Astelehenero 8:00etan zure epostan
Garabideren Aditu Programaren bidez heldu da Euskal Herrira. Hitz egiten hasi, hizkuntzara heldu nahi, baina maputxe herriak eta bere familiak bizi izandako arpilatzea kontatu digu. Azkenik ez duen genozidioaren historia, ez atzokoa bakarrik, gaur egun irauten duena baizik. Eta zenbat krimen eta zenbat min, Fernandaren mintzoan odol eginik.
Argazkia: Zaldi Ero
Irakasle, komunikatzaile, aktibista… eta, oroz lehen, beti maputxe. Mapuzugun hiztun berria da, Txokiñ Wüñotuleiañ Taiñ Kewünh taldeko kidea, hizkuntza biziberritzea helburu. Gaur egun, Argentinako Rio Negro probintziako Kulturarteko Hezkuntza Elebiduneko taldeko koordinatzailea da, hezkuntza politikak diseinatzen eta ezartzen laguntzen du, maputxe hiztunen eskubide linguistiko, kultural eta espiritualak bermatzeko lanean. Garabideren Hizkuntzak Biziberritzeko Aditu Formazio Programan izan zen Aretxabaletan (Gipuzkoa) irail-urrietan.
María Fernanda…
Fernanda, beste gabe, “María” izenaren atzean historia handia dago. Hortaz, Fernanda eta kito. Indigenon izen asko halaxe etorriak dira: Fernanda, Miguel, María… gaztelaniatze eta ebanjelizatze prozesuaren ondorio gorria dira, eta, okerrena, prozesu horrek iraun egiten du oraindik! Indigenok markatzeko modua da. Nire deitura bera, “Neculman” gabe, Nekulmanke duzu, “kondor azkarra”, “kondor lasterra” esan nahi luke.
Waqül Gûyew-n sortua zara...
Horixe da nire tuwün edo jatorrizko lekuaren izena. Haatik, ez nekatu mapetan eta kartografietan izen hori bilatzen, haietan nire tuwün hura Ingeniero Jacobacci izenez agertzen da.
Ingeniero Jacobacci?
Ferrokarrilarekin batera etorritako italiarren bat, inondik ere. Aurretik, Wuacul Guilen zena, Ingeniero Jacobacci da gaur egun. Izen maputxearen gainetik, italiarra! Izen maputxeak bestelako zereginetarako utzi dituzte, edo erabiltzen dituzte. Adibidez, Barilochen, Hotel Inacayal izeneko bat ikusiko duzu: enpresaburu handiak biltzeko tokia, komunitate indigenak etengabean arpilatzeko planak egiteko. Inacayal hori eta hori bezalakoak erabiltzea apropiazio hutsa da, marketin estrategia bat: hitz maputxe bat, noizean behin, eder zaio belarriari, atrezzoa da, dekoratua; erromantizazioari eta folklorizazioari laguntzen dio, beren ustetan. Besterik da lurraldea erreibindikatzea, edo hizkuntza eskubideen alde ekitea. Hori ez zaie eder, ez polit, haien belarriei.
Puelmapu da zuen herriaren izena.
Puelmapu, ekialdeko maputxe-herria zenuke, hau da, gaur egun Argentinak okupatuak dituen lurrak. Mendebaldean ere bada maputxe herririk, ordea: hari Gulumapu deritza, eta Txilek hartua du. Gure asaba zaharren lurraldeak Wallmapu izena du. Gure herria, beraz, zuena bezainbat, arrotzak noizbait ezarritako fronterak banatuta dago.
Gogoan hartuko dugu hemendik atzerako: Wallmapu, eta haren barruan Puelmapu, ekialdeko lurra, batetik, eta, bestetik, berriz, Gulu Mapu, mendebaldean. Puelmapuko Waqül Gûyewn hasten da zure historia.
