Asteroko buletina
Baratze onenak ere belar txarren bat izan dezake

Haziak eta etorkizuneko auziak

Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun ekonomikoa, transgenikoak vs agroekologia... "Hazia kontrolatzen duenak elikadura kontrolatzen du eta elikadura kontrolatzen duenak herria kontrolatzen du", ohartarazi du Guy Kastler-ek, liburu honetarako propio idatzi duen artikuluan.
Horretaz guztiaz gain, haziak egitea landareen bizi ziklo ederra osorik gozatzea da, Dani Blancok 211 argazkitan jaso duenez.

Irailaren 20an aurkeztuko dute liburua Azpeitiko Elikagunean.


2024ko irailaren 18a
Marc Badal eta Miguel Arribas "Kelo", kaleratu berri duten "Haziak" liburua eskutan, Beizamako Leunda Berri baserriko lore artean. Argazkia: Dani Blanco.

Neolitotik hona arteko gure aitona eta batez ere amonentzat ohiko lana izan da uztaren zati bat hazitarako bereiztea eta gordetzea. Pixkanaka lan hori hazi-etxe gero eta handiagoen esku uzten joan da gure gizartea: egun, bederatzi enpresaren esku dago mundu osoan saltzen diren hazien %63. Monsanto xurgatua duen Bayer multinazionalak berak bakarrik hazi salmenta guztien %23 bereganatua du. Haziak egiteko lana alboratu dugunez, gaur egun, baratzea dutenen artean ere askok eta askok ez dute ezagutzen landareen helduaroa, izan ere, landare gehienak gazte direla ateratzen ditugu baratzetik, jateko. Denak gara eskolatuak baina biologian gutxi erakutsi digute landareek ugaritzeko dituzten sexu bidezko eta sexu gabeko ugalketa modu anitzez eta historiako klaseetan apenas aipatu dizkiguten landare espezie batzuk, gure herriaren biziraupenean funtsezkoak izan badira ere. Haziak egiteari utzita, autonomia eta kultura galtzeaz gain, galdu dugu barazkietako askok dituzten lore ederrak kontenplatzeko plazera...

Haziak liburuak ematen dizkigu landareen ugalketa ulertzeko oinarriak, 60 landareren –barazki, sendabelar, lore eta hainbat zereal– haziak egiteko azalpen praktiko eta teknikoak, eta horrekin batera bitxikeriak, trikimailuak... Bertako barietateen berri ere ematen du, esaterako, Itoitzko urtegiaren borrokan Artozki herrian berreskuratu zuten kalabazinarena, urtez urte gero eta baratze gehiagotan eusten diotena. Pasarte historiko epikoak ere aurkituko ditugu, hala nola Leningraden, II. Mundu Gerran nazien armadak hiria guztiz setiatua zuela, nola nekazaritzako hazi aldaeren mundu osoko bilduma gordetzen zuen Vavilov zentroko langileak gosez hil ziren, hazi tona horietatik ale bakar bat jan gabe, bazekitelako etorkizunean sobietar herri osoari jaten eman ahal izateko altxorra gordetzen ari zirela. Horrez denaz gain, liburu honek hazietan mundu mailan jokatzen ari diren auzien arrastoan jarriko gaitu: besteak beste, teknologia genetikoa nola ari den "bizitza patentatzen", multinazionalek sortutako hazi hibridoak nola ari diren bioaniztasuna murrizten... hori guztia hartu dugu mintzagai erreportaje honetan, liburuaren bi egileekin.

Miguel Arribas "Kelo" eta Marc Badal, haziz betetako baheak aurrean dituztela.
Egileen ibilbidea: a ze parea, igitaia eta bahea

Euskal Herrian egindako hazi ekologikoak saltzen ditu Aleka proiektu kolektiboak, eta bertan duela zortzi urtetatik hazigintzan urte osoan lanean aritzen dena da Miguel Arribas Kelo, liburuaren egileetako bat. Liburuaren beste egileak, Marc Badalek, etxerako egiten ditu haziak bere baratzean, eta haziei buruzko dibulgazio lanean aritzen da. Bera da duela 11 urtetatik Cristina Enea fundazioko Haziera hazien artxiboko koordinatzailea.

