Astelehenero 8:00etan zure epostan
Beste behin ere "merkantzien garraioa eta Nafarroako garapen ekonomikoa bultzatzeko" Abiadura Handiko Trena Nafarroan ezartzeko beharra justifikatzen dutenen faltsutasuna agerian geratu da. Bi berrik egiaztatu dute hori. Uztailaren 21eko NAOn Etxabakoizko UGPSaren moldaketarako aldeko Ingurumen Adierazpena argitaratu zen. Eta egun horretan berean, Noaingo Terminal Intermodal berria inauguratu zuten.
Errailen kirrika urrutitik aditzen da. Alde batetik, aurrerapauso bat eman da Iruñeko Abiadura Handiko Trenaren Geltokia garatzeko plan sektorialaren izapidetzean, onura pribatua helburu bakartzat duten 11.000 etxebizitzaren eraikuntza eskutik dakarrena, non eta behin eta berriz uholde-arriskutzat jotako zonalde batean. Beste aldetik, Nafarroako eta Espainiako gobernuetako, Adifeko eta Bartzelonako Portuko ordezkariek tren-korridore berria inauguratu zuten, Nafarroako enpresak portu katalanarekin lotzen dituena. Hau da, Nafarroako enpresak ez daude AHTaren zain, ezta beharrik ere, haien "lehiakortasuna eta internazionalizazio planak" garatu ahal izateko, Maria Chivitek inaugurazio egunean esan bezala. AHTak salgaiak garraiatzeko balio ez duelako beste erakusgarri bat.
Izan ere, hauxe izan da urte luzez Nafarroan AHTaren eraikuntzak ekarri duen eta ekartzen jarraituko duen alferrikako xahuketa justifikatzeko erabili izan duten argumentu erantzunezina. 2012. urtean Yolanda Barcinak esan zuen AHTa "negozioarendako aukera" zela eta "bidaiariendako trena besterik ez balitz, ez lukeela zentzurik", baina "Bartzelonako Portutik merkantziak ekarriko" zituela. Bide beretik, Nafarroako Enpresarien Konfederazioko buruak, José Antonio Sarríak, 2017an adierazi zuen "bidaiariendako eta salgaiendako AHTa ezinbestekoa" zela Nafarroarentzat. Urte honetan berean ere jarraitu izan du AHTaren aldeko Plataformak obra horiek justifikatzen esportazio gehiago eta portuekiko konektagarritasun handiagoa ahalbidetuko dituelako. Bada, AHTa Nafarroa mundu mailan ekonomikoki lehiakorra egiteko beharrezko azpiegitura dela dioen argumentua baliorik gabe geratu da argiki.
Noaingo Intermodalaren inaugurazioak agerian uzten du Nafarroan AHTaren eraikuntza ez dela beharrezkoa. Hala ere, obra kolosal horren eraikuntza lanek eta izapidetze prozesuek aurrera darraite
Noaingo Terminal Intermodalaren inaugurazioak astean bost lotura izanen ditu Bartzelonako Portuarekin eta handik nazioarteko 200 portu baino gehiagotara lotuko du Nafarroa. Horrek guztiak bagenekiena berretsi digu: Nafarroako egungo trenbide-azpiegitura gutxiegi erabiltzen zela. Horixe bera ohartarazi genuen Sustrai Erakuntza Fundazioak 2019an argitaratutako Abiadura Handiko Trenbidea eta salgaien garraioa txostenean. Dokumentu honetan frogatzen zenez, ohiko bideak salgaien garraioaren bolumena hirukoizteko gaitasuna zuen, eta, ondorioz, alferrikakoa zen AHTa bezalako azpiegitura berri bat eraikitzea.
Herritarrok hasieratik engainatu gaituzte. Hasiera-hasieratik AHT bidezko merkantzien garraioa teknikoki eta ekonomikoki ezinezkoa zen. Salgaien garraioak, batez ere salgai astunenak, hau da, gehien garraiatzen direnak, izugarrizko higadura eragiten du trenbide eta errailetan. Eta horrek arrisku handia eta mantentze-kostu neurrigabeak sortzen ditu, zeinak prezio altuak baitakartza eta merkataritza-jarduera uxatzen baitu. Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioak berak ere adierazi zuen, 2009ko "Garraio Sektoreko Memorandumean", Abiadura Handiko lineak ez zirela fidagarriak, ezta salgaiak garraiatzeko egokiak ere. Orain, Nafarroako enpresa munduak Bartzelonarekiko loturaren iragarpenarekin egin duen urratsarekin, AHTaren erreien kirrinka argiago entzuten da eta horrek guztiak gure hipotesia berretsi du.
Noaingo Intermodalaren inaugurazioak agerian uzten du Nafarroan AHTaren eraikuntza ez dela beharrezkoa. Hala ere, obra kolosal horren eraikuntza lanek eta izapidetze prozesuek aurrera darraite. Eta salgaien inguruan esaten duguna, pertsonen garraioen inguruan ere esaten dugu: egungo azpiegitura hobetuta eta zerbitzuz eta geltokiz osoki hornituta mugikortasunaren behar sozialei, herrietako bizi-balditzen hobekuntzei eta garraio pribatuaren murrizketari hoberen erantzuten dien alternatiba da. AHTak, baliabide ekonomiko publikoen kontsumo erraldoiarekin, ohiko trenaren narriadura, zorpetze itzela eta zentzurik gabeko ekintzetarako baliabide publikoen bideraketa ekarriko ditu. Zentzugabekeria horren aurrean, ekainean 260 talde eta antolakunde politiko, sozial, sindikal eta kulturalekin batera egin bezala, honakoa eskatzen dugu: diru publikoetan zulo beltza den obra megalomano hau gelditzea, jadanik eraikita dagoena desegitea, afektatutako espazio naturalak eta nekazal lurrak lehengoratzea eta izaera publiko, soziala eta sostengarria duen egungo tren-azpiegitura hobetzea.
Nerea Martiarena Vallero eta Jule Goñi Montero, Sustrai Erakuntza fundazioa
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545