Ez, haatik, ohiko maputxe baten historia. Ez nator maputxe hiztunen komunitate batetik. Alegia, esan nahi dut gurasoek ez zidatela maputxez hitz egin, ez zidatela hizkuntza transmititu, ez ditut gure zeremoniak bizi izan, ezta kultur praktika tradizionalak mantendu ere. Nahiago nuke nire historia hori izan balitz. Baina ez da. Nire historia arpilatzearen eta derrotaren historia da, berreraikitzearena bezainbat.
Hor bada tolesik franko.
Nerabezaroaren amaieran hasi nuen nire prozesu identitarioa, 17-18 urte nituenean. Beti esaten dut nire lurraldetik alde egin behar izan nuela, neure lurralde hura ezagutu ahal izateko. Bigarren Hezkuntza amaitu, eta bazterreko parajeetan edo herri txikietan jaiook, beste toki askotan bezala, ezer ganorazkorik ikastekotan hirira joan beste biderik ez dugu izaten, izan Bariloche, Neuquén, Viedma edo Fiske Menuco-ra. Azken hori ere, General Roca da gaur egun. Alegia, gure lurraldeetan barna kanpaina militarrak gidatu zituen genozidaren izena darama hiriak, sufritu genuen arpilatzearen arduradunarena.
Nahikoa esan duzu.
Gurean, abeltzaina da familia; produktore txikiak, hala ere. Nik derrigorrezko eskolak egin eta gero, gehiago estudiatu nahi nuen, unibertsitate ikasketak egin-edo. Eta, aukeran, beka eskatu nuen, egoitza-beka. Tramitea egiten ari nintzela, pareko gizarte-langileak galdetu zidan ea herri edo komunitate indigena bateko kide nintzen. To ta no! Ni, pentsatzen gelditu nintzen. “Zer erantzun behar diot honi?”. Aitaren aldetik, ez zen dudarik, banekien gure deiturak zer esan nahi zuen, maputxea nintzela. Aita txikitandik tematu zitzaidan: “Ez ahaztu, gero! Maputxe odola dugu, odol indartsua. Ez inoiz ahaztu!”. Besterik ez nekien.
Aitak esandakoa besterik.
Gizarte-langilearen galderak umetako oroitzarekin konektatzera eraman ninduen. Orain, ume haren memoria erreibindikatu nahiko nuke. Galdera hura jaso arte, uste nuen ez nintzela komunitate bateko kide, ez nintzen kontziente. Baina ez nengoen seguru ere: “Beharbada banaiz, beharbada ez. Amak jakingo du, berak esango dit zer edo zer!”. Aukeran, gizarte-langileak esan zidan berehalaxe zirela oporrak, eta galdetzeko etxean. Otsailean berriz lotuko gintzaizkiola beka tramitatzeari, eta hitz egingo genuela. Eta hortxe hasi zen dena.
Galdetu zenion amari?
Bai, etxera orduko! Nik esango nuke egun hartan ireki zitzaidala leihoa. Orduantxe hasi nintzen bidean oinez, neure kultura, neure identitatea, eta, oroz gain, neure familiak jasan zuen arpilatzearen historiarekin bat egiten. Gogoan dut ama bazkaria prantatzen ari zela. Zeharo harrituta ama, nire galdera nondik sortu zen galdetu zidan. Eta kontatu nion. Eta berak: “Ezagutzen dut pertsona bat, berak lagunduko dizu. Lonko-a da, maputxe herriaren eta gure komunitateko autoritate tradizionala. Zoaz, eta esaiozu bekaren gorabehera dabilkizula. Lagunduko dizula iruditzen zait”. Eta joan nintzaion lonkoari.
"Beti esaten dut nire lurraldetik alde egin behar izan nuela, neure lurralde hura ezagutu ahal izateko"
Eta?