Lagun zaharrak dira Arribas eta Badal, eta bitxia bezain polita da bien ibilbidea. Arribasek honela kontatu du berea: "Ni Madrilgoa naiz eta nahiz eta kalekumea izan, 22 urte ingururekin hasi nintzen baratzezain hango proiektu kolektibo batean, eta han hasi nintzen agroekologia munduan murgiltzen eta haziari begia jartzen. Duela 16 urte etorri nintzen Euskal Herrira, zuzenean Beizamako Leunda Berri baserrira. Hemen antzeko proiektu bat sortzen ari zen, Uztaro kooperatiba, proiektu autogestionatu eta kolektiboa. Esperientzia hori sortu genuen eta hainbeste urte eta gero kolektibo hori desagertu egin zen eta orduan ausartu nintzen Aleka proiektua sortuta nire betiko kezka edo harrikada martxan jartzera: hazia modu kolektibo eta profesionalean ekoiztea".

Badalek ere bidea egina du hazien munduan: "Ni Bartzelonakoa naiz. 1990eko hamarkadan Bartzelonan okupazio mugimendu azkarra zegoen eta horietatik batzuk masiak [Herrialde Katalanetako etxaldeak] okupatzen hasi ginen, baratzeak egiten eta autogestioa beste era batera ulertzen, ez soilik festetan garagardoa saltzen ez dakit zein kausarendako sosa lortzeko. Laster egin genuen harremana Pirinioetako beste herri okupatuekin: Itoitz borrokan zegoen eta nolabaiteko sare informala sortu zen Katalunia, Aragoi eta Nafarroan herri okupatuetan ginenon artean. Garai horretan hasi ginen mugimendu agroekologikoaz mintzatzen. Ni Alta Garrotxan (Kataluniako Aurre-Pirinioetako eskualdea) dexente ibiltzen nintzen eta 1997an hantxe sortu zen Ecollavors, oso txikia, autogestionatua, lau lagun-ezagunen arteko ekimen informala izan zena, eta ordutik ibili naiz horrelako sareetan. Duela 14 urte Euskal Herrira jin nintzen, eta duela 12 urtetik bizi naiz Luzaideko etxalde batean. Haziera proiektuan aritzeaz gain, Nafarroako Hazi Sarean parte hartzen dut".

Hankak Euskal Herrian kokatuta idatzi dute liburua, Arribasek azaldu duenez: "Euskal Herriak baldintza bereziak ditu eta beharrezkoa da baratzeko liburu batek ezaugarri horiek kontuan hartzea". Euskaraz mintzo dira baina liburua euskaraz idazteko motz sentitzen ziren eta gazteleraz idatzi duten testua Markel Lizasoainek itzuli du. Arribasek oso ongi baloratu du itzulpena: "Laborantza munduko kontzeptuak ongi jaso dituela iruditzen zait eta uste dut lortu duela esaldiei eman nahi nien tonua mantentzea. Nik euskara asko ikasi dut liburu hau irakurriz!".

Badalek azpimarratu du laborari batek (Arribasek, alegia) idatzia dela liburuaren zati handiena: "Politika, historia, ekonomia, agronomia, genetika, botanika... Hori dena dago lotuta liburuan eta hori dena atera da laborari profesional, gazte, ekologiko batetik, gauez idazten zuena, behin bere baratzeko eguneko jardunaldia bukatutakoan. Gauez  hemen, Beizamako Leunda Berri baserrian idatzitako liburu bat da. Hori balio handikoa da".

"Haziak" liburuan landare bakoitzaren loreak, haziontziak eta haziak erakusten dituzte Dani Blancoren argazkiek. Irudian, akain-belarrarenak.
“Hazi bat Iragana eta etorkizuna da aldi berean”

Hazi bat zer den galdetu diegu bi egileei, eta honela aletu dute erantzuna, puntuka.

