Luzea banintzen, motza banintzen, maiatzean burutu nintzen (garia).

Mitxoleta bixi-bixiak

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2016ko ekainaren 15a
Mitxoleta (Papaver rhoeas). (Arg.: ALONSOLEJ-CC BY SA)
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Senide du lo-belarra (Papaver somniferum), baina haren aldean, bixia da mitxoleta (Papaver rhoeas). Mitxoleta ezaguna da oso; “urdemutur” eta “urdamutur” ere deitzen omen zaio. Udaberria joan udaberria etorri, urtero lotsagorritzen ditu lur sailak. Neure lotsaren gorria ere berpizten du, Claude Monet margolariaz urtean behin besterik ez naizela gogoratzen berrituz.  

Feniziarrek, grekoek eta erromatarrek Mediterraneoan barrena laboreak ekarri zituztenean, hazi haien tartean zetozen soroetako beste landareen haziak ere, nahasian; batez ere, mitxoletarena bezala ia ikusezinak zirenak. Eta landutako sail berrietan bapo. Laboreen aldean, azkar loratu eta hazia ematen du. Haien buruak heldu eta biltzeko moduan daudenerako, mitxoletak haziak sakabanatu ditu, eta ez gutxi: landare bakoitzak 50.000 eta 60.000 arteko hazi pila ematen du. Landare ugaria eta ziklo laburrekoa izateak mutatzeko eta egokitzeko gaitasuna dakarkio. Adibidez, gaur egun soroetan erabiltzen diren herbizida gero eta hilgarriagoen eragina saihesteko eta aurre egiteko ahalmena.

Mitxoleta landare indartsua da, aitzindaria. Beste landareek baino lehenago bereganatzen ditu lurrak. Lurrak ez, alorrak esan beharko nuke. Lur landuak atsegin ditu, mugituak. Zalaparta eta iskanbila non, han etorriko da, agudo asko! Hondeaitzurra edo goldea edo pikatxoia non dantzatu den, han, lur harrotuan etorriko da, bixi-bixi. Lur hori bakean utzi eta landare segida naturala hasten denean galduko ditu bere kemen guztiak; beste landareen aurrean belarriak bildu, eta beste norabait alde egingo du.  

Hiru toki izaten ditu ondo bereak mitxoletak: labore soroak, eraikuntzen hondakinak edo erorkinak eta bide bazterrak. Beti gure atzetik hedatu izan da. Bideak ireki, lurrak irauli, eraikuntzak altxa, hondakinak baztertu... Han dago zain. Geu gara mitxoletaren pagotxa. Baita hautsikin zatarrenak eragiten ditugunean ere. Mitxoletak lur sailak gorritzen dituenean noizbait han isuritako odola berritu eta azaleratzen duela esango nuke. Gu garenean beti izango baita odolezko aztarna txarren bat, bizi izan ginenaren arrasto. Guda zelaietan, batez ere guda modernoetako zelaietan, beti ugaritzen da mitxoleta, bonbek harrotutako lurretan.

Intsusaren xirmi-xarmak
2026-05-25 | Jakoba Errekondo
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte... (+)
Sagardogintzaren zurajea
2026-05-18 | Jakoba Errekondo
Zurajea etxea da. Edozein tresna edo eraikuntzaren egitura da etxea. Gurdiak gurtetxea du, orgak orga-etxea eta xarretak xarreta-etxea; areak arretxea; goldeak golde-etxea; dolarearen egitura dolare-etxea... (+)
Hartz baratxuria eta larre lirioa
2026-05-11 | Jakoba Errekondo
Porru ederra dugu, era guztietako jendea bada. Mendira edo errio ondora joan eta ikusten duen landare guztia on, jangarri, bizi-lorea dela uste duena, eta, ahuntzak... (+)
Zuria, kolore eta olore
2026-05-04 | Jakoba Errekondo
Hor darraio genozidio batek. Ez da bakarra. Ez lehena, ezta azkena ere. Izugarria bai, zer garen eta zer izan gaitezkeen ederki asko erakusten diguna. Palestina. (+)
Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
gora