Ezer ez! Harako hura bezala, ez zegoen etxean! Landan zebilela esan zidaten, asteak emango zituela etxera gabe. Atzera amagana itzuli ni, eta ama, ate adina maratila: “Beste batengana eramango zaitut. Lehengusina dut, baina zuk ez duzu ezagutzen. Berak lagunduko dizu”. Arratsalde hartan bertan joan gintzaizkion! Gure amaren lehengusina ere bazen nor, Lofcona-Torres maputxe komunitateko autoritate tradizionala zen, pillan kushe bat: zeremonia tradizionalak gidatzen ditu lurraldeko paraje hartan eta inguruetan. Arratsalde hartan, mate bat hartu genuen, eta honaino ekarri nauen bideari ekin nion.
Topatze hori kontatu beharko diguzu.
Gizarte-langilearen galderen ondoren gertatu zitzaidana kontatu nion. Nire barruko aztoramena. Hunkituta ni, eta hunkituta bera! Esan zidan gizarte-langilearen galdera hura gorabehera, bazela beste zerbait, zera bereziren bat, ni beragana eraman ninduena. Bazegoela zio edo arrazoi sakonagoren bat horretan, nahiz eta berak, momentu hartan, ez zekien zer zen. Eta, batean hitz eta bestean pitz, gure birraitona-amonen historia kontatu zidan, nola militarrek beren betiko tokitik atera eta “desplazatu” zituzten, nola Waqül Gûyewn kokatu ziren eta osatu zuten familia. Amaren lehengusinak esan zidan, bestalde, gure familiak, beste zenbait familiarekin batera, urte luzez Camaricón izeneko zeremonia handiari eutsi ziola, 1964 arte. Inondik ere, urte hartan utzi zioten zeremonia hura egiteari, zigortuko zituzten beldurrez.
Baina zuen amaren lehengusinak eutsi dio, esan duzunez.
Zeremonia handia denok batera egiteko modurik izan ez zutenean, familiaren barruan egiten hasi ziren. Horixe egiten du gaur egun ere nire amaren lehengusinak. Izeba ere esaten diot. Gauza gehiago ere kontatu zizkidan, ordea.
Zeuk esan.
Nonbait ere, gure izeba neska txikia zela, landan “turkoak” azaldu ziren, immigranteak, siriar-libanoar jatorrikoak batzuk, arabiarrak bestetzuk; baziren espainolak ere. Atzerritarrak, denak ere, Argentinako Estatuak immigrazioaren alde abiarazitako neurri politikoen testuinguruan hara heldutakoak. Estatuak immigrazioa sustatu zuen, baina ez nolanahikoa: arraza zurikoena, europar jendearena. Gizarte estatus eta “zibilizazio” ideia jakin bati lotutakoa immigrazioa zen helburu. Baina Argentinako Estatuak usteko ez bazuen ere, bestelako pertsona batzuk ere heldu ziren: anarkistak, sozialistak eta, oro har, hango eta hemengo gerretatik ihesi zebilen jendea. Ez ziren maila ekonomiko jasokoak baina, indigenen aldean, bestelako posizio sozial bat zuten. Denda txikiak irekitzen hasi ziren, eta, era batera eta bestera, arpilatzea betikotu zuten.
Immigranteek ere indigenak arpilatu zintuztetela esan nahi duzu?
Horixe bera. Arpilatzea ez zen, hortaz, eta esklusiboki, sortzen ari zen estatuaren armadaren eskutik etorri. Praktika genozidak ez zuen etenik izan, iraun egin zuen, eta, are, gaur arte heldu dira.
“Praktika genozidak”, esan duzu.
Immigrante haietako batzuk soroetara joan, eta galdetzen zieten indigenei: “Ez duzue neska-mutikorik, estudiatzeko adinean?”. Ordurako, estatuaren erakundeak indigenen lurraldean sartzen hasita zeuden, lehen eskolak ere eginak zituzten. Immigrante haiek halako promesa batzuk egiten zizkieten indigenei, eta beren etxean, eta etxerako, hartzen zituzten indigenen seme-alabak; 7-14 urte bitarteko neskak, gehienbat. Horixe izan zen gure izebaren eta amaren kasua. Egia da batzuetan adingabe haiek gogo onez joaten zirela herri handiago edo hirietara, landakoa bizimodu zaila baino zailagoa baitzen. Bestalde, etxean bertan ezagututako biolentzia ere hortxe zen, beti presente.