"Haziak komunitatea josten du", Marc Badal

Arribas: "Nik ez dakit hazi bat zer den, baina gu baratzean hasi ginen, guretzat baratzea erresistentziarako gune bat zelako, kontsumitzaile huts nahi gaituen sistemari kontra egiteko. Eta haziaren ugalketak erresistentzia hori areagotu egiten du; autonomia ematen dizu, hazi-etxeen menpe ez egoteko. Ekintza politiko eta desobedientea da. Eta baita ere aukera ematen dizu zure landaketak gero eta egokituagoak izateko zure baratzera eta zure lan modura". Badalek jarraitu dio: "Agian badu beste zentzu politiko bat ere: komunitatea josten du. Indibidualki hazi batzuk egin ditzakezu zure baratzean, baina nolabait esparru kolektibora jo behar duzu. Bere garaian, auzoen artean egiten zen. Gaur egungo testuinguruan, Biolurrekoen artean elkartzen gara edo Alekakoen artean edo sare informaletan...". Arribas bat dator: "Normalean landareak oso eskuzabalak dira eta sortutako haziak beti gehiegi izango dira autokontsumorako ari den baratzezain batentzat; horrek behartzen zaitu beste baratzezainekin antolatzera, elkartzera, trukatzera... hori oso polita da".

Artoak merezitako lekua du liburuan: Euskal Herriko laborantzan izan zuen garrantzia kontatzen da, baita ere arto-zuriketa nola egiten zen komunitatea bilduta, bertako barietatea lantzen duen Arto Gorria elkartearen lana... Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA
"XX. mendean, antzinako barietate ia denak desagertu dira, hau da, biodibertsitate landuaren %75 galdu da, beraz, atzematen ditugun barietate zaharren haziak altxor modura bizi ditugu", Marc Badal

Ondoren, Arribasek beste erpin batetik begiratu dio hazia eta komunitatearen arteko loturari: "Lehenago, haziak baserritarren kulturaren muinean zeuden. Guk galdu dugu hori eta berreskuratu behar dugu, berriz kultura sortzeko. Artoa egiten dudan bakoitzean gogoratzen naiz nire hemengo bizilagun aiton-amonek nola hitz egiten zuten arto zuriketaz, eta zer garrantzia zuen beren ekonomian eta bizitza sozialean, eta nola joaten ziren auzolanera, nola ligatzen zuten eta komunitatea josten zuten han...". Badalek jarraitu dio: "Bai, niri ere arlo kulturala interesatzen zait: nekazal bioaniztasuna eta bioaniztasun kulturala ezin dira banatu. Gaur egungo laborari zaharrenentzat, haziak baliabide ekonomiko bat dira: hazia da ekoizpenerako balio duen zerbait eta balio ez badu ez dute erabiliko. Aldiz, guk beste harreman bat daukagu haziekin, gu beti ari gara barietate kontzeptuari buruz. Izan ere, XX. mendean, mende bakarrean antzinako barietate ia denak desagertu dira, hau da, biodibertsitate landuaren %75 galdu da, eta beraz, oraindik atzematen ditugun barietate zaharren haziak guk altxor modura bizi ditugu. Nolabait ondare bihurtzen dira hazi horiek guretzat eta batzuetan laborari zaharrek ere horrela ikusten dituzte, 'nire etxeko haziak' esaten diete, eta hazia etxekoa izateak beti izan du garrantzia".

Miguel Arribas "Kelo" bahearekin hazia eta zahia bereizten.
"Haziei garrantzia eman behar diegu, zeren eta han dago gure elikadura, etorkizuna. Hori agroindustriak oso garbi dauka, eta gu kontziente izan behar gara, burujabe izateko", Miguel Arribas 'Kelo'

Arribasek ekonomikoan jarri du arreta: "Guk komunitate bezala gure haziak eta gure ezagutza galdu ditugu, baina botere ekonomikoek ez dituzte galdu, zeren oso garbi daukate han dagoela funtsa. Eta hori da berreskuratu nahi duguna, baita begirada ekonomikotik ere. Liburuan aipatzen dugu Eduardo Galeanok kontatua zuen historia hori, nola esklabuek plantazioetatik ihes egiten zutenean soinean eramaten zituzten umeak eta haziak ilean gordeta, hori baitzen modu bakarra haien bizimodua mantentzeko: familia eta elikadura sistema mantentzea. Gaur egun, ez dakit jende askok ihesaldi batean zer hartuko zukeen, mugikorraren kargagailua agian... Oso urrun gaude kontzientzia horretatik: haziei garrantzia eman behar diegu, zeren eta han dago gure elikadura, gure etorkizuna. Hori agroindustriak oso garbi dauka. Eta gu kontziente izan behar gara, burujabe izateko".

