Bardeako Komunitatearen Batzarreko lehendakariak adierazi du tiro poligonoak “on egin” diola biodibertsitateari

José María Agramontek agerraldia egin du asteartean Nafarroako Parlamentuan, UPN eta Contigo-Zurekin alderdiek eskatuta. Bardeako Komunitatearen Batzarreko lehendakariak nabarmendu du Espainiako Defentsa Ministerioa ingurumenarekin egiten ari den "esfortzua". Parlamentuko hainbat ordezkarik bisitatu zuten tiro eremua martxoan, eta alderdiek iritzi kontrajarriak dituzte haren inguruan.


2025eko apirilaren 30a
Nafarroako Parlamentuko hainbat ordezkarik martxoan Bardeako tiro poligonora eginiko bisita.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Beste behin mahai gainera atera da Bardeako tiro eremuaren inguruko eztabaida. Oraingoan, asteartean komunitate horretako lehendakari José María Agramontek Nafarroako Parlamentuan eginiko adierazpenengatik izan da, eta horietan, besteak beste, tiro poligonoak "biodibertsitatearen jasangarritasunari on egin" diola adierazi du. Horren erakusle, Agramontek adibide gisa esan du 1999an lau putre bikote zeudela eta orain 100 baino gehiago daudela eremu horretan. Bardeako Komunitatearen Batzarreko lehendakariak UPN eta Contigo-Zurekin alderdiek eskatuta egin du agerraldia Nafarroako Parlamentuan.

Agramontek azaldu du Bardeako hektarea guztien %93,85 parke naturalaren menpe daudela; gainontzekoek –%6,15– beste hainbat erabilera dituzte, eta horien artean tiro poligonoari dagokionak 2.444 hektarea hartzen ditu. Poligonoari dagozkion hektareen %12 –Bardeako hektarea guztien %0.7– erabiltzen dira tiro eremurako, eta hango komunitate lehendakariak adierazi du "ingurumenaren jasangarritasuna bermatzeko helburuak" betetzen dituela. Horregatik, Bardeako beste eremuek ingurumenarekin duten konpromisoaz hausnartzera dei egin du Agramontek: "Pentsatu beharrekoa da zergatik duen biodibertsitate hain garrantzitsua hektarea guztien %0,7 hartzen dituen eremu batek, eta gainerakoetan nola ez garen gai helburu berak betetzeko". 

Gainera, Bardeako Komunitatearen Batzarreko lehendakariak balioan jarri du Espainiako Defentsa Ministerioak azken urteetan eginiko lana ingurumenaren arloan: "Orain egiten ari denak ez du zerikusirik duela sei eta zazpi urte egiten zenarekin. Benetan garrantzitsua da". Agramontek aitortu du azken aldian basurdeen ehiza egiten ari direla tiro poligonoaren inguruko eremuan, "kezkatuta" baitaude dagoen basurde kopuru altuarengatik.

Nafarroako alderdien artean iritzi kontrajarriak

Nafarroako Parlamentuko hainbat ordezkarik martxoan bisitatu zuten Bardeako tiro poligonoa, Agramonterekin batera. Bertan, harrera egin zioten José Manuel Bellido Bardeako Aire Kuarteleko teniente koronel buruari, eta hark adierazi zuen tiro eremua ingurumenari dagokionez "jasangarria" dela. Bisitan zehar, UPNk eta PSEk tiro poligonoaren kontratua berritzearen alde egin zuten; Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, berriz, eremua desegitearen alde daude. EH Bilduk ez zuen bisitan parte hartu.

Bergarako erraustegiari Jaurlaritzak emandako ingurumen baimena baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak
Jaurlaritzak Valogreene enpresari ingurumen baimena eman izanari helegitea aurkeztu zioten Bergarako Udalak, Ekologistak Martxan taldeak eta Bergarako bi bizilagunek 2022ko apirilean. Udalak azpimarratu du auzitegiak arrazoia... (+)
Cotatuero mendateko eskaladarako iltzeak moztu dituzte bukardoa eta basoilarra naturara itzultzea aldarrikatzeko eta Ecologistas en Acción taldeak salatu du egileak eskuin muturrekoak direla
Ekintzaren erantzukizuna zazpi mendizalez osatutako talde batek hartu du, Jesús Vallés aktibista tartean. Ordesako Parke Nazionala (Aragoi) "abentura parke bat" bihurtu dela salatu du taldeak,... (+)
Itzalaldiaren biharamunean, Espainiako Gobernuaren eta Red Eléctrica de Españaren arteko tirabirak dira nagusi
Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela... (+)
Itzalaldiak agerian utzi duena
Hedabideetan nahiko aipatu dira asteleheneko itzalaldiak gizartean eragin dituen ondorioak, baina nahikoa aipatu al da gertakari horrek agerian uzten duena? Besteak beste, bi auzi nagusi:... (+)
Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean
Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako... (+)
gora