"Maputxe herriaren kontrako estigmatizazio, arrazakeria eta jazarpen testuinguruan, gure identitateari eustea, maputxe garela ahoz gora esatea, adore ekintza da oraindik"
Hori ere bai?!
Kontua da izebak memoria hori dena berrosatu zuela: esan zidan immigrante haiek ere neska txiki haiek hartu, tartean gure ama, eta hirira eraman zituztela. Han, eskola ez ezik besterik ere ezagutu zutela: lana, baina, maiz askotan, esplotazio baldintzetan. Esklabotza zen kasik, soldatarik jasotzea pentsatu ere ez. Zarpail zahar batzuk eta jaten zutena ordain bakarra. Goizetik arrats, oligarkiaren zerbitzari eta mirabe ziren: goizean goizago jaiki, eta etxeko lan guzti-guztiak egiten zituzten, baita etxekoandrearen haurrak zaindu eta hazi ere, eskolara eraman eta beste, berak ere neska txikiak izan arren! Neska maputxe askok, gaur egun emakume larriek egiten dituzten lan guztiak egiten zituzten!
Horiek denak jakin eta gero, gizarte langilearengana itzuli zinenean, zer?
Bigarren hitzordu hartan ez nuen hinki-hankarik ibili. Herri indigena batekoa nintzela erantzun nion. Ez nion historia osorik kontatu, ni neu ere nire baitako aztoramen hura dena asimilatzen ari bainintzen. Egia esan, pare bat urte ere behar izan nituen nire maputxe identitateaz koskarik gabe hitz egiten hasi nintzenerako. Ez, haatik, inguru arrotzean, lagunartean eta familia giroan bertan baizik! Kostatu zitzaidan, kostatu zitzaidanez! Entenditzen ere dut.
Zer entenditzen duzu?
Maputxe herriaren memoria oroitza isildua da, isilarazia, gauza mingarria, oraindik. Gure artean ere, indigena asko ez dira iragan hartaz hitz egiten ausartzen. Min gorde asko daude hor nonbait, oraindik. “Hobe isilik” esatea bezala. Behin eta berriz eta askotan aditu behar izan dut, gure amak berak esanda, adibidez: “Joandako urak uharkarik ez. Iraganeko kontuak dituzu, sasoi batekoak. Utziozu errebolbitzeari!”.
Amak hori esaten zizun?!
Duela dozena erdi urte, bai. Oso mingarria zen. Fanatismo hutsa zela esaten zidan, buruan sartu zitzaidala, baina alferrik nenbilela, joango zitzaidala laineza hura, ez tematzeko, inork ez zidala ezertan lagunduko… Latza zen halakoak aditu beharra, baina memoriaren parte zen, maputxeak jaso duen zapalkuntza gaitzaren ondorio. Gure identitatea berreskuratzeko prozesuan, horri ere buru egin behar izan diogu gazte askok. Hasiera hartan, amak galantak esan zizkidan, baina, bestalde, berak eraman ninduen izebarengana eta, harrezkero, ez genuen gutxi hitz egin. Gaur egun, amak “mari mari!” [ohiko diosala maputxez] esanez agurtzen nau, edo “pewkayael” [“adio”] bidez despeditzen. Adoretzen ere nau: “Oso ondo, maitea, segi gure hizkuntzaren aldeko lanean!”.
Ze eder. Egiten ari zaren bidean, baduzu kiderik?
