Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kolonbiako astelehen goizaldean jazo da. Herrialdeko mendebaldean izan da ezbeharra, Pereira eta Cali hiriak dira kaltetuenak. De la Espriella presidenteak larrialdi egoera ezarri du eta erreskate lanetan ari dira desagertuak aurkitzeko. Hego Amerikako herrialdeek laguntza eskaini diote Kolonbiari, baita AEBek eta Europako Batasunak ere.
Lurrikarak suntsitutako eraikin bat, Calin.
Venezuelako lurrikara bikoitzetik bi hilabetera, beste lurrikara batek jo du Hego Amerika. Kolonbian jazo da hondamendia, asteleheneko 07:34an (Euskal Herriko 12:34an) Ritcher eskalako 7,4 graduko lurrikara batek herrialdeko mendebaldea astindu duenean. Gutxienez 132 pertsona hil dira, 570 zauritu daude eta ehunka desagertu.
1979tik Kolonbiak jasan duen lurrikara handiena da. San José del Palmar herrian izan du epizentroa, Chocó departamentuan, baina herrialdeko hiri jendetsuenetan izan dira kalte handienak, hala nola Cali, Pereira, Manizales eta Armenian. Hain justu, Pereira hiria da kaltetuena, epizentrotik gertuen dagoen hirietako bat. Gutxienez 60 pertsona hil dira bertan. Cali hiria da bigarren kaltetuena. 35 hildako, 700 zauritu eta 188 desagertu daude. Are, 5.000 etxebizitza suntsitu dira, tartean eskolak eta ospitaleak, Abelardo de la Espriella presidentearen arabera. Medellin eta Bogota hirietan ere sumatu dute dardara, baita Ekuadorren, Panaman eta Venezuelan ere.
Kolonbiako presidentearen hitzetan, gertatutakoa "hondamendi nazionala" da eta larrialdi egoera ezarri du. Caliko zein Pereirako alkateek etxeratze ordua ezarri dute gauetan, argudiatuta "arpilatzeak" gertatzeko arriskua dagoela. Caliko ospitaleek alerta gorria ezarri dute, kolapsatuta geratu ostean. Bestalde, Kolonbiako erdiguneko zein mendebaldeko hainbat aireporturen zerbitzuak bertan behera utzi dituzte.
Erlojupeko lanetan eta nazioarteko laguntza
Desagertuak aurkitzeko erreskate lanetan ari dira. Erreskateetan adituak diren 180 profesional bidali ditu Kolonbiako armadak, eta herritarrak ere erlojupean ari dira lanean. De la Espriellak kargua hartu eta pare bat egunera gertatu da ezbeharra, ostiralean izendatu baitzuten presidente. Hauteskunde kanpainan behin baino gehiagotan errepikatu zuen gastu publikoak murriztuko edo etengo zituela. "Ez zaituztegu bakarrik utziko", zin egin die orain presidente ultraeskuindarrak herritarrei. Munduko Bankuak eta Garapenerako Amerika arteko Bankuak 700.000 euro eman dituzte kalteak konpontzeko, herrialdeko presidenteorde Jose Manuel Restreporen arabera.
Latinoamerikako hainbat herrialdek ere laguntza eskaini diote Kolonbiari, esaterako, Venezuelak, Txilek, Panamak, Boliviak eta El Salvadorrek. Era berean, Ekuador prest agertu da 47 espezialista bidaltzeko. Bestalde, AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok ere laguntza eskaini dio sare sozialetatik, eta hasiera batean 13 milioi euroko laguntza eskaini diote AEBek. EBk, berriz, satelite sistema ahalbidetu du, erreskate lanak errazteko.
Euskaldunak Kolonbian
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak jakinarazi du ondo daudela Pereiran lan egiten dute hiru euskal gazteak. Familiek haiekin hitz egin dute. Azaldu dutenez, lurrikararen unean ez zeuden hirian, Medellinen baizik.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545