Badalek beste kontzeptu bat lotu dio haziari: "Hazi bat ate bat ere bada. Aukera eskaintzen dizu garai bateko nekazal mundua nolakoa zen ikusteko eta egungora nola iritsi garen pentsatzeko, aukera ematen dizu azken hamarkadetako prozesu historikoak hobeto ulertzeko. Denboran zehar baskulatzen den zerbait da". Arribasek biribildu du: "Bai, hazi bat iragana eta etorkizuna da, aldi berean. Iragan horrek egoera klimatiko eta gertaera anitz bildu ditu, eta bertako barietateetan dagoen memoria hori guztia orain oso baliagarria da bizitzen ari garen garai aldakorrerako, klima krisi honetan gure elikadura sistema martxan jarri ahal izateko. Hori dena da hazi bat".

Makroargazkilaritza tekniken bidez, haziak gure begiek sekula ikusiko ez dituzten neurrian erakusten dituzte Dani Blancoren argazkiek. Hemen, porruaren loreak, haziontziak eta haziak.
Dani Blancoren 211 argazki

Dani Blanco argazkilariak urtebetez egin dio jarraipena landare espezie bakoitzaren zikloari, eta horri esker, liburuan aztertzen diren espezie bakoitzaren lorea, haziontzia eta haziak ikus ditzakegu argazkitan.

Edertasunaz gain, argazki hauek informazio baliotsua gehitzen diote liburuari: batetik, baratzean hazia biltzeko punttuan noiz dagoen erakusten dute, eta bestetik, haziak egiten dituztenen begiek ere inoiz ikusi ezingo dituzten dimentsioan handituta eskaintzen dizkigu haziak, horien xehetasun guztiak perzibitu ditzagun.

ARGIA astekariaren hurrengo zenbakian, Komunitatea atalean kontatuko du Itsaso Zubiriak nolakoa izan den Dani Blancok libururako egindako lan prozesua.

Hazi hibridoak: a zer pagotxa baina...
"Guretzat hazi hibridoak etsaiak dira, zeren eta gero eta bioaniztasun gutxiago sortzen dugu, hau da, estandarizazioa dakar baratzeetara, eta gainera autonomia galtzen dugu", Miguel Arribas 'Kelo'

Liburuan kontatzen dutenez, F1 aldaera hibridoak asko ugaritu dira azken urteetan gure baratzeetan: aza, kuiatxo, meloi, tomate, piper, alberjinia... Hazi hibrido bat zer den azaldu du Arribasek: "Behartutako polinizaziotik datorren hazi bat da. Zergatik egiten den prozesu hori? Hazi hibridoetatik datorren lehenengo landare belaunaldia normalean oso homogeneoa delako, denak berdinak dira, eta indar handiko landaketak izaten direlako. Horregatik, oso interesgarriak dira ekonomikoki, ekoizpen aldetik, eta gure kide agroekologikoek ere gero eta gehiago erabiltzen dituzte hazi hibridoak. Baina hauxe da paradoxa: landaketa horien hurrengo belaunaldiak ez dira bideragarriak. Eztabaidatu dezakegu antzuak diren edo ez, baina denak antzuak ez badira ere, hurrengo belaunaldiak oso ezberdinak ateratzen dira, oso heterogeneoak eta agian ez produktiboak. Beraz, hazi hibridoak erabiltzen badituzu, ezin dituzu horien haziak ugaltzeko erabili. Horregatik, guretzat hazi hibridoak etsaiak dira, zeren eta gero eta bioaniztasun gutxiago sortzen dugu, hau da, estandarizazioa dakar baratzeetara, eta gainera autonomia galtzen dugu, hazi enpresen menpe geratzen garelako. Noski, hori negozio biribila da multinazionalentzat. Hazi hibridoekin ezin ditugu gure barietateak sortu eta egokitu gure beharretara, gure baratzeetara, gure klimara...". Liburuan Marta Barba Gassók artikulua idatzi du, azalduz "euskal tomateek" zenbat kilometro egiten dituzten: izan ere, Euskal Herrian hazten diren Jack barietateko tomate landareen sorrerako haziak hibridoak dira eta eskulan merkearekin eta teknika toxikoekin egiten direnez, tomate hazi horiek Hego Globalean ekoizten dituzte multinazionalek.

