Perrexila daietzen badizute, txolintzat hartzen zaituzte.

Zangozako Muga meategia finantzaketarik gabe geratu da, txinatar inbertitzaileek atzera egin ostean

Txinako Qinghai enpresak atzera egin eta ez ditu 257 milioi euro inbertituko potasa meategi proiektuan. Finantzaketarik gabe ez ezik, Muga meategia ustiatzeko lizentzia ere ez du proiektuak, 2024ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi ondoren Nafarroako Gobernuak Geoalcali enpresari emandako baimena. Meateagiaren aurkako zenbait plataformek salatu dute irregulartasunak egon direla proiektuaren espedienteen tramitazioan. 


2025eko abuztuaren 20a
Zangoza (Nafarroa) inguruko Muga meategian potasa ustiatzeko zundaketak.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Geoalcali enpresaren jabe den Highfield Resources multinazional australiarrak albiste txarrak jasotzen jarraitzen du: 2024ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi bazuen Nafarroako Gobernuak Zangozako (Nafarroa) Muga meategiari potasa ustiatzeko emandako baimena, asteartean proiektua finantzaketarik gabe geratu da. Izan ere, talde australiarrak 2024ko irailean hitzarmena egin zuen Txinako Qinghai enpresarekin eta beste zenbaitekin, zenbait proiektu finantzatzeko –tartean Muga proiektua– 257 milioi euro jartzeko, baina enpresak atzera egin eta uko egin dio inbertsio horri.

Inbertsio horri uko egiteko arrazoietako bat proiektuak dituen baimenak dira. Izan ere, inbertitzaile txinatarrek finantzaketa emateko baldintza gisa jarri zuten meategiak potasa ustiatzeko baimen guztiak edukitzea, baina Nafarroako Justizia Auzitegiak baliogabetutako lizentziaz gain, Muga egitasmoak ez du Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak proiektuak ingurumenean izango lukeen eraginari buruzko txostena. Finantzaketaren akordioa iragarri zuten unean Geoalcaliko kontseilari ordezkari zen Ignacio Salazarrek ere dimisioa eman zuen maiatzean.

Meategiaren aurkako plataformen salaketak

Egitasmoa aurkeztu zenetik, Muga meategiaren aurkako zenbait salaketa egin dituzte plataforma ekologistek: esaterako, Nafarroako Justizia Auzitegiak meategiari potasa ustiatzeko baimena baliogabetzeko ebazpena Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxanek jarritako helegitea aintzat hartuta eman zuen. Zehazki, helegite horretan zalantzan jarri zuten Nafarroako Industria Departamentuak Zangozako ustiaketa proiektuari baimena emateko erresoluzioaren legezkotasuna, eta auzitegiak hein batean arrazoi eman zien talde ekologistei: "Proiektua zatitu egin da eta hori Zuzenbidearen kontrakoa da", zioen epaiak.

Horrez gain, helegitearen bultzatzaileek salatu zuten inongo momentutan ez dutela izan "sarbide publikorik" meatzeak eragingo lituzkeen kalteak saihesteko Geoalcalik ustez hartuko dituen neurriei buruzko informaziora. Besteak beste, ingurumen kalteak eta arrisku geologikoak aipatu zituzten: lur hondoratzeak, sismikotasun induzitua, garraioari loturiko arazoak eta ibai eta akuiferoei eragindako kalteak.

Cerdan auziaren abiapuntuan?

Ingurumenean izango lituzkeen eraginez gain, baimenen tramitazioan irregulartasunak dauden susmoak adierazi dituzte zenbait plataformek. Muga Meatokiaren Aurkako Plataformak, Ekologistak Martxan taldeak eta Sustrai Erakuntzak eskaera bat erregistratu zuten abuztu hasieran, Nafarroako Parlamentuan, eta parlamentuko taldeei auzi hori gehiago ikertzeko eskatu zieten. Izan ere, azken hilabeteetan argitara atera den Cerdán auziaren abiapuntuan egon daiteke Muga meategiaren proiektua. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, egitasmo horretan ezagutu ziren Cerdán auziko protagonistak, 2015ean: Santos Cerdán bera eta Koldo García.

Horregatik, plataforma ekologistek abuztuan salatu zuten irregulartasunak daudela meatokia ustiatzeko espedienteen tramitazioan, "bitartekarien interesak eta mugimenduak direla eta" kutsatuta egon daitekeelako. 

Mundu mailan inoiz erregistratu den abuzturik beroena izan da aurtengoa
Lurraren gainazaleko batezbesteko tenperatura 16,96 gradukoa izan da, 2023ko uztailean baino 0,01 gradu gehiago. Euskal Herrian inoiz izandako udarik beroena izan da aurtengoa. 1850 eta 1990... (+)
Nepalek konpentsazio ekonomikoa eskatu die munduko estaturik kutsatzaileenei, uholdeetan izan duten arduragatik
Nepalek mundu osoko berotegi efektuko gasen %0,1 isurtzen du, eta Atzerri ministro Shisir Khanal-ek adierazi du sortu ez duten krisi baten ondorioak pairatzen ari direla. Azken... (+)
Zubietako erraustegia gelditzea eskatuko dute igandean, Kontxako hondartzan
Donostiako estropadak baliatuko ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegiaren ondorio kaltegarriak salatzeko, goizeko 11:00etan egingo duten elkarretaratzean. Astearte honetan eginiko prentsaurrekoan salatu dute Zubietako erraustegia dela... (+)
NBEk ohartarazi du lurrazaleko tenperatura 2 graduraino berotzea saihesteko berehalako neurriak hartu behar direla
NBEko zientzialariek ondorioztatu dute 1,5 graduko langa gainditzea "saihestezina" dela, eta egoerari berehala erantzutea eskatu dute, tenperatuaren igoerari aurre egiteko eta berotegi efektuko gas isuria... (+)
Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz
Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien... (+)
gora