Sagastien joeraren hipotesia

Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako, baina aurten, ustekabean, herriko kale nagusiko sarrerako sagarrondoak lorez jantzita hartu du festaroa.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko uztailaren 23a
Jakoba Errekondo / ARGIA CC BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Aurten sagastietan bada zerbait berria, bere ohiko behatzaileontzat ere erabat berria. Aurten bai-urtea da, berandu sagarrek biz behin ematen dute alea, bai-urtean eta gutxiago ez-urtean. Aurten baiezkoan, denok sagar mordoaren zain hasi genuen loraldia, loraldi ikusgarri bete horietakoa zetorrelakoan. Esaeraren arabera, “martxoko lorea ez balitz hobea, apirilekoa urrea eta maiatzekoa ezer ez baino hobea”. Martxoan ia ez zen lorerik ikusi. Apirilaren bigarren erdian bai, maiatzean gutxi baina lore emana ez zen amaitzen. Eta ekainarekin ere segi eta segi loretan; hau idazten ari naizen San Fermin egunean ere gure herriko sagarrondoa lorez betea dago. Ekainean sagartxoak zituzten zenbait arbolek ere lore batzuk zabalik zituzten.

Sekula ikusi gabekoa ikusten ari gara aurten. Eta batekin, bestearekin eta hurrengoarekin hitz egin eta ezin arrazoirik topa. Denok eguraldiari begira, eta aurtengo negu-udaberrian izan dituen gorabeherak miatzen. Hotzik ez duela egin. Hezetasun handia izan dela, ia-ia etengabekoa. Euri zaparrada handiak. Egun bero amorragarriak ere bai.

Horrelako klima sasoi gorabeheratsuak lehen ere ezagutu izan dira, ez berdin-berdinak, baina antzekoak bai; eta sagarrondoen aurtengo joera hori ez da gurean sekula aipatu edo jaso? Ez dut inon ezagutzen horren inguruko idatzirik edo bertsorik edo esaerarik. Ez dagoenik ez diot, baina harrigarria bai, bai litzaidake.

Herenegun, larunbata, asteroko goizeko Euskadi Irratiko Landaberri saioko kontsultategian, azken egun hauetan harjoak sagarraren bihotz-mutxikina jaten duen eran barrua jaten dabilkidan burutazioa bota dut, eta hausnarketa oso luzearen gogamena ahoskatu eta esan egin dut. Hor dago irarria, grabatua.

Hipotesi bat bota nuen. Nire hipotesia. Hogei urte inguru izango da saio berean esan nuena pinurik gabeko Euskal Herria ezagutuko genuela. Eta bi urte badira ARGIA astekariko Bizi Baratzeako txoko honetan idatzi nuela “Agur Intxaurrondo, agur!” Euskal Herri hezetik badoala esateko. Bietan “Jakobaren hipotesia” zioten sinestunek, teknikan, kimikan eta diruan sinesmen itsua dutenek, nik esandakoak heresia balira bezala… Zentzugabekeria balira bezala. Begira non dauden gaur pinu beltzak eta intxaurrondoak, adioak egin eta badoaz…

Jakobaren “sagastien joeraren hipotesia” izango da, baina, badaezpada, hona paperean idatzia. Sagarrondoak zerbait bilbatzen ari dira, azpilanean. Denak antzeko bidea hartzeko, loreak pixkanaka zabalduz loraldia luze luzatzearena; elkarren berri badute eta arrazoi bera dago sakonean: erlerik ez dabil. Erleak, sagarrondoen polinizatzaile nagusiak dira. Erleak desagerrarazten ari gara eta polinizatzailerik gabe bere espezieari eusteko haziak daramatzaten sagarrak sortzeko beste estrategia bat antolatu beharra daukate ahalik eta azkarren. Aurtengoa saio bitxia da. Pixkanaka loreak irekiz polinizazio lasaiagoa eskaintzen duten hain ugariak ez diren beste polinizatzaileen lana baliatzeko saioa ote?

Seguruenera sagarrondoa sortu zenetik beren historiako unerik latzenean daude haren ondorengoak. Erleekin batera hazi dira eta elkar hezi eta diseinatu dute, sagarrondoa eta erlea, bakoitza beraren eta bestearen premietara makurtuta, elkarrekin pare-parean eboluzionatuta. Hala landu dugu euskaldunok ere iparralde hezeko gure paisaia kulturala: etxeko atari aurrean sagastiak eta etxean erle eultzeak. Bien premia izan dugu, biena batera. Baldin eta ura edanezina izan den denboratan eta denboratan irauteko moduko edari edangarri bat egingo bagenuen: pitar-sagardoa.

Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
Azenario koloreko mutila
2026-01-26 | Jakoba Errekondo
Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu... (+)
gora