Badalek azaldu du azken aldian hibridoek beste "abantaila" bat eskaintzen dutela, hain zuzen, gaitz batekiko erresistentzia garatuta izatea: "Baina gaitz horiek askotan birusak dira eta COVID-19ak erakutsi digun moduan, birusak mutatu egiten dira eta etengabe ateratzen dira bariante berriak, beraz, hazi enpresak ere etengabe ari dira hazi belaunaldi berriak sortzen". Arribasek zera gehitu du: "Baina hazi hibridoak sortzen dituzten enpresek nondik sortzen dituzte gaitzekiko erresistentzia horiek? Bada hibridoak ez diren barietateetatik!". Badal: "Hori da, erresistentzia horiek garatzeko hazi bankuetan gordetako hazietara jotzen dute". Gaitzekiko beldurra hazi hibridoak saltzeko amu ona bada ere, Badalek honela uxatu du beldurra: "Zure baratzea modu ekologikoan lantzen baduzu, gaixotasun horietako gehienak ez dira zuretzako arazo izango".

Maitane Gartziandiaren diseinua

Liburuaren azala, ilustrazioak eta diseinua Maitane Gartziandiak findu ditu.

Transgenikoak: bizitza patentatzeko arriskua

Transgenikoen gaiak beti piztu du eztabaida eta jakin-mina, eta liburuak lantzen du gaia. Esterako, irakurleak gozatuko du Guy Kastler-ek libururako berariaz idatzi duen artikuluarekin. Kastler erreferente da nazioartean; Europako Via Campesinako eta Frantziako Hazien Sareko kide historikoa da.

"Transgenikoak inposaketa bat dira sektorerako", Miguel Arribas 'Kelo'

Arribasek honela azaldu du zer den hazi transgeniko bat: "Bere informazio genetikoa zuzenean manipulatu den hazi bat da. Asko eztabaidatzen da ea osasunerako ona den ala ez... nik behintzat ez dut probatu nahi, eta berdin zait. Niretzat gakoa beste bat da: transgenikoak inposaketa bat dira sektorerako. Zeren eta arazoa zera da, zuk zure lursailean transgenikoak ekoizten badituzu, nire lursaileko artoa kutsatzen ari zarela. Orduan, nahi dudan artoa ereiteko dudan eskubidea kentzen ari zatzaizkit. Horregatik, transgenikoak debekatuta egon behar dira, zeren gure askatasunaren kontra doazen landaketak dira".

Transgenikoen teknologia garatzen duten enpresek promes egiten dute transgenikoei esker munduko gosea bukatzea lortuko dela. Arribasek "propaganda" dela dio: "25 urte daramatzagu transgenikoekin eta gosea ez da bukatu. Hau enpresen betiko tranpa da, berez behar ez dugun berrikuntza bat saltzeko. Denok dakigu gosearen arazoa banaketa arazoa dela, lotuta dago laborantza ereduarekin eta baliabideen banaketa txarrarekin".

Marc Badal: "Hazien lobbyak nazioartean eragin handia duen erakunde bat dauka, UPOV izena duena eta duen indarra izugarria da". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Badalek transgenikoen garapenaren errepasoa egin du, eta egun eztabaida zertan den kokatu du: "Begiratzen badugu zein ezaugarri zituzten hasieran zabaldu ziren aldaera transgenikoek, bereziki sojak eta artoak, argi ikusten da barietate horietan bilatzen ari ziren ezaugarriak hain justu zirela agroindustriari ongi etortzen zaizkionak: adibidez, herbizida (tartean, glifosato) gehiago saltzeko... gero bigarren belaunaldi bat atera zen, aspaldian, esaterako A bitamina zeukan Indiako arroz bat, gosea bukatzeko argudioarekin. Eta azken urteetan, borroka handiena dago azken belaunaldiko transgenikoekin. Hori dena dator teknika genetiko berri batzuetatik, bereziki crispr cas edo "edizio genetikoa" deritzon teknologiatik eta horrek dituen hainbat erabileren artean bat da hazien mundukoa". Kastlerrek liburuko artikuluan azaldu du COVID-19aren aurkako txerto gisa zabaldu zena ere teknologia horrekin egina zela. Badalek jarraitu du: "Bultzatzaileek diote hazi barietate berri horiek ez direla transgenikoak, zeren eta transgeniko klasikoetan beste espezie baten material genetiko zati bat txertatzen zen landareetan; aldiz,  edizio genetikoarekin landareetan txertatzen dutena espezie bereko material genetikoa da, baina tartean beti dago ingenieritza genetikoa, eta hor dago eztabaida".