Orain bai, garai batean ez. Sasoi batean, bakarrik sentitu nintzen: gazte, eta bakarrik. Inguruan ez neukan ni bezalako gazterik, elkartu eta hitz egiteko: “Aizan, nire identitatea kuestionatzen ari naun. Maputxe naizela uste dinat. Iruditzen zaidan gauza ez dela kontatu digutena”, eta hau eta hura. Ezin inori esan! Gaur egun besterik da. Garai hartan 18 urteko gazte ginenok, 30 ere bete ditugu, eta akonpainamendu espazioak sortu ditugu, belaunaldi berriek beren bidean guk beste zailtasun izan ez ditzaten, norbera izateko lotsarik ez izateko, zer diren esateko beldurrik ez izateko, nork bere burua maputxe izate horretan errekonozitzeko behaztoparik ez izateko. Maputxe herriaren kontrako estigmatizazio, arrazakeria eta jazarpen testuinguruan, gure identitateari eustea, maputxe garela ahoz gora esatea, adore ekintza da oraindik.
"Zer den ere ez badakigu ere, horixe: litio-harria. Dena dinamitatuko dute, pikutara botako dituzte gure mendi magalak eta bertan bizi den bizia. Eredu energetikoa goraipatzeari ekin diote, eta ez dute atertzen. Kolonia energetikoak gara orain!"
Identitatea, auzi, beti.
Baina ez naiz, bakarrik, gizon-emakumeez ari, baita LGBTIQ+ komunitateko disidenteez ere, haiek ere identitatearen trantsizio prozesuan murgilduta baitaude. Esan nahi dut, Ingeniero Jacobaccin bertan, maputxe identitatea ez ezik, bestelako identitateak ere jokoan daudela. Gero baino gero zailago da, gainera.
Zer esan nahi duzu?
Egoerak ez duela batere laguntzen. Gure lurraldeak koloniatzat hartuak dira oraindik ere. Esaterako, Argentina, munduko merkatuan, ale eta haragi ekoizle eta esportatzaile izan da urte luzez. Eredu agroesportatzaile hori ez da gauza berria, estatua sortu zenetik dator, baina, oraingo egunean, bestela dira gauzak. Orain mineralak eta “lur arraroak” dira helburu: urrea, zilarra eta, nobedadea!, litioa. Zer den ere ez badakigu ere, horixe: litio-harria. Dena dinamitatuko dute, pikutara botako dituzte gure mendi magalak eta bertan bizi den bizia. Eredu energetikoa goraipatzeari ekin diote, eta ez dute atertzen. Kolonia energetikoak gara orain!
Agroesportatzaile nahiz energetiko, maputxe herria beti koloniatzat hartzen dutela, alegia?
Bai. Eta ez da garai bateko kontua, atzokoa bezainbat da gaurkoa. Gure lurrak arpilatze espazioak dira. Ez da nolanahiko arpilatzea, gure lurraldearen gainean gauzatzen den biolentzia baizik. Errua ez da bakarrik orain agintean daudenena, haiei bidea egin dietenek ere badute kulparik asko. Ez dakit gauzak nola diren hemen eta beste zenbait herrialdetan, baina zierto dakit nola diren nire inguruan, Argentinan. Faxismo modu berriak dira oraingoak eta, kasurako, La doctrina del schock irakurtzeko gomendatuko nioke jendeari: ikerketen arabera, behin eta berriz eta askotan kolpatzen bazaituzte, azkenean, hainbeste biolentzia jaso dugu, erreakzionatzeari uzten baitiogu.
Zer zaizu deigarrien hemen ikusi duzunetik? Zer daramazu zeure gogoetaren zakuan?
