Santa Luzia egunerako, eguna oiloaren hatzaparra hazitzen.

Erlojupean ari dira lanean Venezuelan; gutxienez 1.450 hildako eta 3.150 zauritu daude

Suntsituta dago Venezuela; 774 eraikin kolapsatuta daude eta 12.721 familia kaltetuta geratu dira. Hildakoen artean bi euskaldun daude eta hirugarren bat desagertuta dago oraindik. Herrialdeko zein nazioarteko erreskate taldeak lanean ari dira, baina herritar asko etsituta eta suminduta agertu dira. "Salduta" utzi dituztela salatu dute.


2026ko ekainaren 29a
La Guairan erreskate taldeak lanean desagertuak aurkitzeko.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Erlojupean ari dira lanean Venezuelan. Bost egun igaro dira lurrikarak jazo zirenetik eta txikituz doa desagertuak bizirik aurkitzeko esperantza. Gutxienez 1.450 pertsona hil dira, eta 3.150 zauritu zenbatu dituzte. "Gaurkoan jakinarazi behar dut dagoeneko 1.450 pertsona hil direla gure herrialdeak bere historian jasan duen hondamendi naturalik bortitzenaren ondorioz", jakinarazi du Jorge Rodriguez Venezuelako Parlamentuko presidenteak igande arratsaldean. NBE Nazio Batuen Erakundeak aurreikusi du 50.000 desagertu inguru izan daitezkeela.

Pasa den asteazkeneko bi lurrikarek, 7,2 eta 7,5 gradukoak, hondamendia eragin dute Venezuela, batez ere La Guaira estatua, lurrikaren epizentroa. Lurrikarek etxebizitzak, eraikinak eta saltokiak eraitsi dituzte; 774 eraikin kolapsatuta daude eta 12.721 familia kaltetuta daude. Etenik gabe jarraitzen dute lanean desagertuak aurkitu eta hondakinak garbitzeko. Delcy Rodriguez presidenteak adierazi du konpondu dela argindar azpiegituren %75 eta ur hornidura katearen %68. 

Euskaldunak biktimen artean

Momentuz baieztatu diren hildakoen artean bi euskal jatorriko daude. Bat Alazne Solabarrieta da, 65 urtekoa, Bigarren Errepublikan Venezuelara ihes egin zuen Jose Maria Solabarrieta Ondarroako alkatearen biloba. Bigarrena Jon Sustacha da, 69 urteko ingeniari bilbotarra. Sustacharen gorpua La Guairako bere etxean topatu dute. Ordea, desagertuen artean jarraitzen du Koro Badiola gipuzkoarrak.

Etxera itzultzea lehentasun

Venezuelako presidenteak jakinarazi du batzorde berezi bat sortuko dutela kaltetutako eraikinak ikuskatu eta baloratzeko berriro okupatuak izan daitezkeen ala ez, eta behin-behineko kanpalekuak eraikiko dituzte, helburua baita herritarrak ahalik eta azkarren itzultzea etxera. Halaber, gehitu du "berehala" hasiko direla etxebizitza berriak eraikitzeko lanetan. Bitartean, ikastetxeak itxita daude eta klaseak bertan behera geratu dira.

Gobernuak militarizatu egin du kaltetutako eremua eta ez bertaratzeko eskatu die herritarrei, arriskuak ekiditeko. Asteazkeneko lurrikara gogorretatik, 430 erreplika baino gehiago erregistratu dituzte. "Oso egoera txarrean daude eraikinak, pauso txar bat eta guztia erortzen da", azaldu du erreskate lanetako langile batek ETBren bart gaueko albistegian. 

Ordea, orduek aurrera egin ahala, etsipena areagotzen ari da kaltetutako eremuetako herritarren artean eta asko suminduta daude. "Ez Polizia ez Guardia Nazionala. Jatera eta argazkia ateratzera etorri ziren, gerora esateko lanean zeudela", kexatu da gazte bat ETBko albistegian. "Abandonatuta" utzi dituztela salatu eta makineria pisutsua eskatu dute. 

Kaosa nagusitu da Venezuelan. Ospitaleak eta gorputegiak gainezka daude, eta asko kalean ari dira lo egiten, bizilagunengandik jasotako arropa, janari eta botikekin. 

Nazioarteko laguntza

Nazioartetik ere bidali dute laguntza Venezuelara, hala nola, Argentinatik, Txiletik, El Salvadorretik, AEBetatik edo Txinatik. Azken horrek 12,9 milioi eurotan baloratutako laguntza humanitarioa bidali du. NBEk behin-behineko erietxe bat eraikitzeko materiala bidali du. 

ElDiario.es komunikabidearen analisia idatzi du Andrew Roth-ek. Dioenez, Venezuelako ezbeharrak frogatuko du AEBen aro berria Amerikako mendebaldeko hemisferioan. Trumpen administrazioa erantzun "eraginkor" bat ematen saiatzen ari da orain lagun kontsideratzen duen herrialdeari, urtarrilean armada estatubatuarra Venezuelan sartu eta Nicolas Maduro presidentea atxilotu eta gero, Rothen hitzetan. AEBek hiru erreskate talde bidali dituzte eta zin egin dute 150 milioi dolarreko sorospen-funtsa bidaliko dutela.

 

Gasteizko Udalak 1.500 euroko isuna jarri die greba orokorra antolatu zuten sindikatuei
2026-07-17 | Goiatz Iza Erkis
ELA, LAB, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek prentsaurrekoa egin dute salatzeko udalak isuna jarri diela, herritarrei grebaren berri kartel eta pankarten bidez ematean "arau hauste larria"... (+)
Nafarroako Gobernuak alerta aktibatu du sute arriskuagatik
2026-07-07 | Goiatz Iza Erkis
Aste honetarako iragarrita dauden tenperatura altuengatik eta landarediaren lehortearengatik, suteak pizteko arriskua "oso altua" da. Eguzkipeko jarduerak eta suarekin harremana duten ekintzak ekiditea aholkatu du.... (+)
Venezuelan egoera muturrera iristen ari dela ohartarazi du NBEk
2026-07-01 | Goiatz Iza Erkis
Lurrikaren ondoren, janari eta baliabide eskasia dago, osasun zerbitzuak eta ospitaleak gainezka daude eta milaka hiritar lekualdatu behar izan dira eta asko kalean geratu dira.... (+)
Gutxienez 980 dira Venezuelan lurrikaren ondorioz hildakoak
2026-06-25 | Goiatz Iza Erkis
7,2 eta 7,5 graduko bi lurrikara gertatu dira asteazken arratsaldean Venezuelan. Erreskate lanetan ari dira, baina ziurtatu dute askoz ere zauritu eta hildako gehiago egongo... (+)
Airearen kalitateak okerrera egin du Hego Euskal Herrian 2025ean
2026-06-23 | Goiatz Iza Erkis
Ekologistak Martxan elkarteak 2025eko airearen kalitateari buruzko txostena aurkeztu du. Ikerketaren arabera, iaz Hego Euskal Herriko milioi bat herritar baino gehiagok jasan zuten Europar Batasunak ezarritako mugen... (+)
gora