Miguel Arribas "Kelo": "Beraien transgenia patentatu nahi badute, patentatu dezatela, niri bost axola, baina ezin da ondare komun bat patentatu". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Osasunean eta ingurumenean transgenikoek ekar dezaketen kalteari buruzko eztabaidaz harago, Kastlerrek liburuko bere artikuluan "bizitza pribatizatzeko" arriskuan jartzen du fokua. Badalek honela azaldu du nola pribatizatzen ari diren bizitza, patenteen bidez: "Hazi transgenikoen enpresa handi horiek erraten dute beraien berrikuntzarekin jarraitu ahal izateko teknologia patentatu behar dutela, hau da, patentatu egin behar dutela landare transgenikoak sortzeko erabili duten metodoa, eta bestalde, babestu egin behar dituztela sortzen dituzten barietate berri horiek. Eta estatuei eskatzen diete enpresa horien eskubideak babesteko araudiak onartu behar dituztela. Hazien lobbyak nazioartean eragin handia duen erakunde bat dauka, UPOV izena duena eta duen indarra izugarria da, adibidez, estatu batek nazioarteko itun komertzial handi horietan parte hartu nahi badu, lehenik erakunde horretan sartu behar du".

Kultur sorkuntzan eztabaida pizten du lizentzien gaiak baina egoera surrealistak sortzen dira enpresa batek patentatzen duena landare barietate bat denean, hau da, naturak bere kasa eta laborariek 10.000 urtez egin duten lanaren emaitza patentatzen denean. Liburuan muturreko hainbat kasu agertzen dira, eta honela azaldu du mekanismoa Arribasek: "Zuk barietate bat ez baldin badaukazu erregistratuta, edozein enpresak hartu ditzake zure baratzeko barietatetik haziak eta berak pribatizatu dezake barietate hori. Horregatik esaten diogu 'bizitza pribatizatzen' dutela. Eta aurrerantzean zuri dirua eskatu diezazuke, berak erregistratutako barietatea erabiltzeagatik. Horrelako hainbat kasu egon dira, batez ere Hego Ameriketan eta Asian, baina baita Espainiako Estatuan ere. Beraien transgenia patentatu nahi badute, patentatu dezatela, niri bost axola, baina ezin da ondare komun bat patentatu".

Beizamako Leunda Berri baserriko hazi biltegia. Euskal Herriko hazi ekologikoa saltzen duen Aleka proiektu kolektiboa bertan dago kokatuta. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA
Hazien alde lanean diharduten euskal herriko ekimenak
"Edozein proiektu txiki ezinbestean egin behar da desobedientziatik, zeren eta legeak ez du kontenplatu ere egiten horrelako proiektu txikiak egon ahal direnik", Miguel Arribas 'Kelo'

Hibridoek ez dutela hazitarako balio, batetik; transgenikoek horiek nahi ez dituzten hazigileen landaketak kutsatzen dituztela, bestetik; teknologia patenteek eta horietatik eratorritako barietate babestuek natura pribatizatu nahi dutela, hirugarrenik... gero eta oztopo gehiago ditu bere haziak landu nahi dituen baratzezainak. Eta azken traba bat seinalatu du Badalek: "Lehen baserrietan haziak egitea ohikoa zen –gehienetan emakumeek egindako lana izan da– eta tokiko merkatuetan trukatu edo saltzen zituzten. Hamarkada gutxitan pasatu gara hortik hazi-etxe transnazionalen mundu mailako monopoliora, eta orain haziak saldu nahi dituen edozein laborarik  legez horretarako baimena eskuratu behar du eta enpresa erraldoien baldintza berak betetzea eskatzen zaio, adibidez, urtero hazi kilo mordoa ekoiztea. Eta hori laborariei beraien eskubideak kentzeko beste manera bat da". Aleka proiektuaren lehen borroka baimen hori lortzea izan zen, eta Arribasek ondorio hau atera du: "Edozein proiektu txiki, baserritik eta agroekologiatik egiten dena ezinbestean egin behar da desobedientziatik, zeren eta legeak ez du kontenplatu ere egiten horrelako proiektu txikiak egon ahal direnik".

