Euri lantxe apirilean, antxoa bitsa moila gainean.

Kapitalismo “berde oliba eta digitalari” aurre egiteko agenda ekosozialista aldarrikatu dute Bilbon

Duela hamar urteko III. Topaketa Ekosozialistan adostutako manifestua berritu dute Bilbon, Euskal Gune Ekosozialistak eta Omal behategiak larunbatean antolatutako jardunaldietan. "Ikasi dugu garaipen partzialak posible eta beharrezkoak direla eta ez dagoela trantsizio justurik gatazkarik eta herri-mobilizaziorik gabe", azaldu dute.


2026ko maiatzaren 12a
Sarrikon egin da jardunaldia, gradu aretoan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hamar urte joan dira III. Topaketa Ekosozialistak egin zirenetik, eta efemeride horren kari 2026ko Euskal Herriko manifestu ekosozialista manifestua egin dute publiko larunbatean Bilbon eragile sozial eta sindikatu ugarik, Euskal Gune Ekosozialistak eta Omal behategiak antolatutako jardunaldietan. Sinatzaileen artean daude, bi erakunde horiez gain, Hitz & Hitz eraldaketa sozialaren aldeko fundazioa, eta Etxalde, Steilas, ELA, LAB eta ESK sindikatuak.

EHUko Sarrikoko fakultateko gradu aretoan bilduta, hama urteotan ekosozialismoak Euskal Herrian egindako ibilbidearen balantzea eta aurrera begirakoak landu dituzte, eta amaierako manifestura ekarri dituzte ondorio eta erronka horiek guztiak.

Manifestuak gogorarazi duenez, duela hamarkada bat adosturiko testuan, muga biofisikoaren "urgentzia ekologikoa" eta horrek aldi berean sorturiko "larrialdi soziala" aipatu zituzten; eta ondorioztatu zuten horien jatorria kapitalismoan oinarrituriko "ordena instituzionalizatuetan" zegoela.

Azterketa "ziurra eta premonitorioa"

"10 urte geroago, zoritxarrez, azterketa hori ziurra eta premonitorioa dela ikusten da, eta agerian uzten du premiazko eta sakoneko erronken aurrean nazioarteko komunitatearen gelditasun instituzional nabarmena". Datu bat ere eman dute: 2016an, planetak dituen bederatzi muga biofisikoetatik lau gaindituta genituen, bada 2025ean jadanik zazpi ziren gainditutako muga horiek.

"10 urte geroago, zoritxarrez, azterketa hori ziurra eta premonitorioa dela ikusten da, eta agerian uzten du premiazko eta sakoneko erronken aurrean nazioarteko komunitatearen gelditasun instituzional nabarmena"

Horren aurrean, baliabideak kontrolatzeko borrokek "munduko taula hankaz gora" jarri dutela dio manifestuak eta eskuin muturraren "agenda erreakzionario eta autoritarioen" ondorioz gerra eta eraso inperialistak bizkortu direla. 

Hori horrela, duela hamar urteko "kapitalismo berdea", gaur egun kapitalismo "berde oliba eta digitala" bihurtu da, hazkunde orokortura eta emisio kutsatzaileetatik "desakoplatzera" eramango bagintu bezala. Horren aurrean, manifestuaren sinatzaileek inoiz baino beharrezkoago eta premiazkoago ikusten dute agenda ekosozialista martxan jartzea. "Kapitalismo berde oliba eta digitalak ez du irtenbiderik ematen. Aitzitik, aurre egin behar diogun agenda defendatzen du. (...) Hortaz, indartu egiten dugu ekosozialismoaren aldeko apustua", diote.

"Kapitalismo berde oliba eta digitalak ez du irtenbiderik ematen. Aitzitik, aurre egin behar diogun agenda defendatzen du"

"Ez dago trantsizio justurik gatazkarik eta herri-mobilizaziorik gabe"

Sindikalismoan, feminismoan zein ekologismoan azken urteetan emandako urratsak eta borrokak gogorarazi dituzte, hala nola pentsio eta bizitza duinen aldeko 2020ko greba orokorra, edo zaintza-sistema publiko komunitario baten aldeko 2023ko greba orokor feminista: "Ikasi dugu garaipen partzialak posible eta beharrezkoak direla eta ez dagoela trantsizio justurik gatazkarik eta herri-mobilizaziorik gabe",

Manifestuan, "lau koloreko bandera" aldarrikatzeko (ekologismoaren berdea, justizia sozialaren gorria, feminismoaren bioleta eta herritarren ahalduntzearen beltza) 18 puntuko zerrenda osatu dute (hemen irakurgai). "Diagnostikoa argia da: ekosozialismo feminista edo basakeria", amaitu dute. 

San Joan suak bertan behera geratu dira herri askotan, beroaren ondorioz
2026-06-23 | Urko Apaolaza Avila
Bero handiagatik Euskal Herri osoan alarma gorria ezarrita dagoela-eta, ekainaren 23an egin ohi diren San Joan suak bertan behera utzi dituzte herri askotako udalek. Ipar... (+)
TotalEnergies, Shell, Naturgy... Europako energiaren erraldoiak 'greenwashinga' egiteagatik salatu dituzte
2026-06-17 | Urko Apaolaza Avila
Europako Kontsumitzaileen Erakundeak jarraipena egin die urtebetez multinazional horiei, eta ondorioztatu du marketina erabilita "aurpegi garbiketa berdea" egiten dutela trantsizio energetikoaren kaltetan. Europako Batzordearen aurrean... (+)
Nafarroako upategi bat ikertzen ari dira, pertsona baten heriotza eragin duen lan-esplotazio sarean parte hartzea egotzita
2026-06-16 | Urko Apaolaza Avila
Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu ditu Errioxan lan-esplotazio talde bat osatzeagatik. Nafarroako Erriberako lurretan lan eginarazten zien biktimei, baldintza oso kaxkarretan, eta haietako bat autoz... (+)
Natura ala gerra: bidegurutze bat Erriberan
2026-05-31 | Urko Apaolaza Avila
2028. urtean Espainiako Defentsa Ministerioak Bardeako Komunitatearekin sinaturik duen hogei urteko hitzarmena iraungiko da, eta natur gune berezi hura erdi-erditik zulatzen duen tiro eremua erabiltzeari... (+)
gora