Hemen ikusi dudan kontzientzia maila. Panorama politikoa dena delakoa izanda ere, kontzientzia hori, hizkuntzari eusteko guztizko borondatea. Hedabideak, euskarazkoak. Zirkua, euskaraz. Porrotx pailazoa ere ezagutu genuen! Kultur jarduerak, euskaraz. Enpresa asko, euskaraz. Administrazioa, ikastolak, Udako Euskal Unibertsitatea… Kontzientziaren sakona azpimarratuko nuke, hura gabe ezer ez zatekeen-eta posible izango. Kontzientziaren maila handi hori identitateari loturik dago. Identitate hori bizirik dago, joandako diktadura gogor guztiak gorabehera. Konparazio batera, gure lurraldeak 142 urteko zapalkuntza historia du, 142 urte dira estatuak inbaditu gintuenetik, bestelako kultura eta hizkuntza ezarri zizkigunetik. Hemen, zenbat urte daramatzazue Espainiaren eta Frantziaren mende?
1512koa ei da Nafarroaren konkista…
Eta, hala ere, bizirik, eta bizi nahi euskaldunak: “Euskalduna naiz, euskara da nire hizkuntza eta, nonahi nabilela ere, euskararen alde saiatuko naiz, lan egingo dut”. Handia da hori, gero! Guri, berriz, kontzientzia falta zaigu, jaso dugun indarkeria handiaren ondorio: gure identitatea ez aitortzen ikasi dugu, indarkeriaren azpian, eta horrek gaurdaino irauten du. Geure narratiba sortu behar dugu, inbaditzailearena indargabetu.
Horrekin batera, beste gauza bat ere badaramat zakuan: elkartasun alimalekoaren balioa. Zer dela-eta du, Garabide izeneko erakunde batek, interesa haizeaz eta uraz bestaldeko herri eta hizkuntza minorizatuetan? Zer dela-eta? Uste dut elkartasuna dela erantzuna, senidetasuna. Herrien arteko elkartasun hori sakontzen eta are gehiago saretzen segitu behar dugu.
* * *
Hilketak
“Ez da erraza gure burua maputxe identitatearen aldarri egitea. 2017an Rafael Nahuel hil zuten. 2021ean, Elias Garay. Biak ere oso inplikatuta zeuden maputxe herriaren mugimenduan, hala identitatea berreskuratzeko prozesuetan nola lurraldearen berreskurapenean. Horretan ari zirela, praktika genoziden jarraipenaren kontra topo egin zuten, eta estatuak asasinatu egin zituen”.
Ikasi, irakatsi
“Gazte ginen, gutxi ginen: hasieran, bizpalau; hurrena, zortzikotea. Zer egin ote genezakeen, geure buruari galdezka hasi, eta mapuzugun [hizkuntza] ikasteko espazioak sortzen hasi ginen, maputxez hitz egiten ez bagenekien ere! Ni neu, hizkuntza berreskuratzen ari naiz, ez naiz hiztun osoa. ‘Askorik ez dakit, baina dakidan apur hori, ikasi nahi duen guztiarekin elkarbanatuko dut. Prest naiz dakidan mapuzugun pizarra erakusteko’. Deia egin, eta hainbat lagun bildu zitzaizkigun; batzuk, 14-15 urteko gazteak; bestetzuk, 70 urtekoak”.
Prozesua
“Hurrena, hainbat militantziatan sartu nintzen. Kontua ez zen, besterik gabe, hizkuntza berreskuratzea, ezta identitatea berreskuratzea ere. Prozesu osoa zen: arpilatzearen memoria berregitea, memoria hori modu kolektiboan berreraikitzea, lurrarekiko lotura berreskuratzea, zeremonia eta kultur praktiketara itzultzea. Prozesu horrek hainbat dimentsio hartzen ditu eta, da, finean, pertsona, ‘che’ egiten gaituen bidea”.
AZKEN HITZA
Memoria ariketa
“Memoria lantzeak eztabaida, ika-mika eta gai deserosoak dakartza. Nork bere burua maputxetzat aitortzeko prozesua berregiteko, hitz egiteko espazioak eta norbera zaurgarri agertzeko aukera behar dira. Eta, azkenean, maitasuna eta pazientzia dira bide bakarrak. Ez dago beste modurik nork bere kidekoekin, amarekin eta familiarekin lotura berriak josteko ere”
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545