Baratzea autobiografia forma bat da.

Egia: aldapa alai bat


2025eko abuztuaren 01a
1985eko Porrontxo jaiak.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene...  70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta industriarako espazio bat izatea. Eta horrela bihurtu zen langile klasearentzako auzo periferiko bat. 

1) Trenbidearen pasabideak

Txirritak Norteko ferrokarrila deiturikoaren geltokia 1864an inauguratu zuten eta gero Gustav Eiffelen markesina erantsi zioten. Baina trenbideak Egiaren eta hiriaren artean barrera artifiziala ere sortu zuen: auzotarrek errailen gainetik igaro beste erremediorik ez zuten. Horregatik, XX. mendean pasabideak egin ziren, azkena 1971n, trenbide azpikoa. Honek, baina, protesta ugari eragin zituen hasieratik, urez betetzen zen toki iluna zelako. Graffitiz eta pintada aldarrikatzailez jositako horma horiek, tren geltoki berriaren obrek estali dituzte orain.

2) Atotxa

Ez dago garbi Atotxa izena hango baserri batetik edo XVII. mendean Donostiako alkatea izandako Pascual Atocha gardarretik datorren; baina 1913an futbol zelaia bihurtuta egin zen ezagun. Lehenago belodromo bat zegoen, ondoan berriz errebote-frontoia, pixka bat harago egurrezko zezen-plaza... Donostiarrek aisialdirako usatutako padura bat izan da denbora askoan Egiako bazterra. Baina espektakulu horien abaroan makina bat borroka ere egosi zen; ez da kasualitatea Atotxan atera izana 1976an ikurrina Erreala eta Athleticen arteko futbol partidan, oraindik legalizatu gabe zegoenean.

3) Gladys Enea

Guardia zibilek 1979an Tuteran hildako Gladys del Estalen izena eta izana darama, ofizialki Cristina Enea den parkeak. Gertaera hura auzoaren oroimen historikoan geratuko da betiko, bai herritarrek hilketa harengatik erakutsitako amorrua, bai poliziarekin izandako istiluak, baita parkearen inguruan ondu zen kontzientzia ekologista eta antinuklearra ere. Derrigorrez bisitatu beharrekoa.

Gladys del Estalen hilketagatik protestak. Gordegia

4) Teila fabrika

XX. mendean, Egia industrializaturiko auzo obreroa zen. Fábrica de Tejas y Ladrillos S.A. teila fabrika zen, seguruenik, lantegietan sinbolikoena: 1903an irekia, 40 metroko tximinia auzoaren skyline-aren parte zen. Baina bazeuden gehiago ere: marmoldegia, tabako fabrika... Gaur egun horietako batzuk kultur sormenerako eta elkarlanerako espazio dira, Tabakalera edo Teila Fabrika kasu. Azkeneko honetan daude lekututa Gordegia artxibategi grafikoa eta beste zenbait kooperatiba eta eragile, iraganeko langile izaerak auzoaren norabidea markatzen segitzen duen seinale.

5) Karmengo Ama kalea

Langile bizitegi bilakatu ahala, modu kaotikoan hazi zen auzoa, eta kale denen bizkarrezurra Karmengo Ama zen. 1982an auzotar batzuek sorturiko Porrontxo jaietan, koadrilen igoera alaiaren kokaleku bihurtu zen kale hori: 1990eko hamarkadan 50 koadrila baino gehiago biltzen ziren; hala, Porrontxoak jai aldarrikatzaile eta herrikoien erreferente bihurtu ziren.  

Okupazioaren aldeko pintadak egiten auzoan. Gordegia

6) Polloeko hilerria

1878an eraikia, Polloeko hilerriak Donostiako mende eta erdiko historiaren hainbat orrialde biltzen ditu, eta ez da debaldekoa bertara bisita egitea. Besteak beste, Clara Campoamor emakumeen eskubideen aldeko aktibistaren hilobia aurki dezakegu, baita Martirien Mausoleoa ere, 1936an fusilatutako miliziano eta gudarien gorpuzkinak gordetzen dituena eta oraindik gurutze frankista duena. Ondoan, Duintasuna eskulturak krimen horiek gogoratzen ditu.     

Lezoko intermodalak XV. mendeko bi baserri bota eta landa lurrak artifizializatuko dituela salatu du Eguzkik
2026-10-06 | Urko Apaolaza Avila
Pasaiako portua eta AHT lotuko lituzkeen Lezoko (Gipuzkoa) plataforma logistiko edo terminal intermodalari buruzko informazio azterketa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Eguzki talde ekologistaren esanetan, Gaintxurizketako... (+)
Datu zentroak: egia lurraldean bizi da
2026-09-22 | Urko Apaolaza Avila
Argentinan, herrialdearen egoeraz hitz egiten hasi orduko, izen bat agertu ohi da denen ahotan: Peter Thiel. Palantir AEBetako teknologia multinazionalaren milioiduna Casa Rosadara iritsi zen... (+)
Lurra jokoan, estraktibismoaren bihotzean
2026-09-20 | Urko Apaolaza Avila
Javier Mileiren motozerrak Argentinan hiru urte eskasean eragin duen triskantza sozialak fracking garabiaren mugimendu erritmikoa dakar gogora: sakoneraino sartzen du hodia, ongizate estatuaren zainak apurtu... (+)
Marieniako lurrak hilabeteren buruan husteko agindu du auzitegiak
2026-09-02 | Urko Apaolaza Avila
ELB sindikatuak eta Lurzaindiak jarritako abereak atera beharko dituzte lurretatik, baina Baionako auzitegiak hilabeteko epea eman die horretarako: "Negoziatzeko oportunitate bat bezala ikusten dugu", erantzun dute... (+)
gora