Haziak egiteko motibo bat "edertasuna" dela adierazi dute egileek. Baratzezainak ez du landarearen ziklo osoa ezagutzen, heltzen, garatzen eta ugaltzen ezagutu gabe. Ohikoan, barazkiak helduarora iritsi gabe ateratzen dira baratzetik, jateko. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Trabak traba, Euskal Herrian haziak egin eta zabaltzen dituzten hainbat ekimen kolektibo daude martxan eta horien berri bildu du liburuak. Atal hori kolektiboan dago idatzia eta bertan aurkituko ditugu, batetik, hazien sareak: Nafarroako Hazi Sarea (Ester Montero eta Tania Gómezek idatzi dute beren ekimenen berri ematen duen artikulua) eta EAEn aritzen den Euskal Herriko Hazien Sarearen ekimenak. Bestetik, haziaren inguruan lan egiten duten sektore agroekologikoko erakundeak azaltzen ditu liburuak: Biharko Lurraren Elkartea (Ipar Euskal Herrian aritzen dena, Niko Mendiburuk idatzia da honi buruzko artikulua), Bionekazaritza (Araban) eta Biolur (Gipuzkoan aritzen dena, Leire Ibarretxek idatzia). Hirugarrenik, Euskal Herriko hazi ekoizleak ere ezagutuko ditugu liburu honen bidez: Aleka, Hazialdeko (Nafarroako zereal eta lekale ekoizleen elkartea da eta Lorea Lizarretak idatzi du egiten dituzten ekimenen berri) eta Arto Gorria elkartea (Ipar Euskal Herrian kokatua).

Azkenik, hazien gaiaz dibulgazio lana egiten duten proiektuak ere azaltzen ditu liburuak: adibidez, Cristina Enea fundazioko Haziera hazien artxiboa, Hazien liburutegiak (Nafarroako 20 liburutegi publikotik gora biltzen dituen proiektua) eta Eskolen arteko hazi sarea (Gipuzkoako 15 ikastetxek parte hartzen dutena). Haientzat denentzat baliagarri izan dadila liburu hau, eta balio dezala herritarrek hazien garrantziaz kontzientzia hartzeko eta hazigile txiki bihurtzeko, tokian tokian eta komunitatean.

ARGIAzaleentzat, irailak 30 arte eskaintza berezia

Irailaren 30a baino lehen ARGIAkoa eginez gero, liburua opari jasoko duzu. Webgune honetan duzu erraz egiteko aukera:
www.argia.eus/eginargiakoa

Dagoeneko ARGIAko kidea bazara, irailaren 30a baino lehen 24 euroan erosi dezakezu liburua. Horretarako, idatzi azoka@argia.eus helbidera edo deitu 0034 943 37 15 45 zenbakira.

Gainerakoentzat, 26 euroan dago liburua salgai azoka.argia.eus webgunean.

 

Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an
2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen... (+)
'Haziak' liburua irailaren 20an aurkeztuko da, Azpeitiko Elikagunean
2024-09-16 | Estitxu Eizagirre
Liburuaren lehen aurkezpena irailaren 20an izango da, ostiralarekin, 18:30ean Azpeitiko Elikagunean. Bertan izango dira Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal egileak, Markel Lizasoain itzultzailea, Maitane... (+)
Zizurkil eta Usurbil arteko zentral eolikoaren proiektua hegazkinek eraitsiko ote dute?
2024-09-09 | Estitxu Eizagirre
Green Capital izeneko enpresak Zizurkil eta Usurbil udalerrietako lurretan ezarri nahi duen Ezkeltzu izeneko zentral eolikoak badu neurriko oztopo bat: Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia (AESA).... (+)
Trekutz eguna egingo dute irailaren 7an Antzuolan
2024-09-05 | Estitxu Eizagirre
Meaka-Irimo herri plataformak antolatu du egun hau, Capital Energy multinazionalaren Trekutz proiektuaren aurka mobilizatzeko. Ekitaldiaren ondoren toka txapelketa, herri bazkaria, bertso saioa eta erromeria gozatuko... (+)
Solariak Araban egin nahi dituen eguzki-zentralak 25 dira, ez hiru
2024-08-29 | Estitxu Eizagirre
Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, Solaria Eguzki Sorkuntza SLU-k Araban eguzki-zentralak jartzeko egin dituen eskaerak 25 dira, hamabi herriri eragiten diotenak. Horietatik 24 dira 49,89 MW-ko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora