idatzi. Ez zuten ezer azaldu. Isilean jarraitu zuten, azken milaka urteotan egin dutena.

Guk izena aldatu genion. Haiek ez.

Eta gaur ere, erlauntza irekitzen dudan bakoitzean, erreginaren bila hasten naiz. Baina badakit aurkitzen dudanean ez dudala agintari bat aurkituko. Ez duela kororik. Erleek ez baitute sekula erregerik izan.

Gu izan ginen hura asmatu genuenak. 

Beroak erleen ordutegia aldatu duenekoa
2026-10-19 | Mattin Jauregi
Aurtengoa, oro har, ezti urte ona izan da. Udaberria emankorra izan da eta akaziak ere asko lagundu du hainbat lekutan. Udak, ordea, bestelako irudia utzi... (+)
Atzera begiratuta
2026-05-25 | Mattin Jauregi
Transhumantziako egunek badute zerbait berezia. Goizetik hasi eta kilometroak pilatzen dira, erlauntzak atzean ditugula paisaia aldatzen da, lurralde batetik bestera erleekin batera mugitzen gara. Bidean,... (+)
Esaera zaharren haria
2026-03-30 | Mattin Jauregi
Aurreko hilabeteetan erleei entzuteaz eta begiratzen ikasteaz idatzi dut. Erlauntzaren aurrean geldituta, presarik gabe, naturak zer esaten duen ulertzen saiatzeaz. Baina azkenaldian beste gauza batean... (+)
Erleak badaki zer egiten duen, guk ez beti
2026-02-23 | Mattin Jauregi
Aurreko hilabeteko iritzian erleei eta naturari entzuten ikastearen garrantziaz idatzi nuen. Ez belarriekin bakarrik, baizik eta barrutik: presarik gabe, erlauntzaren aurrean gelditu eta zerbait esaten... (+)
Isiltasuna
2026-01-26 | Mattin Jauregi
Erleak zarata handirik gabe bizi dira. Hurbiltzen zarenean entzuten zaien burrunba ez da oihu bat, ezta abisu bat ere: lanaren soinua da. Isiltasun antolatu bat.... (+)
gora